Donibane Lohizuneko Urdazubi ibaian. Arratsaldeko lauak aldean, hogeita lau gradu. Bero. Antolatzaileen xapitoan, plastikopean auskalo, hogeita hamarretik goiti. Hirurehun bat arraunlari, neskak, mutilak, gizonezkoak eta emakumezkoak. Kolore gaitzeko elastikoak, horiak, arroxak, moreak, urdinak, berdeak... Mende bat baino gehiagoko tradizioa duen kirola zein abandonatuta daukagun baieztatzeko egun egokia. Banaka, minutura. Gazteenetatik hasita mailaz maila guztiak lanean. Ikusleak eta klubetakoak zenbatuta arraunlariak beste. Ez gehiago. Kronometroak dantzan, animuak doinu. Bi orduko ikuskizuna sesiorik gabe burutua. Sekulako lan profesionala poz truk egina, egunerokoan oinarritua. Eta hasi aurretik ikusi gabeko ontzien garraiatzea, mimo handiz tratatutako materialak eskatzen zuten arduraz aritu ziren klubetako laguntzaileek harritu ninduten berriro ere, jakinik, onenean, hedabideek emaitzen berri soilik emango zutela, han parte hartutako inoren izenik ez genuela prentsan ikasiko. Estropaden ondoren arraunlarien gorpuzkerak eta errekuperazioak ikusita, inork ezingo du esan alferrik dabiltzala, metatutako nekeek etorkizun osasuntsua ekarriko baitiete.