argia.eus
INPRIMATU
“Uste baino lehenago aldaketa nabariak ikusiko ditugu Nafarroan”
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko ekainaren 30a

Nafarroa hizpide: Txelui Morenok “Onartu egin dute Nafarroa ezin dela utzi eztabaidatik at” esan du. Rajoyk berriz “Nafarroak ahotsa izango du ETAren amaieran” hitzeman du...

Eta Yolanda Barcinak berriz: “Nafarroak jarraituko duela nazionalismoaren proiektutik kanpo”. Horrek guztiak, UPNk boto asko jaso arren, eskuinak bere baitan daukan ahulezia erakusten du. Gogoratu behar da UPN jaio zela bertako eskuina talde piloan zaituta zegoelako, eta jaio zen ere, oroz gain, abertzaleei aurre egiteko. Ez zen berezko ideia baten inguruan sortutako proiektu politikoa, Nafarroako helburu eta aurrerapen politikoak lortzeko, aitzitik, abiatu zen abertzaletasunaren proiektuei kontrajartzeko, boteretik eta indar handiz abiatu ere. Hau da, kontra-posiziozko proiektua da, beraz, kontra-korrontean doan neurrian bere ahulezia gero eta nabariagoa izango.

Gaur egun, Bilduk Nafarroako Parlamentuan izan dituen iniziatiba batzuen arabera, UPN-PPk zer-nolako jarrerak erakutsi dituzten ikusirik, bada, begi-bistakoa erresistentzia handiak izango direla inoiz elkarrizketa politikoak abaian jartzeko eta Nafarroak ere horietan toki izateko. Alabaina, guk garai berria zabaltzen ari dela esaten dugunean, ez da alferrikakoa, garai berrian benetan lanean ari baikara jada. Nik jarrera sozialak izugarri aldatzen ari direla hautematen dut, eskuinak nahiko lukeen baino azkarrago gainera. Pitzadurak sortuko dira kontrako posizio gogor horretan. Egoera berrian faktore berriak daude jada, esaterako, alderdi sozialista Nafarroan behartuta dago testuinguru berri horretan bere posizioa eta jokoa aldatzeko. Uste baino lehenago aldaketa nabariak ikusiko ditugu Nafarroan.

Eta abertzaletasunaren baitan nola daude harremanak?

Aurrerapauso nabariak eman dira. Bat: Aralar eta ezker abertzalearen arteko harremana, adibidez. Hausturaren ondoren heldu gara une honetara, izugarrizko ostia txarretatik, eta areago, ezinikusi pertsonaletik, baina bai batzuk bai besteak kapazak izaten ari gara tripek eskatzen digutena bertan behera uzteko, buruaz jokatzeko, iragan latzari garrantzia kenduz eta urratu nahi dugun bideari elkarrekin begira ari.

Azaroaren 20ko hauteskunde gauean bizipen oso esanguratsua izan zen niretzat. Labrit frontoian geunden Amaiurren botoen kontaketan, jakin genuenean Uxue Barkosek diputatuaren kargua berritzen zuela, mundu guztiak txalo egin zuen. “Kontxo, honek esangura handia dauka” esan nuen nirekiko. Alegia, batzuek hainbat hedabideetan bestelako interesak erakusten dituzten arren, hausnarketa berriak sortzen ari dira, eta ezker abertzaleak, Nafarroan ere abertzaletasunak bi espresio izango dituela normal ikusten du, bi tradizio daudelako, eta batek erantzungo dio ezkerreko espazioari, independentismo argiago bati, eta besteak bestelako abertzaletasuna bilatuko du, eta nik ez dut espazio hori kalifikatu nahi. Noski, abertzaletasunaren baitan ea zeinek ordezkatzen duen espazio zabalena lortzeko kristoren borroka izango da, baina hori sanoa eta logikoa da. Une honetan, begi-bistakoa da, abertzaletasunaren bi esparru horiek ikasi behar dute elkar aitortzen, elkar errespetatzen, baita barneratzen ere elkarren beharra daukatela etorkizunean, baldin eta Nafarroako egoera politikoan modu eraginkorrean jokatu nahi badute.