argia.eus
INPRIMATU
“Normalizazio prozesuaren dinamika laster ikusiko dugu”
Mikel Asurmendi @masurmendi 2021eko ekainaren 30a

Nazioarteko Harreman Taldea isilik dago. Zer espero daiteke haren lanaz epe laburrean?

Nazioarteko Harreman Taldeak berezko zeregina dauka, beraiek halaxe agindu diote beren buruari, eta da: elkarrizketa politikoa suspertzeko eragile politikoak akuilatzea. Epe ertainean eta luzean egin beharko duten lana laguntza inportantea da prozesuan, ez bakarrik ikuspegi independente bat ekartzen dutelako, baizik eta hainbat gatazketako ebazpenean erabili diren metodologikoak erabiltzen ari delako jada. Prozesuen kokatze eta blokatze askoren esperientzietatik asko ikasi dute, esperientzia handia daukate, haien lana eta laguntza berebiziko faktoreak izango dira prozesuan.

Beraien lana inportantea da, bake eta normalizazio prozesu honi ikuspegi integrala emateko. Arazoa ez baita konponduko biolentzia guztiekin amaitu ondoren. Hori oso ongi da. ETAren behin betiko amaiera oso ongi da, baita ondorioz, presoen eta iheslarien etorrera ere. Gatazkako biktimen erreparazioa ezinbestekoa da, beharrezkoa. Baina horiek lortu ondoren, kontadorea zeroan jarriko da, eta gatazka sorrarazi zituen arrazoiak hor izango dira. ETAren existentzia sorrarazi zuten arrazoietara eta garaira itzultzen gara nolabait. ETAren borroka armatua indarrean izan den bitartean nahiz ETAren borroka armatua desagertu den une honetan, hemen gatazka politiko bat dagoela ageri da, bitarteko politikoen bidez konpondu behar dena.

Hori gauzatuko al da?

Jakina!

Noiz, hamar urte barru?

Lehenago ere. Aldebakarreko jarreraren bidez –nahiz eta hasiera batean elkarrekikotasunik ez egon– arerioen artean dauden espazioak hustu eta birkokatu beharra lortzen da. Azkenean, hain da begi-bistakoa horren alde egin beharra, ezen azkenean denok uste baino lehenago posible izango dela blokeo egoera gainditzea. Noski, horretarako, lan handia egin beharko da. Nazioarteko Harreman Taldekoek “elkarrizketei buruzko elkarrizketak” erabiltzen duten terminoa da. Beste prozesuen esperientzietan ikusi denez, prozesu hauetan lehen mugimenduak, kontu teknikoak, sakoneko mugimenduak bihurtzen dira poliki-poliki. Esaterako, elkarrizketa horiek zein egunetan gauzatu behar dira? Zenbat mahai behar dira? Zenbat gune geografiko? Izugarrizko ahalegina egin behar da posizio guztiak ahalik eta erosoen jartzeko. Hasierako mugimendu zail eta objektibo horien ondoren dinamika berri bat sortzen da. Bake eta normalizazio prozesuaren dinamika laster ikusiko dugu, eta ez denbora luzera.