argia.eus
INPRIMATU
Fritz Teppich (edo Alfredo T. Salutregi)
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2012ko apirilaren 22a

Fritz Teppich Berlinen jaio zen, 1918an, judutar familia ezkertiar baten baitan. Francoren altxamenduaren berri izan zuenean, 17 urterekin, Frantzia osoa zeharkatu zuen indar antifaxistekin bat egiteko.

Orduan jaio zen Alfredo T. Salutregi, Teppichek hiru urtez izen hori hartu baitzuen euskal ejertzitoarekin frankisten aurka borrokatzeko –eta Teppichek berak esanda, hiru urte horiek igarota ere, Alfredo T. Salutregi izaten jarraitu zuen–. Azaña eta Tomás Meabe batailoietan, eta, azkenik, 163. Brigada Mistoan jardun zuen, Bilbo eta Donostiako guduetan. Euskal lurraldeak frankisten esku geratzean, Kataluniara iristea lortu zuen, han borrokan jarraitzeko. 1939ko martxoan, Errepublikaren gobernuaren behin betiko porrotak Belgikara eraman zuen. Baina nazien inbasioaren ondoren, Gurseko esparruan sartu zuten eta, aurrerago, Le Vernet esparruan. Handik ihes egin eta Portugalera iritsi zen. Han atxilotu eta espetxean egon zen II. Mundu Gerra amaitu artean.

1946an itzuli zen jaioterrira, eta bizimodu arrunta berreskuratu zuen, militantzia politikoa baztertu gabe eta Euskal Herriarekiko lotura eten gabe. Hala, Berlinera itzuli eta mende erdira, Gernika Kultura Elkartearen (Berlingo Euskal Etxearen) sortzaile eta sustatzaile nagusietakoa izan zen. Horregatik, bonbardaketaren 75. urteurrenean Gernikara joatekoa zen, elkarteko beste kide batzuekin batera. Baina Fritz Teppich iragan otsailaren 24an hil zen, 93 urte zituela.