argia.eus
INPRIMATU
Metal bortitzenarekin garai gogorretan
  • Cadenas de odio.

    Soziedad Alkoholika.

    Autoekoizpena.

    Iraupena: 44’16’.

    12,5 euro.
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2012ko apirilaren 03a
Pasa dituzten garai latzen ostean indarberrituta ikusten ditut Gasteizko taldeko kideak; indarberrituta eta bizi ditugun garaietara ondo egokituta. Horretan zeresan handia dauka hastapenetatik garatu izan duten hardcore-thrash edo thrashcorea metaleroago bilakatu eta, bilakaera natural horren bitartez, belaunaldi gazteagoak ere erakarri izana. Lan oso bortitza da honakoa eta bere baitan eskola zaharreko thrash estiloa, industriala, metal rapeatua eta erritmo bizi bezain indartsuak batzen ditu, ia arnasteko tarterik ere uzten ez dutenak. Eskerrak euskaraz abestutako Gora goaz baikorrak jai-giroko izaera duen, eta tarteka Juanen ahotsak kantak arindu egiten dituen. Bestalde, jasotako hitzak diskoaren diseinua bezain ilunak eta egiazkoak dira, oka egitekoak. Gogotsu eta indartsu datoz berriro!
Juan: "Gaur egungo talde oso gutxik hunkitzen naute"

Zuen hastapenetako hardcoretik zerbait faltan botatzen duzue?

Orduko zirkuitua eta bidean galdutako lagun eta taldeak; baita zoramena eta abentura ere. Hardcorea nire bizitza filosofia da orain ere, eta gehien entzuten dudan musika estiloa.

Armonika –ateak zabaldu zizkizuena– kantaren batean sartzeko asmorik ba al duzue?

Egitear daukagu. Armonika jotzea asko gustatzen zait, baina ikasten ataskatuta gelditu nintzen.

Barrio oscuro, Hipocresía santa eta Ningún respeto kantetan eskola zaharreko thrash estiloa landu duzue.

Garai hartakoak gara, estiloaren sorrera bizi izan genuen eta eragin digu. Orain ere talde horiek entzuten ditugu. Gaur egungo talde oso gutxik hunkitzen naute.

Hitzen gaiak topikoak dira, baina gaurkotasun handia dute…

Gure hastapenetako diskoetako kantek gaurkotasuna dute. Eskubideen urratze ikaragarria bizitzen ari gara.

Cadenas kanta industriala da erabat.

Jimmyk elektronika industriala egiten zuen talde bat izan zuen. Soinu horren ezaugarri errepikakor eta apokaliptikoa gustatzen zaigu, elektronika, metala eta gitarra bortitzak nahasten dituzten taldeak.

Gora goaz, diskoko abesti positibo bakarra, euskaraz…

Noizbehinka euskarazko kantaren bat egiten dugu: duen indar eta sonoritateak erakartzen gaitu eta bada modu bat gure jatorria aldarrikatzeko. Gainera, erakundeek zapaldutako hizkuntza da.

Diskoetxe propioa, independenteak, multinazionalak, orain autoekoizpena… Denetatik probatu duzue.

Gure helburua beti izan da taldearen alderdi guztietan burujabe funtzionatzea; horregatik sortu genuen gure diskoetxea. Ez dugu inoren menpe egon nahi izaten. Gerora, Espainiako Estatutik kanpo diskoak argitaratzea edo banatzea ezinezkoa zitzaigunez, beste diskoetxe batzuekin lanean hasi ginen. Eta orain autoekoizpenera itzuli gara: gure diskoak argitaratu eta banatzaileei ematera.