Funtzio berriak dauzka Argiaren telefono mugikorretarako webgune egokituak. argia.eus-eko albisteak eta azken hamabi urteotako astekarien edukiak eskaintzeaz gain, Argiako multimedia kanala osorik bistaratu ahal izango du erabiltzaileak sakelakoan. Erabilgarritasuna erraztu asmoz, diseinu aldaketa batzuk ere egin ditugu, baita zenbait funtzio sozial gehitu ere. m.argia.eus helbidean kontsulta daiteke.
Duela urtebete aurkeztu zuenArgiak mugikorretara egokitutako webgunearen lehen fasea m.argia.eus helbidean. Bigarren bertsioa jada sarean kontsultagarri dago, eta hemen xeheago azaldu nahi dizkizugu egindako aldaketak:
Gaurkotasuna. Argia.com-eko albisteak bistaratzen zituen orain arte, eta hemendik aurrera, egunetan atzera egiteko aukera izango du erabiltzaileak, nahi adina atzera joz. “Kargatu albiste gehiago” botoian sakatu eta kargatzen joango dira albiste zaharragoak.
Astekaria. Azken astekariko gai nagusiak argazki bidez irudikatu ditugu, eta argazki horiek hatzarekin mugituz, irakurri nahi den erreportaje edo elkarrizketa hautatu ahal izango duzu. Azpian astekariko artikulu guztiak daude zerrendatuta. Behin erreportaje edo artikulu batean sartuta, mugikorraren zabalerara egokitutako tamainan irakurri daitezke testuak.
Egilearen argazkia eta Twitter kontuak ere bistaratzen ditu webgune berriak.
Artxiboa. Azken hamabi urteotako astekari guztien hemeroteka eskaintzen du. Kronologikoki ordenatuta daude aldizkariak eta nahikoa da azalaren gainean hatzarekin klik egitea astekari horretako eduki guztiak zerrendatuta ikusteko.
Multimedia. Berrikuntza nagusietakoa da hau. Argian duela sei urte multimedia kazetaritza lantzen hasi ginenetik egindako guztia kontsultatu daiteke sakelakoan. Horrez gain, 60 dokumentaletik gora dituzu, beste horrenbeste film labur, Beranduegi Web Telebistako saioak, bideo solteak, diaporamak... Dena mugikor mota ezberdinetarako prestatuta.
Funtzio sozialak. Gainontzeko irakurleek Argiako edukiei buruz dauzkaten iritziak irakurri eta zureak elkartrukatzeko aukera gehitu diogu webgune egokituari. Iruzkinez gain, sare sozialetara lotura zuzenak dituzu orri bakoitzaren azpian, nahi duzuna bi ukitutan zabaldu edo gomendatzeko pentsatuta. Eta “E-postaz zabaldu” aukeran klik eginda, edozein pertsonari e-postaz nahi duzun artikulua bidaltzeko aukera dago, oso erraz eta inongo helbide luzerik kopiatzen hasi beharrik gabe.
Paperezko bertsioan QR kodeekin hasitako bidean sakondu nahi izan dugu honekin guztiarekin, mugikorraren bidez paperean irakurtzen dituzun gaiak zure ingurukoekin elkarbanatzeko eta zure iritzia emateko aukera gehiago baituzu hemendik aurrera.