Artemisa jainkosa grekoaren izena du zizare-belar edo belar minak, Artemisia vulgaris. Emakumeak babestea zuen hark bere zereginetako bat. Hark, jainkosak, eta honek, belarrak. Osagai xelebreak ditu bigarrenak: B bitaminaren taldeko kolina, DNA eta RNA azidoen osagai adenina eta, batik bat esentzian nabarmenak diren, eukaliptola eta tujona. Eta sendabide berezietan barrena erabili izan da zizare-belarra.
Hilekoa eragiteko eta ohikotzeko indarra du, zilborpean jarrita, zizare-belarraren hostoekin egindako enplastuak. Erditu ezinik dagoenari ere laguntzen dio eta, behin erdituta, txarpoil haziak (Cuminun cyminum), egositako oilo-arrautza gorringoak eta txerri gantza bere zukuarekin nahasian duen enplastua mina kentzeko aproposa da. Batzuetan abortatzeko ere erabili izan omen da, eta haren sinonimo gisa ere artemisa hitza darabilte gazteleraz.
Frantzian XIV. mendean ziotenez, baraurik beraren ura hartzen duen emakumea loratu egiten da; ezker eskuaz eta eguzkia azaldu aurretik bildutakoa behar du, baina...
Urrutira gabe izaten da zizare-belarra. Emearen sendabelar bikaina eta nitrogenoz aberastutako lurzale izateak asko hurbiltzen du etxera: azienda gehien ibiltzen den tokiak, landu gabeko sailak, zabortegiak, bide ertzak... Ulertzekoa da, Artemisia vulgaris: izenean bertan emakumearen jainkosaz gain arrunta izatea darama.
Ingelesentzat saldukeria- edo traizio-belarra, Felon Herb, baita euskaldunontzat bezala erretzekoa, Sailor's Tobacco, eta gizon gordin eta bihurriarena, Naughty Man, da. Non daude emakumeak Ingalaterran? Edo erregina itxurak egiten dizkiena ere gizasemea da?