Konpasa eta melodia batera mugitzen badira ere, soloak oso inportanteak dira jazz-ean. Denetik pixka bat dakienak badaki hori. Bertsolaritzan bezala artikulugintzan ere badago bat-batekotasuna. Ez dakit gure “kontzertuetara” etorri diren irakurleek eurei entzutea gustatuko litzaiekeena aurkitu ahal izan duten bertan, baina hiru txalapartari arrarok nola inprobisatzen duten ikusteko aukera izan dute, arrarotasunaren sentimendua izan delako txanda bakoitzean interpretatu nahi genuen musika erabaki duena. Txalaparta Freak Jazz. Arras ederra, oso flamenco fusion estilokoa eta zeharo ausarta, Variétés honetan. Jenero zoragarri eta zaila. Baina Beñati ezin ongi uztartu ibili garela iruditu zaio, azkenean. Nik buruan beste ideia bat daukat. Alegia, hiruak elkarrekin, benetako familia freak bat bagina bezala aritu garela. Bagenekien zeren bila genbiltzan, baina Beñatek aipatutakoaren arabera, irakurle anitzek ez gehiegi. Kiko Venenori eta Amador anaiei antzeko zerbait gertatu zitzaien, haien gertukoenen artean ezin zutela ulertu nolatan ausartu ziren ezarrita zegoen joera bakarraren eskemak apurtzera. Konprenitu ez. Jorge Oteiza euskal arima berreskuratzen saiatu zen, baina Eusko Jaurlaritzaren kultura politika ez zen enteratu ere egin. Gure herrian kultur kontuen pastelak badu ere bere alde maltzur pozoitsua. Erregina gaiztoak Edurnezuriri eskaini zion sagarrak bezala. Euskal kulturaren historia historikoan dudak ez dauka tokirik, eta begien bistakoak diren gauzak are gutxiago. Izan ere, Al final del túnel eta Extraterrestre filmen estreinaldiak asteburu berean proposatzeko gauza den herriak Jainkoa bera jarriko luke bere existentziaren zalantzan. Beñatek eta Uxuek familia-intimitate horien barreneraino inkurtsio bat baino gehiago egin dute arrakasta handiz, agerian utziz, mundu guztiaren aurrean eguzkiaren leihotik leihora jartzen den arropa bezala, oraindik ere modernotasunak euskal mentalitatearekin lotzen oso zaila izaten jarraitzen duela. Nik ikusi dudana da gure burua eta gure herria eztabaidan jarri ditugula gure ikuspuntuak guztiontzat azalduz. Garbitasunari gerra. Uxuek eta Beñatek gogotik alaiago ni baino, argiago, nik, aldiz, nekatuago, zakarkiago, pisutsuago. Denborak eta esperientziak hilotzak usteltzen hasiak utzi dizkidate fedearen ordeko. Hala ere, ez gara zer garen badakiguna, besteek zer garen uste dutena baizik. Eta hori, gurean, lege da. Herri txiki honetan denok elkar ezagutzen dugula uste izateak ez digu elkar ezagutzen uzten. Denok elkar ezagutzen dugula uste izateak etorkizunaren mugan uzten gaitu, bizitzaren mugan bezala. Hori da, Uxue, denon benetako porrota. Epaileen aurkako herri sutsua izan, eta epaileak baino epaileago izatea. Baina nekezago uzten zaio ezjakintasunari erretzeari baino. Eta kito. Zer ezagutzen nuen nik Beñat Sarasolaz? Euskal internautarik sexiena dela. Zer ezagutzen nuen nik Uxue Apaolazaz? Uxue Alberdiren heteronimoa dela. Ezer gehiago ez. Gaur, ordea, pena ematen dit haien konpainia utzi beharrak. Pena berriz bakarrik geratzea. Ez bainaiz batere aspertu; aitzitik, labur egin zait. Trosta bizi honetan lagun izan zaituztedala ez zait sekula ahaztuko. Eta Mikel Asurmendiri eskerrak ere bai. Holaxe. Amaierak berriro heldu nau, eta ez dut puntu eta aparterik idatzi, baina prest nago.
Ttakun eta aparte.