argia.eus
INPRIMATU
Vasa 1628: Titanic suediarra

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2012ko apirilaren 03a
Vasa gerraontzi suediarra 1628an hondoratu zen, baina oso ondo kontserbatu zen, eta egun museo batean dago ikusgai.
Vasa gerraontzi suediarra 1628an hondoratu zen, baina oso ondo kontserbatu zen, eta egun museo batean dago ikusgai.

Ozeano Atlantikoa, 1912ko apirilaren 14a. RMS Titanic, ordura arteko ontzirik handiena eta luxuzkoena, hondoratu egin zen. Garaiko teknologia berrienak erabili zituzten hura eraikitzeko, eta prentsak “hondoraezina” zela esan zuen. 300 urte lehenago, itsasoa mendean zutela sinetsita, suediarrek ere ontzi “suntsiezina” eraiki zuten.

XVII. mende hasieran, Suedia Baltikoko potentzia nagusia bihurtu zen, baina 1618an, Hogeita Hamar Urteko Gerra hasi zenean, itsasoaren kontrola arriskuan ikusi zuten suediarrek, eta Gustavo II.a Adolfo erregeak inoizko gerra makinarik beldurgarriena eraikitzeko agindu zuen. 1626an, mila haritzetik gora bota ondoren, Vasa eraikitzen hasi ziren. Eta 1628ko udan gerraontzi ikusgarria prest zegoen. 69 metroko luzera zuen, 1.275 metro koadro haize oihal, eta 64 kanoi. Tripulazioa 145 pertsonak osatzen zuten, baina beste 300 soldadurentzako tokia ere bazuen. Gainera 700dik gora eskultura zituen, egurrean zizelkatuta eta kolore biziz margotuta.

Abuztuaren 10ean festa giroak hartu zuen Stockholm. Herritarrak itsasertzean bildu ziren Vasa lehenengoz nola itsasoratzen zen ikusteko. Itsasoa bare zegoen eta brisa leuna besterik ez zebilen. Baina Suediako erregeak, kanoi lerro bat nahikoa ez, eta beste lerro bat egiteko agindu zuen. Ondorioz, ontziaren astuntasun zentroa igo behar izan zuten. Ontzia altuegia zen, zabalera kontuan hartuta. Horrenbestez, egun hartako haizekirria nahikoa izan zen itsasontzia makurtzeko. Ura beheko kanoi zuloetan sartzen hasi zen, eta ontzia berehala ondoratu zen.

Vasaren estreinaldiarekin alderatuta, Titanicen lehen eta azken bidaia hura arrakastatzat jo genezake ia. Titanicek lau egun egin zituen itsasoan; Vasa ez zen milia nautiko bakarra ere egiteko gai izan. Bietan, itsasoaren eta giza anbizioaren arteko borroka lehenak irabazi zuen. Baina naturaren irakaspenak ez ziren hor amaitu.

Baltikoko gatz kontzentrazio bereziak eta Stockholmeko portuko uren kutsadurak eraginda, egurra jaten duten mikroorganismoek ezin izan dute ingurune horretan biziraun. Hala, 333 urtez urpean egon ondoren, 1961n Vasa egoera ezin hobean lehorreratu zuten, denboraren makina geratu bailitzan. Eta museo bat egin zuten arrasto ederrak erakusteko. Edo porrota ez ahanzteko.