argia.eus
INPRIMATU
"Kristalezko sabaia baino lehen, horma trinko eta zurrunak daude"
Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2013ko maiatzaren 07a

Maider García de Cortazar Ingeniariaritzan doktore eta ikerlaria Tecnalian

Zaila da kontziliazioa.

Gaur egungo sistemaren eta antolaketaren arabera, zaila ez, ezinezkoa da. Orain 30-40 urte arte emakume gutxi zegoen enpresa eta zientzia munduan. Hortaz, lan egiteko eta lana kudeatzeko moduak gizonen arabera daude antolatuta.

Pixkanaka, enpresa eta zientzia aldatuz joan dira, mundua bezala, emakumeak gehitzearekin batera, baina aldaketa ez da oraindik antolaketa mailara heldu.

Arazoa ez da familia eta lana uztartzea, biak egungo sistemari uztartzea baizik. Izan ere, etxea eta lana bi proiektu dira, bakoitzak bere helburuak ditu, eta malguak izan behar, biak aurrera ateratzeko. Horiek horrela, goi postuetan gizonezkoak egoten dira, eta ondorioz, beraiek diseinatzen dute lana kudeatzeko modua. Etxean, berriz, alderantziz gertatzen da: maiz emakumeak dira etxeko proiektuaren zuzendari, teknikari, idazkari eta abar, eta beraiek diseinatzen dute proiektu hori nola kudeatu.

Horregatik, kristalezko sabaia baino lehenago, hormak daude, horma trinko eta zurrunak: ordutegiak, nahitaezko presentzia... Zergatik egin behar dira bilerak arratsaldeko zazpietan, eta ez eguerdian, adibidez?

Bi proiektuak batera eraman ezin direnean, emakumeak askotan bat uzten du. Jakina, lana. Uste dut garrantzitsuena helburua lortzea dela, eta antolaketa horretara egokitzea.

Hiru haur txiki dituzu. Nola daramazu kontu hau?

Lan-ordu murrizketa eskatu nuen bigarren haurra jaio zenean. Baina ordu murrizketa eskatuagatik ere, nire gaitasuna edo ardura ez da txikiagoa. Lanean ilusionatuta eta motibatuta bazaude –gaur egungo sistemak ez du asko motibatzen–, ordu murrizketak ez du zertan proiektua aurrera ateratzeko aukera eskastu. Ilusioak eta motibazioak bultzatuko naute beharrezkoa dena bilatzera.

Kontzentrazio handia behar da ikerketan, dedikazioa ere bai. Ordu murrizketak galera dakar. Nola ikusten duzu?

Dedikazioa ordu presentzial kopuruarekin nahastea da akatsa! Ona al da orduak “bete” behar horretan, denbora-pasa egotea? Ona al da bertan kezkatuta egon behar izatea umeak sukarra duenean, lanetik irteteko beldur zarelako?

Bi proiektuak betetzeko aukera ematea da konponbidea. Uste dut proiektu bakoitzak eskatzen duela zer, zenbat, nola eta noiz eman… Biak ere, proiektu luzeak dira, eta urte “kritiko” horiek, berriz, oso gutxi, umeak pixka bat koskortu artekoak, besterik ez. Pena da urte gutxi horiengatik emakumeen talentua, prestakuntza eta esperientzia alferrik galtzea.

Zer du ona emakume eta gainera ama izateak zientziarako?

Zientziarako, emakume izatea ez da gizonezko izatea baino hobea, ez okerragoa ere. Desberdina besterik ez da. Beste ikuspegi bat eduki genezake guk, ikuspegi osagarri bat, alegia. Baina agian ama izatetik eta ama izateak sorrarazten dizkidan ataka eta konpromisoetatik, atera nitzake zientziarako umeekin maiz hain beharrezkoak diren irudimena, enpatia, asmamena, adimen zabaltasuna, inprobisazioa eta abar. Ume bat kasketa batetik ateratzea eta horri buelta ematea, hori bai esperimentua! Baliabide guztiak erabili behar! Esperientzia, prestakuntza, talentua, gaitasuna, ezker eskua, eta baita goi mailako negoziazio ahalmena ere! Horregatik, ikuspegi humanistagoa eman diezaiokegu lanari, gaitasun emozionala baliatuta.

Nola antolatzen duzu eguna?

Ordutegi jakin batzuetara nahitaez egokitu beharragatik, nahiko gaizki, egia esan. Izan ere, erlojuaren mende bizi naiz, helburuen mende bizi beharrean. Horregatik aldarrikatzen dut beste modu bateko antolaketa, helburuei begirako antolaketa.