Hausnarketarako korazatua

  • Komite Internazionalistek Potemkin zine zikloa antolatu dute Bilbon, eta hala, zinemagintza ezkertiarra eta kritikoa ikusteko parada eskaintzen da hileko azken igandeetan, lehen Gatazka Gunea zen aretoan. Autore zinea nagusi, eskainiko dituzten filmek kritika sortzeko eta hausnarketarako balio dutela diote.

Sergei Ensesteinek 1925ean zuzendu zuen Potemkin korazatua eta izen hori baliatu dute Komite Internazionalistetako kideek Bilbon martxan jarri duten zine zikloari izena jartzeko.
Sergei Ensesteinek 1925ean zuzendu zuen Potemkin korazatua eta izen hori baliatu dute Komite Internazionalistetako kideek Bilbon martxan jarri duten zine zikloari izena jartzeko.

Sergei Eisensteinek 1925 urtean egindako filmeko itsasontziaren izena jarri diote zine ziklo berriari, Potemkin, harekin batera sortu baitzen propagandarako tresna gisa balio zezakeen zinemagintza. Hark erakutsi zuen boterearentzat ez ezik, herriarentzat ere erabilgarria zela zinema, iraultzarako tresna izan zitekeela. Gontzal Martínez de la Hidalga Komite Internazionalistetako kideak eta Potemkin zine zikloaren arduradunak azaldu dizkigu ekimen honen nondik norakoak. “Ez dugu nahi izan Gatazka gunea zena bere horretan uztea: lokal hau mitikoa da Bilboko Zazpikaleetan, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu. Ez dugu nahi hainbeste urtean esanahi berezia izan duen aretoa ohiko denda bilakatzea”.

Egoitza berriaren kontua alde batera utzita, zineaz hitz egiten hasi gara. “Aspalditik genuen zinema kritikarako tresna gisa erabiltzeko asmoa. Botereak betidanik erabili izan du bere diskurtsoa zabaltzeko eta manipulazio tresna gisa, baina beste aldetik ere, botere horri aurre egiteko zinemagintza egin duten mugimenduak izan dira historian. Diskurtso menderatzaileari aurre egiteko ere erabili izan da”. Martínez de la Hidalgak egun aurki daitezkeen zinemagintza mota desberdinen adibideak eman ditu, “Hego Amerikako Zinemagintza berria edota Kubako Zine eskola... Hausnarketarako eta kritikarako tresna gisa ulertzen dute zinema; are gehiago, gaur egun kontsumitzen ditugun filmak, ohiko aretoetan pantailaratzen direnak, entretenitzeko eta manipulatzeko helburuaz egiten direla kontuan edukita. Zinema komertzialean ere baloreak zabaltzen baitira. Batzuetan mezuak argiak dira, baina beste batzuetan ez, ezkutuan daude”.

Zine alterbatiboa, ezkertiarra, kritikoa eskainiko dute beraz. Filma ikusi, gero zine foruma egin eta kafea edota tea eta gailetak hartzeko aukera, gustura eta modu erlaxatuan. “Eztabaidarako leku atsegina izatea nahi dugu” azaldu du Martínez de la Hidalgak. Programazioa urtarrilean hasi zen, Costa-Gravras­ek 1969an Greziako diktaduraren inguruan egindako Z filmarekin. “Egun Greziak bizi duen egoera eta kapitalismoaren kontrako borroka ulertzeko erabat baliagarria da. Hala ere, beti saiatzen gara eskainitako filmak balio artistikoa izan dezan, bai baitago intentzio oneko zinemagintza ere, baina balio artistiko txikia duena. Eta guretzat garrantzitsua da hori ere edukitzea, halako filmak ikusteko aukera gutxi dituelako jendeak”. Aurreko hilabetean Aljerreko bataila filma eskaini zuten. Frantziako kolonialismoaren aurka abiatu zen Argeliaren askapen borroka azaltzen du Gillo Portecorvoren lan horrek. “Hori ere egun arabiar herriek daramaten borroka ulertzeko baliagarria da, Europako potentziak eta AEBak, orduan legez, inperialismoaren tresna berdinak erabiltzen ari baitira”. Martxoaren 8ko aldarrikapen egunarekin lotuta berriz, Margeritha von Trota zinemagile feministaren Ahizpa alemaniarrak filma ikusi ahal izan zen Potemkin zine zikloaren baitan. “Orain arte, Potemkinen pantailaratutakoak sariak irabazi dituzten filmak izan dira, kalitatezkoak eta errekonozimendua jaso dutenak. Publikoaren aldetik ere harrera ona izan dugu, 50 bat lagun batez beste etorri dira, adin guztietakoak. Hala ere, espero dugu kopuru hori denborarekin haztea” azaldu du Potemkineko arduradunak.

“Zinemagintzaren hizkuntza oso baliagarria da formakuntzarako, eta erraz ulertzen den hizkuntza dugu, esfortzu txikia egin behar da, eta horrek erakargarriagoa egiten du, emozioak sortzeko duen gaitasunagatik. Ohituta gaude ikus-entzunezko hizkuntzetara, eta badirudi eskatzen dugun zerbait dela. Gainera egun teknikoki erraza eta merkea da”. Hurrengo hilabeteetan kalitatezko film gehiago ikusteko parada izango dugu, beti ere jatorrizko bertsioan. “Saiatu izan gara azpitituluak euskaraz izan daitezen baina bereziki zaila da film hauen kasuan. Hala ere, batzuetan euskarazko azpitituluak lortu ditugu eta saiatzen gara euskara izan dadin hizkuntza nagusia, bai filmetan bai zine forumean”.

Apirilaren azken igandean, Rosselliniren 1945eko Erroma, hiri irekia eskainiko dute, hilaren 25ean Italian egiten den faxismoaren aurkako egunaren harira. Komite Internazionalistetako kideak esplikatu duenez, beraien asmoen artean dago pelikulen bitartez memoria historikoa lantzea ere. Hartara, maiatzaren lehenarekin lotuta Warren Beattyren Reds filma emango dute. “Memoria historikoa ez bakarrik gogoratzeko, eguneratzeko baizik, historian gertatu diren gertaerek gaur egun garena ulertzeko balio dezaketelako, egun egiten dugunak etorkizuna baldintzatuko duen moduan”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude