Zer dauka Hesianek Hitzetik?
Musikaz aparte, guzti-guztia. Barrenetik idazten dugu eta hitzei berebiziko garrantzia ematen diegu. Hitzaren garrantzia aldarrikatu nahi dugu, azken aldian krisian dago-eta.
“Iragan hotza, garai arrotza” / “Etorkizuna, gailur urruna”. Nolakoa da oraina?
Askoz baikorragoa da. Baina, ez dugu galdu kutsu malenkoniatsua, bestela ez ginateke gu izango!
Oso disko positiboa da…
Bai, baikortasuna argi islatzen da. Garaiak aldatu egin dira, egoera sozio-politikoa, norberaren esperientzia pertsonalak… Lan honetan kanta pertsonalek edo sentimenduak adierazten dituztenek pisu handia daukate.
“Argia”, “Irribarrea”, “Iragana” eta “Urruntasuna” askotan agertzen dira hitzetan...
Iragana zein garai hartan bizitakoak barnean ditugu eta baliagarriak dira gaur egun garena izateko, hortik ikasteko. Ikasi, eta etorkizunari heltzeko gogo handiak ditugu. Ez ditugu inoiz itxaropena eta barneko gogo eta nahiak galduko!
Zer daukagu ikasteko Boiseko euskaldunengandik?
Munduko edozein bazterretan gaudela, euskara dela euskaldun egiten gaituena eta euskararen eta gure herriaren etorkizuna euskaldunon eskuetan dagoela. Izugarria da Boiseko jendearen konpromisoa, ikastola aurrera eramateko ahalegina.
Sua eta bihotzari esker gai gara luzaroan borrokatzeko?
Noski. Abestiak argi islatzen du taldearen ibilbidea eta izaera, eta oztopo guztien gainetik aurrera egin dugu, beti kementsu, borrokatuz eta lan handia eginez. Zortzi bihotz potente ditugu, eta sugar horiek ez dira erraz itzaliko.
“Bukaera ez da existitzen, agurrak milaka daude”; “Lurrera jausi eta behin eta berriro altxatu”. Disko honek asko dauka aurrera egitetik, ezta?
Bai. Asko dira bide luze honetan jasan ditugun eta jasango ditugun trabak eta kolpeak, baina, hala ere, beti aurrera etorkizunari begira eta irribarrearekin.