argia.eus
INPRIMATU
Gernika, 75. Jahrestag der Bombardierung
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2012ko apirilaren 22a

Izenburu horrekin eta Gernikaren bonbardaketaren urteurrenaren karietara, Berlingo Euskal Etxeak erakusketa eta hitzaldi sorta antolatu ditu apirilaren 1etik 26ra, Haus der Demokratie und Menschenrechte egoitzan. Erakusketak bonbardaketa eta elkarte bera ditu hizpide. Hitzaldi sortari Wolfgang Wippermann historialariak eman zion hasiera, eta Benjamin Inal-ek itxiko du bonbardaketak arteetan izan duen islari buruzko hitzaldiarekin. Film emanaldiek eta kontzertu batek osatzen dute egitaraua.

Apirilaren 26an, agurra eta lore-eskaintza egingo dira Zehlendorf auzoko Guernica Platz-en. Plazaren inguruko hiru elizek bat egin dute ekimenarekin eta kanpaiak joko dituzte, Gernikako ezkilen errepikaren ordu berean.

Horrez gain, apiriletik aurrera, beste ekitaldi batzuk prestatzen ari dira, esaterako, ekainaren 1ean, Neukölln langile auzoan, Euskal Herriko eta Alemaniako hainbat artistek graffiti erraldoia egingo dute, Picassoren Guernica abiapuntu hartuta, eta auzoko haur eta gazteen parte-hartzea bultzatuta.