Pazko-goiza

Antton Olariaga

Mila legoa luze eta bi muga latz bitarte, zazpi lurralde apartatutan banatutako herri menditsu bezain itsasotsu bat zen zerupean. Zori gaiztoko militarrek eta politikariek hautsi eta zabartutako herri eder bezain itsusi hartan, euriak hodeitzarra hezetzen zuen, lurra busti ordez.
Bada, ezinezko herri hartan, aitaita Paulinok festarako deia egin zuen behinola, herri inausi hura josteko zazpi maratilen atea irekitzeko giltza aurkitu zuelakoan. Jaia jai, haserre zeukan andrea, amama Regina. Reginak zioen hausnarketarako egin behar zela dei, jairako baino: zehazteko, elkartu beharrekoa zertarako eta nola elkartu.
Festa eta hausnarketa aitzaki, ika-mika eta matraka ederra jaio zen etxe hartan. “Ez haiz nirekin ezer adosteko gai, Regina”. “Adostu hirekin, nork ezer? Nahiago, mando bera birritan erosi Zumarragako ferian!”.

AITONAREN BRINDISA. Etxean larri, baina aurrera egin zuen Paulinok festarekin: banderak eskegi ziren, orkestrak kontratatu, pregoiak idatzi, tabernak ireki... Jendea elkartu zen, erruz. Zazpi lurraldetan bereizitako herri hartan, Pazko-egun handian egin zen, ba, festa.
Gertakari zoriontsua izan nahi zuen ekitaldiak: eritasunaren osteko esne-katilu beroaren modukoa, edo elurtza bitarteko hostopil gozoaren antzerakoa. Anis-tantoarekin hasi zuten aitaitak-eta egun handia, zainak esnatu eta harrotzeko.
Eta horrela, urtero ospatu zen festa. Inausitako lurraldeen zazpi ordezkariek bat egiten zuten frontoian, plazan, hamaiketakoan eta bazkalondoan. Norgehiagoka politak ikusten ziren han, alderdietako eta sindikatuetako buruzagien artean. Zortzidun adigarriak jotzen zituzten txistulariek, borroka politikoetatik urrun.
Bertso eta bertso artean, halako batean, mikrofonora hurbildu, edalontzia jaso eta lau haizetara bota zuen aitonak: “Lagunak, Zazpitegiko Estatu Batuak sortu behar ditugu”.

AMONAREN TXILARRA. Reginak eta Paulinok aspaldi erabakia zuten nor bere aldetik joatea lotara, eta nor bere aldetik erosketetara, jaietara, oporretara... Horrelaxe bizi zuten, bizi, Paulinok eta Reginak beren artekoa.
Pazko-goiz batean, amonak isiltasuna hamaika pusketatan hautsi, eta esan egin zuen irratian ezen, festa hura molde huts eta ohitura zaharkitu bihurtua zela. Hitzak hitz, hezurrik gabeko errutina iheskor bilakatua zela hura guztia. Funtsezkoa bazterturik egiten zela jai-edo hura.
Goizean hori, eta eguerdian mendi-itzulia egitera atera zen Regina. Aspalditxoan, txilarretako txantxangorriarekin laketua zen amama. Harekin izaten zituen elkarrizketa luzeak, txoria itzultzen zenean bere zereginetatik: urruneko printze-printzesen ezteguetatik nahiz hurbileko neska-mutikoen pilota-partidetatik.
Egun hartan, ez zekien Reginak nola barrua hustu, nola esan eta zelan adierazi erraietan sufrezko garrak eragiten zizkion hura. Esan nahi zion txoriari ez zuela ikusten zertarako Zazpitegiko Estatu Batuen kalapita hura guztia...
Baina, txoriak igarri eta, amonak ahoa ireki orduko, lumadunak esan zion gizakiari: “Euskal herria piz badadi, euskarak piztuko du; milikeriak eta koipekeriak dira beste guztiak, jakina; baina, euskarak ere aberriak behar ditu, izan horiek Hirutegi, Zazpitegi ala Hamartegi”.
Kresala eta otea usaintzen diren muino batetik, han ikusten du Reginak Paulino, plazatik gora datorrela, ikurriña xal moduan jantzita...


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude