argia.eus
INPRIMATU
Gaurko esklaboak

Xipri Arbelbide 2012ko apirilaren 17a

Martxo erdian, egunkarian irakurtzen nuen nola Nafarroan gelditu dituzten prostituziotik bizi ziren hamahiru gizon. Brasilgo toki pobreenetako neska polit zenbaiti lana hitzeman Espainian. Ongi pagatua. Zaragozako aireportuan hartu. Bidaia saria eskatu. Dirurik ez izanez, zorra pagatzeko, Club de alterne batean sartu eta hor hasi “lanean”. Hamabi oren segidan egunero, komunetara joateko ahala bera ukatzen zietela. Batzuetan egunean apairu bakar bat baizik ez zuten. Klubetik ez zitezkeen atera ez bazen konfiantzazko norbaitek “lagundurik”.

Gauza batek harritu nau artikulua irakurtzean. Gazte bat Molotov koktelak botatzen hartzen badute, biharamunean prentsan agertzen dira honen izen, abizen, herri eta guztiak. Kasu honetan ez da izen bihirik agertu. Molotov koktel baten botatzea, neska zenbaiten esklabo egitea baino huts handiagoa ote da? Egia erran, esklaboen trafikoa XXI. mendean debekatua den, dudak baditut.

Gizon horiek gelditu baldin baditu poliziak, iduri luke baietz. Baina ikusi dut Club de alterne batean dituztela gelditu. Nire zozoan badakit zer diren klub horiek. Bestek bezala badakit, neska zenbait beren gustuz sartzen badira hor, gutiz gehienak esklaboak direla. Brasilgo neska horiek iduriak. %90 irakurri dut nonbait.

Poliziak badaki non dauden. Duela dozena erdi bat urte, Gasteizko legegai baten karietara Berriak bete bi orrialdeetan ikusi dut mundu hori biziki ontsa ezagutua zela. Araban, adibide bat hartzeko, 342 neska dira (ez 341 edo 343), 30ek karrikan bilatzen dute bezeroa. 102k Gasteizko putetxeetan, 180k herrietako klubetan, 30ek etxebizitzetan. Ez niri galda zer den putetxe eta kluben arteko diferentzia. Erosi bezala saltzen dizuet. Baina datu horiek erakusten dute, mundu hori oso ondo menperatzen dutela. Orduan galdera bat: gehienak esklaboak izanez, nolaz ez ditu poliziak denetan libratzen Nafarroan bezala?

Frantziako lehendakari izateko zen Dominique Strauss-Kahn (DSK) saltsa horietan sartua baita, Le Monde egunkariak idazten zuen nola, jaun horren eskuetan izan neska batek jujeari erran dion, haren gustuko zerbait ez egin nahi eta, beste gizon batek ukaraietarik hartu duela eta, nahi ala ez, DSK utzi behar izan duela bere fantasmen asetzera. Esklaboez baliatzen diren “bezeroak”, ez dira hutsean?

Lan ala sexuaren esklabo, haur, emazte eta gizon, gure esklaboak 12,3 milioi dira munduan OITren arabera.