argia.eus
INPRIMATU
Naturaltasunez egindako rocka, basakeria
  • Grooo!!!

    Porco Bravo.

    Autoekoizpena.

    Iraupena: 30’59’.

    10 euro.
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko apirilaren 24a
Galiziako pedigri nabarmena daukan Porco Bravo rock talde barakaldarrak harrotasunez jarraitzen du eta estreinako diskoaren aurkezpena ospakizun handia izan zen Ezkerraldeko hirian. Basurdearen ibilbidea New Yorkeko eta Eskandinaviako ezkurrak jatetik abiatzen da. Izan ere, iraganean Turbonegroren ukitu nabarmena zuten, gitarra distiratsu eta guzti. Gerora, baina, Vallecaseko Motociclón eta antzeko taldeekin harreman estua egin eta rock urbanoa landu dute, makarra, heavyaren aurreko zipriztinak ere badituena. Aipatutakoez gain, La Traperako Morfi, Señor No eta Motörhead ere errebindikatzen dituzte. Gaztelaniaz abestutako hitzak –oraindik ez dira galizieraz abesten hasi– egiazkoak dira, kalekoak, errepidekoak, min ere egiten dutenak. Eta adi zuzenekoei, basakeria hutsa dira-eta!
"Rockarekin gizakiak barruan daraman piztia askatzen du"

Estocolmo, Vallecas eta Barakaldo. Musika kontuan hartuta hiru zonalde horiek garrantzia al dute taldearentzat?

Gure burua oso barakaldartzat dugu eta sentimentalki Vallecasetik oso hurbil gaude, Madrilgo Barakaldo baita. Atzerriko talde asko entzun ditugu, tartean Eskandinaviakoak, baita 1970eko hamarkadako Detroitekoak eta New Yorkekoak ere.

Rocka piztia instintua al da?

Rockarekin gizakiak barruan daraman piztia askatzen du. Rocka guretzat bizitzako alderdi basatiena da, askatzeko bidea; eta hala zabaltzen dugu kontzertuetan, aurrean mila ikusle edo hiru izan.

Asko bereizten al zaitu Barakaldokoa izateak?

Industriak gainbehera egin zuen hiri batean hazi gara, merkatalgune erraldoiekin mozorrotu dutena, baina onera egin ez duena. Taldekide guztiok Ezkerraldeko punk-rocka txikitatik entzun dugu eta heavya ere zertxobait bai. Bakalao estiloko musika asko dagoen topikoa egon badago ere, hiri rockeroa izan da beti.

Hitzak errepidekoak, auzokoak, taberna-zulokoak dira. Zuen bizipenak al dira?

Kantetako hitzek asko dute gure bizitzetatik. Zertaz hitz egingo genuke bestela? Txerri-taldeaz eta inguruko lagunez.
Jainkoa hil dut. Hitz filosofiko eta existentzialistak rock-and-rollean? Ez zen, bada, rocka txantxa eta gehiegikeria?
Rocka serio hartzen dugu, ez dugu txantxarik egin nahi, baina gure alderdi ganberroena azaleratzen da. Gure hitzak ez dira barre egitekoak, erreferentzia zuzena egiten diote gainean daramagun motxilari.

Hastapenetako Miguel Rios eta Burning errebindikatu beharko genituzke?

Miguel eta Burning bai, baina horien aurretik baita Bruno Lomas ere, Espainiako Estatuan izan den rock-and-rollaren aitzindaria, La Banda Trapera del Río-ko eta Lone Star-eko kidea, besteak beste.

Nolakoa izan da Carlos Creator-ekin grabatzea?

Carlosekin grabatzea eromena da baina, ez dakigu nola, gure onena ateratzen du. Izugarrizko pertsona eta profesionala da.