argia.eus
INPRIMATU
"Gizon edo emakume, ikerlari guztientzat da traketsa egoera"
Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2013ko maiatzaren 07a

Naroa Aldanondo Aristizabal Biologian doktore, Saudi Arabiako unibertsitate batean ari da lanean

Zer egiten du Kantauriko antxoa ikertu duen emakumezko doktore batek Saudi Arabian?

Horixe galdetzen diot nire buruari sarritan! Egia esan, behin tesia bukata ez nuen Euskal Herrian ikerketan jarraitzeko lan-aukerarik izan. Horrek kanpora begiratzera bultzatu ninduen. Hemen, Saudi Arabian dagoen unibertsitate batean lan eskaintza interesgarria sortu zitzaidan, eta buruari buelta batzuk eman ondoren, hona etortzea erabaki nuen. Doktoretza ondorengo beka batekin nago, printzipioz urtebeterako. Itsaso Gorrian bizi diren arrainak ikertzen ditut: arrain hauen biologia eta ekologia, otolitoen azterketa, DNA-teknikak erabiliz.

Zer nolakoa da zure bizimodua? Nola antolatzen duzu eguna?

Hemengo bizimodua, campus barrukoa, oso lasaia da. Larunbatetik asteazkenera ia fakultatean pasatzen dut eguna. Lana bukatutakoan, etxera joaten naiz gehienetan. Oraindik denbora gutxi daramat hemen (hilabete eskas) eta etxea antolatzen, erosketak egiten eta abar, badut nahikoa zeregin. Dena den, asteburuetan –hemen ostegunek eta ostiralek osatzen dute asteburua– Jeddah-ra joaten naiz, hemendik ordubetera dagoen hiri batera. Hori bai, behin campusetik aterata abaya jantzi behar dut nahi eta nahi ez. Kanpus barruan bakoitza nahi den bezala jazten da. Jeddah-ra joateko campusetik bertako zentro komentzialetara eramaten gaituen autobusa daukagu. Izan ere, emakumeok campusetik kanpo debekatua dugu gidatzea.

Nolakoa da unibertsitate esparrua? Zure lan taldea?

Lan taldea ez da oso handia. Hamar lagun inguru gara, zazpi gizon eta hiru emakume, denak atzerritarrak. Emakumeak gutxiago gara, egia da, baina kasu honetan arrazoi bereziak ere badira. Saudi Arabiara etortzeko erabakia da zaila emakumezkoarentzat, zer esanik ez bakarrik etorrita. Estatu honek ezartzen dizkigun baldintzengatik da. Baina campusean ez da horrelako arazorik. Unibertsitate esparruan, ikerketan batez ere gizonezkoak daude. Emakume gazteak gutxi gara. Administrazioan, aldiz, bertako jendea da nagusi, eta emakumeen presentzia nabarmena da.

Aztin ere aritu zinen lanean. Orokorrean, ba al da alderik unibertsitatearen eta ekimen pribatuaren artean?

Antzeko egoera ikusten dut, alegia zaila denetan. Lan eskaintzak ez dira ugariak eta sarritan kanpora atera behar da ikerketan jarraitu ahal izateko. Ez zait iruditzen emakumea izatea desabantaila denik zientzia arloan, gaur egun behinik behin ez. Egoera ikerlari guztientzat da traketsa, gizon izan edo emakume izan. Eta kanpora ateratzeko erabakia pertsonaren araberakoa da.

Ez dut alde handirik sumatzen unibertsitatearen eta ekimen pribatuaren artean. Badut halere, halako pertzepzio bat, unibertsitatean emakume gehiago dagoela goi mailako postuetan.

Ba al da diferentziarik, zure alorrean beti ere, emakumezkoek zuzentzen dituzten ikerketen eta gizonezkoenen artean?

Ezagutu ditudan ikerketa arduradun nagusiak gizonak izan dira. Ez dut emakume ikerlaririk ezagutu ardura handiko postuetan. Arrazoiak ez ditut garbi, baina belaunaldi kontua ere izan daitekeelakoan nago. Datozen urteetan alda daitekeen zerbait dela iruditzen zait.

Nola ikusten duzu kontziliazioa zauden tokitik?

Orokorrean, edozein lan-postutan hobetu beharreko zerbait da kontziliazioa, eta zientzia ez da salbuespena, batez ere nire adinean. Argi dago haurdun geldituko banintz ez ninduketela inon kontratatuko, ez ikerketa zentro batean, ez unibertsitate batean ezta taberna batean ere. Hemen, adibidez, gutxienez urtebetez aritu behar duzu lanean, amatasun baja hartu ahal izateko.