Gizah (Egipto) K.a. 2500. IV. dinastiako faraoiak piramideak eraiki zituzten, hil ondorengo bizitzara luxu guztiekin joateko. Luzaroan piramideak esklaboek eraiki zituztela uste izan arren, orain badakigu langile erabat askeak zirela, eta ondo elikatuta eta antolatuta zeudela.
40 eta 60 langile arteko taldeetan antolatuta zeuden, talde bakoitza langileburu batek zuzentzen zuen, eta lanak ikuskatzeko idazlari bana ere bazuten. Idazlariek, lanak gainbegiratzeaz gain, administratzaile lana ere egiten zuten; “kontabilitate papiroak” bete eta eguneratzen zituzten. Langileen lan erritmoa, erabilitako materiala... idazten zituzten papiro horietan. Lan absentismoa ere jasotzen zuten dokumentu horietan, eta lanera ez joateko arrazoia onartuz gero, idazlariak papiroan idazten zuen. Hala, absentismorako arrazoi “justifikatuen” zerrenda oparoa bildu dute arkeologoek –pena, arrazoi ez justifikatuen zerrendarik guregana ez iritsi izana–; gutxi batzuk aukeratu ditugu:
– Senitarteko bat baltsamatzea.
– Eskorpioi batek hozka egitea.
– Ospakizun baterako garagardoa prestatzea.
– Mozkortuta egotea.
– Senar-emazteen arteko eztabaida batean, emaztearen jipoia jasotzea.
Harrigarria bada ere, jaiegunez jositako lan egutegia zuten. Faraoia koroatzean edo hiltzean atseden egunak izaten zituzten, eta egun seinalatu horien urteurrenak ere jaiegun ofizialak ziren. Bestelako jai erlijiosoak ere bazituzten, Nilo ibaiaren uraldiak atseden hartuta ospatzen zituzten, eta hori gutxi balitz, epagomenoak zituzten: 365 eguneko eguzki urtea osatzeko, egiptoarrek 360 eguneko zikloari bost jaiegun eransten zizkioten.
Gainera, errotazio sistema erabiltzen zuten: fisikoki gogorrenak ziren lanetan hiru hilabetez aritzen ziren soilik, eta gero beste lan arinago bat hartzen zuten. Sail honetan bertan azaldu genuenez (Argia, 2.185. zbkia.), piramideetako langileak izan ziren greba egiten lehenak (eta faraoiak langileen eskakizunei erantzun zien). Lan horren eragozpenik handiena segurtasun gabezia zen; lan istripuak oso ohikoak ziren, eta heriotza-tasa altua.
Baina, ziurrenik, esklabotzat genituen horiek ez ziguten inbidia handirik izango XXI. mendeko langile libreoi.