argia.eus
INPRIMATU
Gernika- Alemania: adiskidetzearen kronika
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2013ko maiatzaren 07a

1997ko apirilaren 27an, Gernikako Merkatuko plazan, Alemaniako presidente Roman Herzogek, Henning Wegener Madrilgo enbaxadorearen bidez, Gernika suntsitzearen errua alemaniarrek zutela onartu, eta barkamena eskatu zuen. 60 urte eta egun bat lehenago bonbardatu zuten Bizkaiko hiria.

40 urtez Gernika suntsitzeari buruzko eztabaida eta ikerketa itzali zuen frankismoak. Haien bertsioaren arabera, Gernika euskal nazionalistek eta gorriek erretiran suntsitu zuten. Baina diktadorea hil zenean, bonbardaketari buruzko ikerlanak argitaratzen hasi ziren. Esaterako, Klaus A. Maier Alemaniako aireko indarretako komandanteak, hainbat dokumentu aztertu eta Gernika “alemaniar proiektua” izan zela egiaztatu zuen.

Halaber, Franco hil ondoren, gernikarrek gertatutakoa libreki oroitzeko aukera izan zuten. Eta gorrotoa eta mendekua baztertuta, gehienek zauriak sendatzearen eta alemaniarrengana hurbiltzearen alde egin zuten, adiskidetze keinu baten bila.

Alemaniarrentzat, ordea, ez zen gai samurra. Iragan nazionalsozialista gainditzeko modurik egokiena ahaztea zen batzuentzat, oroitzea beste batzuentzat. Baina gehienentzat Gernika pasarte hutsala baino ez zen hainbeste krimenen artean.

Michael Kasperrek (1960-2005) Gernika und Deutschland. Geschichteeiner Versöhnung (1998) lanean azaldu zuenez, adiskidetze prozesua 1979an abiatu zuen Gernika Batzordeak. Jesus Arana ordezkariak Alemania goitik behera ibili zuen keinu baten bila. Baina proiektu zehatzik lortu ez eta batzordea 1987an desegin zen.

Hurrengo saiakera Alemaniatik iritsi zen. Berdeak (Die Grünen) alderdiko Petra Kellyk eta GertBastianek bonbardaketaren erruduntza onartzeko eta, adiskidetze keinu gisa, Gernika Gogoratuz proiektuari laguntza emateko eskatu zioten Alemaniako parlamentuari. Baina eskaera ez zuten onartu.

1988ko azaroaren 10ean, parlamentuak Gernika eta Pforzheim hiriak senidetzea eta Gernikak lanbide heziketa sustatzea onartu zuen. Senidetzea berehala gauzatu zen; lanbide heziketa bultzatzeko Gernika Proiektua, ordea, ez zen sekula egin. 1996an Alemaniako Gobernuak 3 milioi markoko dirulaguntza eman zuen Gernikan kiroldegia eraikitzeko. 20 urtez adiskidetzearen alde aritutakoentzat, laguntza hark ez zuen zerikusirik iragana gainditzearekin eta adiskidetzearekin, 1988an egindako promesa gainetik kentzeko bide hotza izan zen, eta adiskidetze keinua behar zuena, “keinu lotsagarria” besterik ez zen izan.

Prozesuaren amaiera desengainua izango zela zirudienean, azken ahalegin bat egin zen, eta hala lortu zuen, azkenean, Alemaniako presidenteak hainbestetan eskatutako keinua egitea.

Constanze Lindemannek azaldu digunez, “eskutitz bat idatzi genion Herzog presidenteari, bonbardaketa jasan zutenen familiek bizitakoa, bonbardaketari buruzko lehen eskuko egia azaltzeko, gezurrak eta aitzakia onartezinak baztertzeko”. Eta Gernika elkarteak 60. urteurrena baino bi aste lehenago antolatutako sinposiora gonbidatu zuten, baina presidentearen idazkariek erantzun zieten ezingo zuela bertan egon. Presidentea gutun bat idazteko prest zegoela jakinarazi zieten. “Guk esan genien gutuna ez zigula guri idatzi behar, Gernikako herritarrei baizik. Jakinarazi ziguten, Herzogek Madrilgo enbaxadorea Gernikara bidaliko zuela, gutuna irakur zezan, baina horren berri ez zabaltzeko eskatu ziguten. Gernikako orduko alkate Eduardo Vallejok ere ez zekien ezer, sinposiora etorri eta guk esan arte. Parlamentuak ere ez zekien, eta apirilaren 26an, berdeek eta sozialdemokratek gaiari buruzko eztabaida eskatu zutenean, gehiengoak ezetz esan zuen. Egun hartan, Herzogek irratiz adiskidetze keinua egingo zuela jakinarazi zuenean, bonba txiki bat lehertu zen, CDUko alderdikideek ere ez baitzekiten biharamunean gertatuko zena”.