Gezurra da kutxa publikoetan dirurik ez dagoela. Ez dago dirurik osasungintza, hezkuntza eta eskubide sozialak mantentzeko. Azken hamarkadetako langile borrokaren bidez lortutako ongizate estatua mantentzeko dirurik ez dago. Baina, aldiz, bankuak eta finantza erakundeak salbatzeko eta “merkatuen” gosea asetzeko dirua badago. Badago dirua armagintzan gastatzeko, “merkatuetako” eragile ezagun ugari armagintzaren produkzioan ari baita, hala nola banku handiak eta enpresak, tartean euskaldunak. Hain zuzen, joan den astean honakoa jakin genuen: “Espainiak NATOren hegazkin espioien sisteman parte hartuko du. Defentsaren kostua 126 milioi eurokoa izango da 2012 eta 2037 urteen artean”. NATOk piloturik gabeko hegazkinen bidez 2015ean martxan jarri nahi duen zainketa sistema berria da, eta berton 13 herrialdek hartuko dute parte. Guztira 1.600 milioi euro izango dira, hortik kalkulatzen dute Espainiako Defentsa Ministerioak 126 milioi euro jarri beharko dituela.
Ez al dago dirurik zerbitzu sozialentzat? Bai, badago. Gertatzen dena da, Espainiako Defentsa Ministerioak beste 26.000 milioi euro ordaindu behar dituela armen truke, Defentsak berak 2011n aitortu zuenez “erabiltzen ez direnak eta existitzen ez diren borrokaldietarako ere balio ez dutenak”. Nabarmendu behar da, kopuru horretatik 23.000 milioi euro Aznarren legegintzaldiari dagozkiola eta 3.000 milioi euro Zapaterorenari. Badirudi Rajoyren Gobernuak Aznarren lorratzari segitzen diola… Arma gehiago, eskubide sozial gutxiago!
Gauzak horrela, logikoa da euskal herritarren zati batek independentzia ekonomiko eta politikoaren beharra mahairatzea –Aberri Egunean ikusi moduan–. Espainiak eta Frantziak NATOren esklabo eta bere “defentsa” sistema milioidunen esklabo egiten gaituzte.