Martxoaren 15ean 40 urte egin zituen Francis Ford Coppolaren The Godfather apartak, aitzakia ezin hobea mafia italoamerikarra –botere borroka, ustelkeria, familia, mendekua, negozioa– gai duen filma berrikusteko. Azken finean, ezaguna zaigu istorioa: pelikula irekitzen duen ezkontzaren eszena luze eta gogoangarrian nola, ospakizun alaian eman ditugu egunak, eta alboko gela ilunean, don Vito eta akolitoak aritu dira azpijokoan, lokatzetan eroso. Sotilagoak dira egungoak, ez dituzte zaldi buruak uzten ohean, ez dute etsaia sokaz itotzen; nahiago dituzte neurrira sortutako legeak, mehatxuak eta txeke zuriak. Garaiotako Corleonek ez du Marlon Brandoren ahots urratuarekin hitz egiten, ahapeka adosten ditu eskupekoak, eta jokoa baino, adreilua, errauste plantak, hirigintza, espekulazioa ditu negozio-iturri. Haatik, familia zutabe garrantzitsua da oraindik, esleipenak eta goi-karguak banatzeko garaian.
Ikusi ditugu gurean funts-desbideratzeak –lapurretak, hizkera jatorrean–, irregulartasunak museo eta erakunde publikoetan, golf zelai eta lursailen salerosketa zalantzagarriak, epaile eta agintarien prebarikazioak, opari festak. Baina The Godfather-ko mafiosoen dotorezia eta estiloa falta zaie, gaurkoek trakets jokatzen dute, egun argiz eta lotsagabe. Fikziozko mafiak bere alde du klasiko bihurtu den Nino Rotaren musika-banda zirraragarria, ikuslea harrapatzeko gai den tentsio dramatikoa, Coppolak erabilitako plano berritzaileak, pelikula guztia zipriztintzen duen giro beltza, Marlon Brando eta Al Pacinoren interpretazio bikainak, buruan iltzatuta geratzen diren esaldiz osatutako gidoia… “Aitak edozein gizon boteretsuren antzera jokatzen du, senatari edo presidente baten antzera”. “Ez izan inozoa, Michael, senatariek eta presidenteek ez dute jendea hiltzen”. Isilunea. “Zein da hemen inozoa?”. Inozoenak gu, ospakizun alaia betiko izango zela sinesteagatik.