Normalkuntzaren ARGI-itzalak

Ez da akats tipografikoa izenburua horrela idatzi izana, V. Inkesta Soziolinguistikoaren balantze laburra baizik. Izan ere, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak kaleratu berri duen ikerlanaren ondorioetako bat, hauxe da: “EAEn gero eta pertsona gehiagok erabiltzen du euskara eta gero eta gutxiago dira erdara hutsean aritzen direnak”. Horretan datza emaitza soziolinguistiko horien ikuspegi pozgarri eta itxaropentsua. Ea baikortasun hori berresterik dagoen hurrengo hilabeteetan Soziolinguistika Klusterrak argitaratuko dituen kale-erabilerako datuekin. Horrela balitz, zorionekoak gu, euskaldun euskaltzaleak; zorionekoak gu denok, euskal herritarrok.

Botila erdi huts ikusi nahi duenak ere badu zeri erreparatu inkesta horretan, dudarik gabe, baina lerro hauen lehenengo zirriborroari ekiterakoan debekatu diot nire buruari hortik jotzea. Izan ere, burura etorri zait Komunikazioaren (h)egia blogean egiten zen galdera: Nolako ondorio afektiboa izango luke euskaltzaleengan eta besteengan euskarari buruzko berri onen ehunekoa handituko bagenu? Bai, euskaldun zintzoak zein euskalgintzak badute/badugu albiste baikorren beharra, urte askoko ahalegin eskergaren ordain.

Horregatik, galdera hori bihurtu dut lerro hauen zio. Izan ere, nago euskarari askoz gehiago lagunduko diola irribarre alaiak, asmo oneko imintzio ilunak baino. ARGI-itzalen tirabira horretan, ARGIak gehiago lagunduko digu aurrerapausoak ematen, itzalen iluntasunak baino.

Inkesta horren emaitzetan murgilduz gero, aurrerapausoen sendotasuna adierazten duten zenbait zantzu aurki daiteke: euskararen erabilerak gora egin izana toki-administrazioko eta osasun zerbitzuetako harremanetan; baita, banan-banan hartuta, EAEko hiru lurraldeetan ere. Era berean, ezagutzaren hedapena ere pozgarria da, erabilerarako ezinbesteko baldintza delako.

Aurrerapauso horiek onartu eta gero ekin beharko zaio/diogu gabezien inguruko hausnarketa egiteari, ez lehenago. Eta bistan da euskararen normalkuntzarako bidean badagoela/badugula zer zuzendu edo hobetu, besteak beste, zonalde euskaldunenetako erabilerak atzera egin izana edo familia mistoen herenak transmisioan huts egitea; baita prozesua sendotu eta azkartzeko aukerez hausnartzea ere.

Inkesta horren emaitzetatik harago badaude konpondu edo bir-bideratu beharreko beste alderdi batzuk ere euskararen eremuan. Horietako bat, euskaldunok pairatzen dugun bortizkeria sinbolikoa; alegia, inkontzienteki barneratu dugun erdal munduarekiko mendekotasuna. Adibideak, non-nahi: erdaldun (edo ia-euskaldun) bakar baten aurrean solaskide guztiek erdaraz jardutea; ezezagunei lehen hitza erdaraz egitea; hizpide garrantzitsuenetarako (medikua, lana, dirua...) erdarara pasatzea eta abar. Mendekotasun horretatik askatzeko eta portaera auto-suntsitzaile horiek iraultzeko zenbait baldintza objektibo zein subjektibo bete behar dira; adibidez: euskaldunen kopurua hedatzea; pairatzen dugun mendeko egoeraz euskaldunak jabetzea eta euskaraz egiteko konfiantza eta legitimitatea irabaztea. Kosta hala kosta, lehenbiziko baldintza hori badoa pixkanaka betetzen eta, hortaz, besteak ditugu orain lehentasun.

Baina, zuzendu beharreko alderdi horiek lortu denaren ARGItan aztertu behar da; alegia, prozesuaren baitako hobekuntza bezala, ez urteetako ahaleginak zalantzan errotik jartzen dituen kritika gisa.


ASTEKARIA
2012ko apirilaren 01a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude