Gure porrota

Beharbada, Beñat, Jose Luis, kutsu epistolarragoz ibili izan bagina emaitza hobeak genituzke, karta bati bertan irakurritako ezeri erreferentzia egin gabe erantzutea ez baita adeitsua, eta hala, aurretik idatzi duenari kasu ez egitea kontu pertsonala litzateke, eta Beñat, aipatu dituzun morbozaleek arrazoi izango lukete, haserre geundeke bata bestearekin, saila kitzikagarriago egingo lukeen zerbait (beste inon tokatuko balitzaigu halako sailen bat errepikatzea, hitz emaidazue, lehenengo, Kaña bat hartuko dugula, edo Bloody Mary bat). Nik gaur Beñat, zurekin guztiz ados nagoela esateko tentazioa dut, baina behin idazten jarrita, ez dugu alferrik egingo.

Ondo edo gaizki konpontzen ote garen argitzera jarri bazara, norbaitek gaiaz esplizituki galdetu dizulako dela suposatzen dut, elkarri esan dizkiogunekin, nik nire kabuz, ez bainuke inoiz imajinatuko inork haserre gaudela pentsa zezakeenik. Poztu egin nau, kritika asko egin baitezakegu kanporantz, baina gurea, maiteak, eztabaida kontuetan, porrot handi bat izan da. Haserre gaudela pentsatuko balute guri, zer? Gu, zer? Iruditzen zait, testuak baino, serio hartzen duguna gure burua dela. Ez da berdin-berdina. Niri haserreez galdetu zidaten aldia, bataren edo bestearen aldeko atxikimenduekin, Aritz Galarragak Deabruaren abokatua sailerako egin zidan elkarrizketa baten harira izan zen; egin didaten dibertigarriena, bigarren galdera sortari “bigarren rounda” izenburua jarri zion. Giltzurrun bat emango nuke Chesterton eta Shaw eztabaidan entzuteagatik, hain lagun!

Ez dakit nondik datorkigun polemizatzeko patxada, flema, falta hau.

Esatera nindoan euskal sistemaren txikitasunak zirkuluak ixten dituela, beti esaten dena, denok elkar ezagutzen dugula, komeni dela elkarren solemnitateak errespetatzea, ez gauza handien truke ere, laztan batzuk beharbada, gehiago adinean aurrera, hitzaldi bat, kolaborazio baterako proposamena, eta batez ere, inoiz ez isiltasun hori, zure pentsamenduak zure lankidearenaren pare tratatuak diren mundu bat, idazle tonuz hitz egin ahal izateko uharterik gabe; baina ez da hori...; batzuetan pentsatzen dut alferkeria intelektuala dela, esfortzu handiagoa eskatzen duelako buelta bat gehiago emateak, eta gure porrota esplikatzeko zentzuzkoagoa da; baina idazleek ere zoriontsuak izan nahi dugu gehienetan, gaixotasun hori, eta eskailerak gorantz igo... Ez gurea azaltzeko, mozkor burutapentzat baizik, gutxi irakurtzen dela ere esan dut, idazleen artean, eztabaidatzearekin zerikusi handia duena; baina gero gogoratzen naiz nire erreferentziak, estrukturalak, ez direla berrienak izaten, eta horrek beste zailtasun bat ekarri dit: nire erreferentzia berberak behar ditut eztabaidatu ahal izateko? Zer ikusia du dakiguna baino ikasten ez dugula dioen baieztapenarekin? Flaubertek zera idatzi zuen aldarrikatuz hasi naizen genero epistolarrean; “Lagun ezezagunentzat argitaratzen dugu. Inprentak hori baino ez du ederretik. Zabortegi zabalagoa da, urrutitik kolpatzera doan sinpatia tresna bat”; eta agian pentsa daiteke, behar bezala, lagunekin baino ezin dela eztabaidatu, ezezagunak badira ere. Eta gu hiruok, ez gara gaizki konpontzen, Madrilera etorriko bazinate, etxera gonbidaturik zaudete, ironiarik gabe diot, baina ez gara lagunak, ezta zentzu horretan ere, eta “sinpatia kolpeak” ez duela bataren erreferentziatik bestearenera iristen asmatu. Ohartzen naiz azkenean alferrik idatzi dudala, zu horixe esanez hasi baitzinen Beñat; ados beraz.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude