Protesta, aldaketaren oinarri

ESPAINIAKO lan erreformak atzerapauso itzelak ekarriko dizkio langileari bere eskubideetan, hamarkada batzuk atzera egingo dela ez dago zalantzarik, eta apurka, hasiko gara nabaritzen. Kontua da zenbateko atzerakada izango den eta ezer egin ezean horrek noraino eraman gaitzakeen. Kontua da XXI. mendeko herrialde garatuetako langile klase zabal eta anitz horrek, zer egin behar duen bere eskubide eta lorpen ekonomikoei eusteko.

Horrek hausnarketa handi eta zabala eskatzen du, kapitalismoaren garapenarekin oso lotua dagoena. Bigarren mundu gerraren ondorengo kapitalismoaren bilakaerak ongizatearen gizartea ekarri zuen Europara, funtsean langile mugimenduaren bultzadagatik. Estatuak ekonomian eta aberastasunaren banaketan parte hartzea zen gizarte eredu horren oinarrietakoa.

Baina kapitalismoaren baitan, gutxiegi irabazten zutela uste zuten askok, eta XX. mendeko 70eko hamarkadaren amaieran eta 80koaren hasieran, neoliberalismoak gogor ekin zion bere ereduaren garapenari, eta haren zabalkundeak egungo krisi ekonomiko bortitzera ekarri gaitu, krisi globala, baina batez ere munduko herrialde aberatsenei eragiten diena.

Bi ondorio handi ekarri ditu Tatcher-Reaganek bultzatutako kapitalismo basati hark: munduan aberatsenen eta txiroenen arteko zanga duela 30 urte baino handiagoa da gaur egun, eta herrialdeen baitan ere, oro har, talde aberatsenen eta txiroenen arteko desberdintasunak gero eta sakonagoak dira. NBEko garapen programek, herrialdeen arteko elkartasunak, elkarbizitza baloreak, zientziaren aurrerapenak… ezerk ez du lortu arrakala horiek txikitzerik, eta urtez urte handitzen jarraitzen dute, 2011 bukaerako Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen txosten batek argi erakusten zuen moduan.

TESTUINGURU horretan kokatu behar da krisitik ateratzeko hausnarketa estrategikoa eta epe laburrean bederen hiru plano garrantzitsutan garatu beharko da berau, gutxienez euskal herritarrari dagokionez. Lehen esparrua klaseen arteko harremana da, klasiko bat humanitatearen historian; hau da, gizartean sortzen den aberastasuna nola banatzen da ahalik eta modu berdintsuenenean?

Bigarrena, Europar Batasunaren eremua da, krisi honek hankaz gora jar dezakeena, bai bere moneta, eta baita bere egitura osoa ere; horrek euskal herritarrongan izan dezakeen eragina begi bistakoa da. Eta hirugarren planoa Espainia-Euskal Herriarena litzateke, une erabakigarriak bizi dituena, bai ETAren aroaren amaieragatik, bai gero eta herritar gehiagoren ustez Espainiaren menpe jarraitzeak kalte egiten diolako euskal gizartearen garapen integralari, bereziki ekonomikoari.

29-KO GREBA hiruki horien erdigunean dator, PPren eraso bortitzari erantzun guran. Azken honen jarrera oso argia da, disimulurik gabekoa: lan harremanen eremuan enpresariaren aldeko apustu argia egiten du; gizarteko aberastasunaren banaketari begira, aberatsenen aldekoa. Euskal Herriko ehunka enpresetan hasi diren kaleratzeak ondo erakusten dute hori. Euskal enpresarien ordezkariak pozarren dira, malgusegurtasunaren eredua deitzen diote; hizkuntza argiagoan esanda zera, enpresariak malgutasuna behar du, langilearen segurtasunarekin zer egin erabakitzeko.

Espainiako gobernuek, azken lau urteetan 130.000 milioi euroko laguntza jarri dute egunotan ikusten ari garen bankuen birmoldaketa gauzatzeko. Mariano Rajoyren Gobernuak, 2012 eta 2013 artean, gutxienez 55.000 milioi euro murriztuko ditu bere aurrekontuetatik Europako defizit jaitsiera aginduei jarraituz. Eta nondik kenduko du? Ez da gaitza irudikatzea: hezkuntza, osasuna, herritarren zerbitzuetatik, egiazko ekonomia laguntzeko zorrotik… Erreskate doinuak indarrez entzuten dira ostera, eta batzuen ustez, Europako Banku Zentraletik Espainiako bankuetara bideratu den dirutza (%1eko interesa duten mailegu ospetsu horiek) mozorrotutako erreskatea da.

Nola aldatu daiteke norabide suntsigarri hori? Nola aldatu, herritarren protestatik hasita ez bada? Eta horixe da greba orokorra oraingoz, boterearen aurrean langile eta herritarrek protestarako duten tresnarik indartsuenetakoa. Hego Euskal Herrian martxoaren 29an azken urte luzetako greba orokor handiena ikusiko da, eta ez da azkena izango.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude