argia.eus
INPRIMATU
Zuzeneko ereintza soro industrialetan ere modan
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2013ko maiatzaren 07a

Alor handietan garia, artoa edo soja egiten dituzten nekazariak gero eta gehiago ari dira zuzeneko ereintzan, frantsesez semis direct eta gaztelaniaz siembra directa esaten dioten teknikan. Horretarako, labore bat biltzean berehala ereiten da haren osagarria den beste bat. Esate baterako, argazkian ikusten den moduan: traktorearen gurpil ondoan ageri dira hilabete batzuk lehenago bildutako gariaren lastoak eta tartean berde koltza landareak; koltzak lurraren azala estalita atxiki du hilabeteotan eta makinak orain moztu edo zanpatu egingo du tartean berriro garia ereiteko.

Teknika hau erabiltzen dute lurjabe handiek ohartu direlako hainbeste pesitizidarekin oinpeko fauna eta flora guztia birrindu ondoren gainera lurra goldatuz gero higadurak urte gutxitan pobretu dituela lurrok. Aldiz, goldatu gabe zuzenean ereinez etekin ekonomiko oso garbia ateratzen dute: lurzoruaren orekari hobeto eusten diote, herbizida gutxiago jaurti behar dute (belar txarrak nekezago sortzen dira estaliaren azpitik) eta koltzak edo beste lekariak ongarriak direnez abonotan ere aurrezten dute, gehi horiek ez zabaltzeagatik erregaitan aurreratzen dutena.

Landarezko geruza gaineko zuzeneko ereintza (Semis Direct sur Couverture Vegetale) bultzatzen dute herrialde txiroekiko elkarlaguntza programa batzuek ere, bidenabar Frantziakoek. Elikadura arazoak dituzten herrialde gehienek higadura arazo handiak dituzte, lehorte handien ostean ekaitz galantak nozituz. Goldatu ez eta beti landare berdez edo orbel iharrez estalita dauden lurrek hobeto eusten diote urari, erregadio behar askoz txikiagoa dute eta nekazariei errentagarritasun handiagoa eskaintzen diete, lan neketsua kentzeaz gain. “Nekazari, nekez ari”? Ez derrigorrez.