"Guk ere gure errelatoa fikzioaren bidez agertzen hasi behar genuke"

  • Georg Steiner-entzat “irakurtzea arriskatzea da, garena eta duguna babesik gabe uztea”. “Irakurtzen duzularik irakurri egiten zara” idatzi zuen Sarrionaindiak. Aktore bati so, gure burua antzezten ote dugu, garena eta duguna babesik gabe utziz?

Dani Blanco

Zergatik eman ezezkoa elkarrizketa proposamen bati?

Elkarrizketa bat streaptease bat da, eta streaptease-a arte zaila izateaz gain, biluztean erakustera zoazenak merezi duen eta sasoian zauden uste osoa behar duzu. Elkarrizketa gehiegi eman ditut, eman ditudanen laurdenak eman banitu denontzat hobe. Beti gauza bera esateak jendea aspertuko duen errezeloz bizi naiz eta jendeari kontu jakinak irakurrarazteak izutzen nau. Aktoreei elkarrizketa asko egiten zaie, eta gure ofizioa interesgarria izan litekeen arren, aktore batek ez du zertan pertsona jantzia edo iritzi-emaile aparta izan. Zergatik elkarrizketatzen dira hainbeste aktoreak eta hain gutxi medikuak edo harakinak? Ez al da interesgarriagoa “zein da irakurri duzun azken liburua?” galdera topikoa gure harakinari egitea? Gainera jendeak oso apainduta ikusten gaitu beti, egoki makilatuta eta ondo orraztuta –edo pelukinarekin–, beste batek idatzitako eta buruz ikasitako hitzak ahoan. Horrek areagotu egiten du biluztutakoan maila ez emateko arriskua. “Ez diat mailarik emango!” edo “jendeak uste duena baino tontoagoa nauk!” bezalakoek ikara dakarte. Zeresana duen eta esateko lotsarik ez duen jende asko ezagutzen dut nik, eta betiko batailitak kontatu edo ezer berririk ez ekartzekotan hobe lekua beste norbaiti uztea. Ez dauzkagu hainbeste aldizkari, talaia eta erakusleiho, grabagailua edonoren aurrean jartzeko.

Alta, politikoki inplikatzerako orduan ez zara ezkutatzen denetakoa.

Behin streaptease-a egiten hasita ez da samurra neurria hartzea eta gerta liteke gehiegi biluztea. Segur aski jende batek gehiago ikusi nau pankarta baten atzean edo prentsaurreko bateko manifestua irakurtzen aktore lanetan baino. Ipuineko otsoak bezala, aspaldi erakutsi nituen hatzaparrak, eta nahita ere, orain beranduegi litzateke ezkutatzen hasteko. Horretan, ez dut sekula espekulatu. Badakit aktore batentzat ez dela inteligenteena bere pentsamoldearen kolorea nabarmentzea, baina era berean, pentsatzen duzuna esan eta agertuta hartzen duzun lasaitasunak ez dauka preziorik. Askoz nekezagoa litzaidake “orain agertuko nauk, orain ez” kalkulatzen ibiltzea. Horrek, segur aski, ate batzuk itxi eta beste zenbait irekiko zizkidan, baina nik ez dakit bestela jokatzen. Nire pentsamoldea edo jokaera gustuko ez duenak ez nazala kontratatu, nik ere nahiago dut beste batekin lan egin.

Euskal Herriko zinemari Berlinaleko ateak irekitzen zaizkionean, Mugaritz BSO filma eta sukaldari tropa bidaltzen ditugu enbaxadore. Herri honek ez daki bestela lan egiten?

Denok aldarrikatzen dugu mundura atera behar garela, garena erakutsi behar dugula gure txoko txikian lizuntzen gelditu gabe, baina bidaiatzeko ordua heltzen denean diziplina mutuak, hitzik gabekoak, sartzen ditugu hegazkinean. Izugarri pozten naiz nire lagun sukaldari, dantzari eta txalapartariengatik, baina noiz asmatu behar dugu gure antzerki eta zinema mundura ateratzeko modua? Hori asmatu ezean, zailtasunei iskin egiten ari gara, aukerak galtzen. Gure kultura munduratu behar dugula garbi badaukagu, nola utziko dugu euskara, gure kulturaren erdi-erdian dagoen harribitxia, etxean ahaztuta? Aurtengo Berlinalen sekulako aukera genuen munduko edozein herriren aurrean gure arrastoa agertzeko, eta sukaldaritzari buruzko lan batekin aurkeztu gara! Zergatik ez dute eraman Urte Berri on, amona!, Bertsolari edo Bi anai euskal zinemaren azken uztako erakusgarritzat? Alferrik galdutako aukera izan da, bat gehiago. Noiz arte jarraituko dugu errazkeria horretan, enbarazurik egiten ez duena erakusten eta etxeko lanak egin gabe? Erabili dezagun irudimena. Badira formulak. Guk, Miarritzeko Théâtre de Chimères eta Donostiako Pok taldeekin Bertold Brecht-en Kaukasiar kreazko borobila eman genuen euskaraz Frantziako zenbait hiritan: Narbonnen, Tarbesen, Nînesen, Bordelen... Ikusleek testuaren esaldirik garrantzitsuenak soilik irakur zitzaketen itzulita pantaila handi batean. Akzio handiko lana zen, musikak indar handia zeukan, eta ikusleek primeran jarraitzen zuten istorioa. Gutxitan jaso dugu horrelako txalo zaparradarik.

Mundura atera gabe Euskal Herrian bertan aritzeko ere balio dezake formula horrek. Noiz arte segituko dugu obra beraren euskarazko eta erdarazko bertsioak egiten?

Handia eta txikia eskutik helduta doazenean badakigu nor irteten den galtzaile. Orain arte, ahalik eta gehien mugitzeko eta merkatuaren lau haizetara iristearren, bi bertsioen formula gailendu da. Ez dakit ordea zenbateraino betetzen den helburua. Bi bertsioak eskainita ikusle euskaldun batzuk gaztelerazkoa ikustera joango dira, obra hobeto ulertuko dutelakoan. Baina begira, iazko antzezlanik arrakastatsuena Errautsak izan zen. Bertsio bakarra, ondo egina, indartsua, Gasteizen edo Baionan emateko modukoa, eta baita kanpora eramateko gisakoa ere. Nik, azkenaldian, hala suertatu zaidalako, euskara hutsean egin dut lan, eta niretzat horixe da gozatzeko modua. Nork bere aukera egin dezala, baina gaztelerazko bertsioa egitekotan, aurrena euskarazkoari bere bidea egiten utzi behar zaio, Wilt obrarekin egin den bezala. Euskal antzerkiaren egoera euskararen egoera sozialarekin lotua dago eta tratu berezia behar du, aparteko laguntza: programazioan, sarreren preziotan... Nik uste EHAZE-k, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, lan handia egin dezakeela antzerkiak merezi duen lekua izan dezan. Urtebete pasatxo da sortu zela eta derrigorrezko erreferentzia bihurtzen ari da. Badago zer jorratu eta non eragin. Lana txukun eginez gero emaitzak ikusgarriak izan daitezke. Auzoan daukagu oso baliagarria zaigun bertsolarien eredua.

Auzoa asaldatzeko gisako eredua proposatu zuen Jesus Egigurenek, euskaraz kalitatez lan egiteko, EITB-k gaztelerazko kateak itxi beharko lituzkeela adierazi zuenean.

Xelebrea litzateke adar-jotze kutsurik hartuko ez bagenio. Berak euskarazkoa bakarrik utziko lukeela dio, baina zertan ari dira bere kideak? Niri granoak ateratzen dizkidan “egun on, buenos días” politika daramate telebista publikoan. Estetikoki zein etikoki politika zatarra da eta euskararen normalizaziorako oso kaltegarria. “Ez lanik hartu euskara ikasten, dena itzuliko dizugu” esaten zaio euskaraz ez dakienari. Egigurenek botatakoak bota eta gutxira Sautrela desagertzera doala iragarri dute, ETB-ko programa merkeenetakoa garestiegia dela argudiatuz. Nola ulertzen da hori? Egigurenek euskarazko telebista indartu behar dela dioen bitartean altzariak banan-banan desmuntatu eta atzeko atetik ateratzen ari dira. Nik badakit literaturari buruzko saio batek ez duela ikusle kopuru izugarririk biltzen, baina ez al da telebista publikoaren betebeharra gure literaturari eta gure idazleei erakusleiho bat eskaintzea? Baiezkoan nago. Fikziozko saioei buruz beste horrenbeste esan daiteke. Orain, esaterako, telebistako euskarazko fikzioa hutsaren hurrena da. Goenkale da euskarazko fikziozko telesail bakarra munduan.

Krisi ekonomikoa ere ez da hutsaren hurrena. Zuen ofizioak, ordea, berezkoa du prekarietatea. Nola daramazu hori? Zer harreman duzu diruarekin?

Gure ofizioak prekarietatea berezkoa izateak ez du esan nahi gustatzen zaigunik. Beharbada ez gara hain erraz larritzen baina aktore okupatuenak ere urtero probatzen du langabezia bolada bat baino gehiago. Lan bat bukatu, kobratu beharrekoa kobratu, eta aurretik ezer ez datorren bertigo sentsazio hori. Gure ofizioan ere jende dezente dago lanik gabe. Nik ez daukat kexatzerik, ez zait lanik falta. Horretan zorte onekotzat dut nire burua. Pasa ditut txakalaldiak baina lan batekin ez bada bestearekin beti egin dut aurrera. Diruari gehiegi erreparatu gabe, lanik interesgarrienak hautatzen saiatu naiz, eta gaur egun, ondo bizi naiz. Nahikoa daukat nahi dudan bezala bizitzeko eta gutxiagorekin ere badakit bizitzen.

Arte eszenikoen munduak ere aspaldi ikasi zuen gutxirekin bizitzen, baina noiz hasiko gara herri honen kexak, zauriak, pozak eta istorioak antzerkian edo zineman kontatzen?

Hasi gara. Lehen aipatutako zinemaren azken uztan, Bertsolari, Urte berri on, amona! edo Gartxot gutaz ari dira. Hala ere, egia da gure azken urteetako historiari buruz asko dagoela egiteko. Beste batzuk hasita daude errelatoa idazten eta guk ere gurea fikzioaren bidez prestatzen eta agertzen hasi behar genuke. Zinema industria handia da ordea, eta dirua jartzen duenak erabakitzen du zer kontatzen den eta zer ez. Guk egin nahi ditugun filmak egiteko Madrildik edo Gasteiztik laguntzarik ez badator beste era batera egin beharko ditugu. Gurean gauza handiak egin dira zerutik letorkeen laguntzaren zain egon gabe. Orain, adibidez, presoen gaiari heltzen dion bost dokumentalez osatutako filma egitekoak dira bost euskal zinemagile. Ezin gara lo egon. Film estandarrak egiteko aski sosik ez badago, beste bide, formatu eta euskarri batzuk atzeman beharko ditugu guk nahi ditugun istorioak kontatu eta nahi ditugun proiektuak aurrera ateratzeko.

Donostia 2016ko hiriburu kulturalaren izendapenak zer atera behar luke aurrera?

Egitasmoak bidea egin du nigan. Hasieran hotz hartu ninduen. Sei-zazpi adituk idatzitako aurkezpen txosten lodikotean “kultura”, “bizikidetza”, “pluralismoa” edo “parte-hartzailea” bezalako hitz potoloak azaltzen ziren, eta ideia eder asko, denak sinatzeko modukoak. Hitzak, hitzak baizik ez dira ordea, eta orduko agintariek hori guztia errealitate bihurtzeko zuten gaitasunaz zalantza handiak nituen. Denok ez ditugu hitz horiek berdin ulertzen. Aldea dago batzuek eta besteek nahi eta irudikatzen dugun Donostiaren artean. Jaurlaritzako Turismo sailak eta La Oreja de Van Gogh taldeak atera duten bideoa ikusi besterik ez dago horretaz jabetzeko. Ikuspegi horrekin ez dut imajinatu ere egin nahi zer izan litekeen Donostia 2016koa bezalako egitasmo bat. Baina hauteskundeek udal-agintarien aldaketa ekarri zuten, bestelako estilo bat gailentzen ari da, eta orain inplikatuago sentitzen naiz. Donostia 2016koa ez da alferrik galtzeko moduko aukera. Ez gara ondo hasi Jon Maiaren izendapenaren inguruko eztabaida maltzurrarekin baina seguru nago oztopoak oztopo bide polita urratuko dugula. Garbi daukat aukera paregabea dela, baina ez badugu alferrik galdu nahi, gurea geuretik erakutsi beharko dugula. Asmatu beharra dago, jende asko dago guri begira.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude