Lagun bat daukat bi bider interbenitua, bi bider erreskatatua: greziarra da eta banku portuges batean egiten du behar! Akaso horregatik dauka patxada hori, sano helenoa den ironia beltz puntutxoarekin adierazi baitzidan lehengoan poeta erdaldunen antzera daudela eurak, Alemanei itxaroten, lasai. Lur jota, esan nahi baita.
“Zergatik halako geldotasuna Senatuan? Zergatik jezarrita daude senatariak eta ez dute legerik ematen?” galdetzen zuen Kavafisek Erdaldunen esperoan poeman. “Erdaldunak egun helduko direlako. Zeintzu legeak emanen dituzte bada senatariek? Erdaldunak heltzen direnean emanen dituzte”.
Baina erdaldunak ez dira iritsi, eta kale eta plazak hustu egin dira bizkor. Ilundu du eta erdaldunik ez da ageri, eta batzuk mugetatik heldu dira, eta esan dute erdaldunik jadanik ez dagoela. “Eta orain zer gertatuko zaigu erdaldunik gabe? Jende hauek zelanbaiteko konponbidea ziren”.
Ezinegon hori ulertzen dut, erabaki beharrarena. Baina erdaldunak ez baletoz? Eta geure etorkizunaren jabe geu bagina?