argia.eus
INPRIMATU
“Sorturen legalizazioak estrategia nazionalaren birkokatzea ekarriko du”
Mikel Asurmendi @masurmendi 2012ko apirilaren 08a

Ezkerretik Bilduz ekimenak: “Eztabaida horizontala eta demokratikoa” eskatu du. Zer adierazten du ekimen horrek?

Hasteko, guk prentsaurrekoa ikusi genuenean, pertsona batzuk ez direla sekula ezker abertzalean izan iruditu zitzaigun. Ekimen horren azalpena nik horrela ulertu dut: Sortu legala izango da hurrengo hauteskundetarako, bestela hondamendia litzateke. Sortu eratuko da ezker abertzaleko alderdi bezala, eta horrek akordio estrategia nazionalaren testuinguruan pieza asko birkokatu beharra ekarriko du. Batetik, Bildu eta Amaiur zer diren argitzea. Aliantza elektoral hutsak diren edo beste izaera bat eman behar al zaien aztertzea eta erabakitzea. Batzuek Sortu ezker abertzalearen alderdia behar dela pentsatzen dute, eta Bilduk eta Amaiurrek jokatu behar dutela frente herrikoi eta zabala bezala.

Zuek ez duzue hala ikusten?

Bai, posiblea da. Alegia, hainbat jende eta talde barreiatuta dago, eta bildu dira esateko: “Gu ere kontuan hartuak izatea nahi dugu”. Gero botatzen dituzten mezuak dira... direnak, gauza batzuk aplikagarriak izan daitezke Sortu burutu behar duen eztabaidan, beste batzuk berriz... ba ez dakigu. Sortuk ere bere burua eratu behar baitu alderdi bezala. Baina, hara, orain batzuek ez digute esan behar, inoiz ez badira egon ezker abertzalean, guk nola eratu behar dugun gure burua. Pentsatu nahi dut, aliantza soilik ez den beste zerbait gehiago eratu nahi dutela. Ondo dago. Bildu gaitezen hori eztabaidatzeko.