Alemaniarrek zubia eraiki dute Gernikaraino

  • Berlingoa euskal etxe berezia da. Ez zuten euskaldunek sortu, eta etxerik, egoitzarik ere ez du. Etxea baino gehiago, zubia da, Euskal Herria eta Alemaniaren arteko zubia. Elkartearen pizkailua Gernikako bonbardaketaren oroimena izan zen, eta 75. urteurren honetan ere Gernikak hormarik gabeko etxe bat du Berlinen.

Constanze Lindemann, Berlingo Euskal Etxeko sortzaileetako bat, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurreneko erakusketaren inaugurazioan, apirilaren 1ean.
Constanze Lindemann, Berlingo Euskal Etxeko sortzaileetako bat, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurreneko erakusketaren inaugurazioan, apirilaren 1ean.

Constanze Lindemann Iberia hegazkin konpainia espainiarrak Berlinen duen bulegora hurbildu zen 1996ko egun batez, talde handientzako tarifa bereziak ote zituzten galdetzera. Handik hilabete batzuetara, Gernikako bonbardaketaren 60. urteurrenean, gaiari buruzko sinposio bat egingo zen Alemaniako hirian, eta Euskal Herritik hainbat pertsonek hara joan behar zutenez, hegazkin txartelen kontua kudeatzeaz arduratu zen Constanze. Iberiako langileari gaia azaltzeko Gernikaren eta han gertatutakoaren berri ba ote zuen galdetu zion, eta hark, barrez, baietz, euskalduna zela. Constanze Lindemann Berlingo Euskal Etxeko sortzaileetako bat da, eta egun hartan hegazkin konpainiaren bulegoan topatu zuen emakumea, Ainhoa Añorga, elkarteko lehendakaria.

Constanze inprimatzailea da eta komunikabideen sektoreko sindikatuan ere aritzen da. “1996an Fritz Teppich borrokalari zaharrak sindikatuko galerian Espainiako Gerrari buruzko erakusketa bat egiteko proposatu zigun”, dio.

Gernika Kulturverein

Urte hartan Gernika eta Pforzheim hiriak senidetu ziren, Alemaniako parlamentuan Gernikako bonbardaketaren gaia jorratu zen, baina euskaldunek eskatzen zuten adiskidetze keinua ez zen iritsi. “Alemaniar politikan iragan nazionalsozialista oso gai irristakorra eta zaila da. Aitzakia onartezinak eman zituzten: soilik Gernikako zubi bat bota nahi zutela, hiri osoa nahi gabe suntsitu zutela…”. Senidetutako hirietako alkateak erakusketara gonbidatu zituzten parlamentuak bake keinuari jarritako oztopoez eztabaidatzeko. Horren ondoren, bonbardaketaren 60. urteurrena gertu zela eta, beste zerbait prestatzea erabaki zuten alemaniarrei Gernikan gertatutako jakinarazteko. Hurrengo urtean Gernikari buruzko sinposioa antolatu zuten, eta Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein (Gernika Euskal-Alemaniar Kultur Elkartea, gerora euskal etxe izendapena jasoko zuena) sortu zuten.

Elkartearen sortzaile gehienak adindunak dira, batzuk Espainiako Gerra eta Bigarren Mundu Gerra bizitakoak, beste batzuk Alemania garaitu eta zatituko gerraoste gogorrean jaio eta hazitakoak, erregimen nazionalsozialistaren eta gerraren biktima ere izandako alemaniar herritarrak. Eta hala ere, adiskidetzearen alde eta Gernikan gertatutakoan Alemaniaren erantzukizuna onartzearen alde lanean aritzea erabaki zuten. Constanze Lindemannek haien eskuzabaltasunari garrantzia kendu nahi dio, eta Gernikaren bonbardaketari eman: “Jakina, Alemanian ere hildako asko izan ziren, baina guk beti esaten dugu Bigarren Mundu Gerra Espainian hasi zela 1936an. Goering-ek berak Nurembergeko prozesuan onartu zuenez, alemaniar faxistek beren hegazkinak eta armak probatu nahi zituzten eta Espainiako Gerra, zehazki Gernika, izan zen haien proba eremua. Garbi dago naziek gerra nahi zutela, eta beren interesen alde Europa erdia suntsitu zutela. Alemaniaren kapitulazioa askapen eguna izan zen alemaniarrontzat ere”.

Euskal etxe ezohikoa

Berlingo Gernika Kultur Elkarteak 2010ean jaso zuen euskal etxe izendapena, baina ezohiko euskal etxea da. Etxea denik ere ezin esan, egoitzarik ez baitu. Eta, ikusi dugunez, alemaniarrek sortu zuten; Tokiokoarekin batera, euskaldunek sortu ez duten euskal etxe bakarra da.

Ainhoa Añorgak, 1997ko sinposiorako hegazkin txartelen erreserbak egin ondoren, hitzaldietan entzule gisa parte hartu zuen, eta ondoren elkarteko kide izan nahi ote zuen galdetu zioten. “Gustura esan nien baietz, eta urtetan ni izan nintzen elkarteko euskaldun bakarra; azken urteetan, Berlinera lanera edo ikastera etorritako euskaldun gehiago gaude elkartean”. Egun, 45 bazkide inguru ditu euskal etxeak.

Eta hasierako xedea bonbardaketaren oroimena gordetzea eta zabaltzea izan arren, berehala hasi ziren helburu zabalagoen bila: euskaldun eta alemaniarren arteko harremanak sendotzea, eta euskara eta euskal kultura Alemanian sustatzea. “1996ko urrian izan nintzen lehenengoz Gernikan” dio Lindemannek, “Eduardo Vallejo Gernikako orduko alkateak gonbidatuta. Astebetez toki askotan izan ginen, eta lehenengoz benetako euskal kulturaren eta, batez ere, euskararen berri izan genuen. Hemen, Alemanian, euskaldunei buruz galdetuz gero bi gauza aipatzen zizkizuten: txapela (alemanez “baskenmütze” esaten zaio, hau da “euskal txapela”) eta ETA. Hori aldatu nahi genuen, ETAren eztabaida alde batera utzi, eta euskal kultura ezagutarazi. Gainera, Gernikan alemaniar bat zegoen, Michael Kasper, Gernika Gogoratuz-eko kidea, zoritxarrez oso gazte hil zena, eta Gernikako eta Berlingo elkarteen arteko truke aberasgarria sortu zen”.

Ainhoa Añorgak alemaniarrek euskaldunez duten irudia baieztatu digu: “Elkartea sortu berritan, irratian elkarrizketatu gintuzten, eta lehenengo txantxa baskenmützea eta armak non utzi genituen galdetzea izan zen. Kultura oso aberatsa dugula, gure kulturatik ekarpenak egin ditzakegula erakutsi behar genuen”.

Esaterako, literatur trukeak egiten hasi ziren, hasieran hala moduzko itzulpen gutxi batzuekin. Azken urteetan, urtero aurkezten dira euskaratik alemanera itzulitako lanak. Elkartean bertan ere bada itzultzailerik. Adibidez, DDR zaharrean bizi izandako Hans Joachim-ek, han ikasi zuen euskara, bere kabuz. Egun 70 urtetik gora ditu eta Edorta Jimenezen lanak alemanera itzultzen ari da.

“Horregatik ez gara ohiko euskal etxea” dio Añorgak, “kulturarekiko interesa duen publiko alemaniarrari zuzenduta daude, nagusiki, gure jarduerak, eta ez hainbeste hemen bizi diren euskaldunei”. Hala, Gernikaren bonbardaketaren 75. urteurrenaren inguruan antolatutako ekitaldi bereziez gain, Berlingo Euskal Etxeak ohiko jardunarekin jarraitzen du. Ostegunetan euskara eskolak ematen dituzte, eta ostiraletan euskal dantza ikastaroak. Hilean behin, euskal zinema emanaldia antolatzen dute. Azken bi urteetan Euskal Koreografoen Berlingo Jaialdia antolatu dute, eta, horrez gain, urtero Karneval der Kulturen (Kulturen inauteria) ekitaldian parte hartzen dute Euskal Herriko ordezkaritzaren bidez. Liburu aurkezpenak, errezitaldiak, kontzertuak edo antzerki emanaldiak antolatzen dituzte tarteka, eta iaz Korrika Berlingo kaleetan ere izan zen elkartearen lanari esker.

Etxerik ez, baina ate asko

Euskal Etxeko lehendakariaren esanetan “hori guztia egoitza finkorik gabe eta bitarteko gutxirekin egiteko, maiz eskean ibili behar dugu nolabait. Euskara eskolak, adibidez Iberika hizkuntz eskolaren egoitzan ematen ditugu, egunotako erakusketa Haus der Demokratie und Menschenrechte-rekin elkarlanean egin dugu… Ideia bat izan ohi dugu, eta jarduera hori egiteko egokia deritzogun egoitza aukeratuta, elkarte edo erakunde horri elkarlana proposatzen diogu”. Horrela funtzionatu dute hamabost urtean, eta Internetek asko lagundu diela diote, “bilerarik egin beharrik gabe, fisikoki gune batean bildu gabe, jende askorekin komunikatzeko aukera ematen dizu”.

Alemaniarrek jakin behar zuten Gernikan zer gertatu zen, Euskal Herria zer den eta zer ondare kultural eskain dezakeen. Orain euskaldunok jakin behar dugu Berlinen gure iraganaren eta kulturaren alde zer egin duten alemaniarrek.

Fritz Teppich (edo Alfredo T. Salutregi)

Fritz Teppich Berlinen jaio zen, 1918an, judutar familia ezkertiar baten baitan. Francoren altxamenduaren berri izan zuenean, 17 urterekin, Frantzia osoa zeharkatu zuen indar antifaxistekin bat egiteko.

Orduan jaio zen Alfredo T. Salutregi, Teppichek hiru urtez izen hori hartu baitzuen euskal ejertzitoarekin frankisten aurka borrokatzeko –eta Teppichek berak esanda, hiru urte horiek igarota ere, Alfredo T. Salutregi izaten jarraitu zuen–. Azaña eta Tomás Meabe batailoietan, eta, azkenik, 163. Brigada Mistoan jardun zuen, Bilbo eta Donostiako guduetan. Euskal lurraldeak frankisten esku geratzean, Kataluniara iristea lortu zuen, han borrokan jarraitzeko. 1939ko martxoan, Errepublikaren gobernuaren behin betiko porrotak Belgikara eraman zuen. Baina nazien inbasioaren ondoren, Gurseko esparruan sartu zuten eta, aurrerago, Le Vernet esparruan. Handik ihes egin eta Portugalera iritsi zen. Han atxilotu eta espetxean egon zen II. Mundu Gerra amaitu artean.

1946an itzuli zen jaioterrira, eta bizimodu arrunta berreskuratu zuen, militantzia politikoa baztertu gabe eta Euskal Herriarekiko lotura eten gabe. Hala, Berlinera itzuli eta mende erdira, Gernika Kultura Elkartearen (Berlingo Euskal Etxearen) sortzaile eta sustatzaile nagusietakoa izan zen. Horregatik, bonbardaketaren 75. urteurrenean Gernikara joatekoa zen, elkarteko beste kide batzuekin batera. Baina Fritz Teppich iragan otsailaren 24an hil zen, 93 urte zituela.

Gernika- Alemania: adiskidetzearen kronika

1997ko apirilaren 27an, Gernikako Merkatuko plazan, Alemaniako presidente Roman Herzogek, Henning Wegener Madrilgo enbaxadorearen bidez, Gernika suntsitzearen errua alemaniarrek zutela onartu, eta barkamena eskatu zuen. 60 urte eta egun bat lehenago bonbardatu zuten Bizkaiko hiria.

40 urtez Gernika suntsitzeari buruzko eztabaida eta ikerketa itzali zuen frankismoak. Haien bertsioaren arabera, Gernika euskal nazionalistek eta gorriek erretiran suntsitu zuten. Baina diktadorea hil zenean, bonbardaketari buruzko ikerlanak argitaratzen hasi ziren. Esaterako, Klaus A. Maier Alemaniako aireko indarretako komandanteak, hainbat dokumentu aztertu eta Gernika “alemaniar proiektua” izan zela egiaztatu zuen.

Halaber, Franco hil ondoren, gernikarrek gertatutakoa libreki oroitzeko aukera izan zuten. Eta gorrotoa eta mendekua baztertuta, gehienek zauriak sendatzearen eta alemaniarrengana hurbiltzearen alde egin zuten, adiskidetze keinu baten bila.

Alemaniarrentzat, ordea, ez zen gai samurra. Iragan nazionalsozialista gainditzeko modurik egokiena ahaztea zen batzuentzat, oroitzea beste batzuentzat. Baina gehienentzat Gernika pasarte hutsala baino ez zen hainbeste krimenen artean.

Michael Kasperrek (1960-2005) Gernika und Deutschland. Geschichteeiner Versöhnung (1998) lanean azaldu zuenez, adiskidetze prozesua 1979an abiatu zuen Gernika Batzordeak. Jesus Arana ordezkariak Alemania goitik behera ibili zuen keinu baten bila. Baina proiektu zehatzik lortu ez eta batzordea 1987an desegin zen.

Hurrengo saiakera Alemaniatik iritsi zen. Berdeak (Die Grünen) alderdiko Petra Kellyk eta GertBastianek bonbardaketaren erruduntza onartzeko eta, adiskidetze keinu gisa, Gernika Gogoratuz proiektuari laguntza emateko eskatu zioten Alemaniako parlamentuari. Baina eskaera ez zuten onartu.

1988ko azaroaren 10ean, parlamentuak Gernika eta Pforzheim hiriak senidetzea eta Gernikak lanbide heziketa sustatzea onartu zuen. Senidetzea berehala gauzatu zen; lanbide heziketa bultzatzeko Gernika Proiektua, ordea, ez zen sekula egin. 1996an Alemaniako Gobernuak 3 milioi markoko dirulaguntza eman zuen Gernikan kiroldegia eraikitzeko. 20 urtez adiskidetzearen alde aritutakoentzat, laguntza hark ez zuen zerikusirik iragana gainditzearekin eta adiskidetzearekin, 1988an egindako promesa gainetik kentzeko bide hotza izan zen, eta adiskidetze keinua behar zuena, “keinu lotsagarria” besterik ez zen izan.

Prozesuaren amaiera desengainua izango zela zirudienean, azken ahalegin bat egin zen, eta hala lortu zuen, azkenean, Alemaniako presidenteak hainbestetan eskatutako keinua egitea.

Constanze Lindemannek azaldu digunez, “eskutitz bat idatzi genion Herzog presidenteari, bonbardaketa jasan zutenen familiek bizitakoa, bonbardaketari buruzko lehen eskuko egia azaltzeko, gezurrak eta aitzakia onartezinak baztertzeko”. Eta Gernika elkarteak 60. urteurrena baino bi aste lehenago antolatutako sinposiora gonbidatu zuten, baina presidentearen idazkariek erantzun zieten ezingo zuela bertan egon. Presidentea gutun bat idazteko prest zegoela jakinarazi zieten. “Guk esan genien gutuna ez zigula guri idatzi behar, Gernikako herritarrei baizik. Jakinarazi ziguten, Herzogek Madrilgo enbaxadorea Gernikara bidaliko zuela, gutuna irakur zezan, baina horren berri ez zabaltzeko eskatu ziguten. Gernikako orduko alkate Eduardo Vallejok ere ez zekien ezer, sinposiora etorri eta guk esan arte. Parlamentuak ere ez zekien, eta apirilaren 26an, berdeek eta sozialdemokratek gaiari buruzko eztabaida eskatu zutenean, gehiengoak ezetz esan zuen. Egun hartan, Herzogek irratiz adiskidetze keinua egingo zuela jakinarazi zuenean, bonba txiki bat lehertu zen, CDUko alderdikideek ere ez baitzekiten biharamunean gertatuko zena”.

Gernika, 75. Jahrestag der Bombardierung

Izenburu horrekin eta Gernikaren bonbardaketaren urteurrenaren karietara, Berlingo Euskal Etxeak erakusketa eta hitzaldi sorta antolatu ditu apirilaren 1etik 26ra, Haus der Demokratie und Menschenrechte egoitzan. Erakusketak bonbardaketa eta elkarte bera ditu hizpide. Hitzaldi sortari Wolfgang Wippermann historialariak eman zion hasiera, eta Benjamin Inal-ek itxiko du bonbardaketak arteetan izan duen islari buruzko hitzaldiarekin. Film emanaldiek eta kontzertu batek osatzen dute egitaraua.

Apirilaren 26an, agurra eta lore-eskaintza egingo dira Zehlendorf auzoko Guernica Platz-en. Plazaren inguruko hiru elizek bat egin dute ekimenarekin eta kanpaiak joko dituzte, Gernikako ezkilen errepikaren ordu berean.

Horrez gain, apiriletik aurrera, beste ekitaldi batzuk prestatzen ari dira, esaterako, ekainaren 1ean, Neukölln langile auzoan, Euskal Herriko eta Alemaniako hainbat artistek graffiti erraldoia egingo dute, Picassoren Guernica abiapuntu hartuta, eta auzoko haur eta gazteen parte-hartzea bultzatuta.


ASTEKARIA
2012ko apirilaren 22a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gernika 1937
Atzoko krimenak ahaztuta, gaurko gerrak nola saihestu?

Gernikako bonbardaketatik harago, Alemanian apenas daukate Kondor Legioak 1936ko Gerran herritarrak sarraskitzen izandako parte hartzearen berri. Carmela Negrete kazetariak kontatu du oroimen falta hori Contexto aldizkarian. Halako zorrak kitatu gabe, nola saihestuko dugu gaur... [+]


Kondor Legioaren krimenak, Alemanian (ere) ahaztuta

Gernikan 1937ko bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak egin dituzte, eta ika-mika sortu da Espainiako Gobernuko Bolaños ministroak egindako adierazpenen ondotik: "Ohore bat da hemen egotea, bonbardaketarekin eraso zuten Errepublikako Gobernu legitimoa... [+]


Gernikako bonbardaketak 86 urte
Egitarau alternatiboa bonbardaketaren harira, fokuetatik kanpo

Sarraskiaren urteurrenaren bezperan, apirilaren 25ean, Igor Meltxor kazetariak 'Cabacas' liburua aurkeztuko du Astran. Elai Txiki aretoan, bestalde, Iñaki Berazadi kazetariak hautatu dituen Gerra Zibileko irudien erakusketa ikusgai dago.


Eguneraketa berriak daude