argia.eus
INPRIMATU
Konposatzen

Gorka Urbizu 2012ko apirilaren 17a

Hartu duzu gitarra. Ilunpetan haztamuka ere badakizu sei soka besterik ez dituela. Ahor zure koadrilateroa, borroka hastear da. Jo duzu betiko akorde segida. “Betikoegia” iruditu zaizu, beste behin. Kanpoan eguzki ideala irten da, pertsiana irekiz gero suma dezakezu. Umeen kalaka leihotik. Eskolatik atera berri dira, plazan jarraitzen du ikasketak, hau ez da behin ere gelditzen. Baloia eta sokasaltoa. Hizkuntza bat eta hizkuntza bi. Unibertsala da zure herria. Edozein.

Erabateko sosegutik bi maila beherago zaude, ezinegon dosi aproposa zerbait (taxuzkoa) idazteko. Raka-raka. Gitarra nagi xamar, behartu egin behar. Ingelesorde hizkuntzan melodia saiakera bat. Broken English, euskara hautsia. Protokanta. Little dreams dirudien zerbait leloan. Little dreams, euskaraz Nirekin izan liteke. Antzeko soinua dutela iruditzen zaizu, silaben ahairea-eta. Apuntatu nonbait. Zure sakelakoan hori ere egin daiteke. Bidenabar, txekeatu korreoa, 52 minutu igaro dira jada. Spam, spam, spam. Elkarrizketa, 8ak aldera deituko dizute. Kontzertua nahi dugu herriko festetan, ez dugu udalaren diru-laguntzarik. Zure ziztada behar dugu. Aspaldi zutaz ezer jakin gabe. Laster gmail ordaindu egin beharko da. Bidehuts-en disko berria. Ticketmaster. Ostiralean 5etan soinu-froga.

Koadrilaterora bueltan. Zejilla hartu duzu, zenbaitetan tonoa apur bat aldatzeak ikuspegi erabat diferentea eman diezazuke, gertatu izan zaizu. Metafora politiko erraza etorri zaizu burura, baina laster baztertu duzu. Little dreams, nirekin. Deus guti. MacBook-a ireki eta Big Bang Theory-ren kapitulu berria kargatzen jarri duzu. Megauploadek badu ordezkorik. 20 minutu baino ez dira, barreak on egingo dizu. Bitartean, Twitter, Gantzarainen zutabea, El Roto... eta zergatik ez, onanismoaren buffet asketik zerbait, pintxo azkar bat: For Whom The Bell Tolls? Linares, Russel... Komunera gero. Ramon Agirreren elkarrizketa leitzen ilustratzen zera. Arrazoi dauka, urria da euskal fikzioa. Tira, kafe bat, di-da, eta lanera berriz. Hor nonbait behar du kantuak, hor nonbait... baina non?

Biharko uztea erabaki duzu. Laster itxiko dizute okindegia eta nahikoa tristea da bakarrik afaltzea, ogia deskonjelatzen hasteko. Zerbait entzun nahi duzu, ordea, kalera irten aurretik. Play. The Jayhawks. Zure betiko akorde segida da. Pentsatu eta esaten ez diren gauzak. So Blue irten zara etxetik.