60ko hamarkadan, Peter Higgs fisikari britainiarrak esan zuen partikula elementalen artean beste guztien jatorria izango zen partikula bat existitu behar zela, eta bosoi deitu zion. Oraindik ez da frogatu halakorik dagoenik. Zientziaren argotean “Jaungoikoaren partikula” ere esaten zaio bosoiari.
Azken aldian, CERNeko ikerketa asko argitara ematen ari dira hedabideetan. Oraintxe puri-purian dagoen gaia argiaren abiadura baino azkarrago mugitzen omen diren neutrinoena da, baina horretaz eztabaidatzen den bitartean, CERNek esan du Higgs-en bosoiaren lehen aztarnak aurkitu dituela. Ez da ahaztu behar horixe dela, hain justu, 1.800 milioi euro kostatu den LHC partikula-azeleragailuaren helburu nagusietakoa. Bitartean, gauza bera lortu nahian dabiltza AEBetan, Tevatron azeleragailuaren bitartez. Bateko eta besteko zientzialariek diote ez direla elkarrekin lehian ari, lankidetzan baizik, baina...