Ba al du desagertzeko arriskurik?

  • Europan eta mundu osoan egoera ekonomiko eta finantzarioa larria den garai honetan, zalantzan jarri da hainbat herrialderen kaudimena, eta ondorioz, baita Europar Batasunaren iraupena eta euroaren etorkizuna ere. Ba al du euroak lehertzeko arriskurik?

Galdera fikzio hutsa izan zitekeen artikulu honen lerroburua. Ez da, ordea, hain zentzugabea, krisi ekonomiko eta finantzarioak eragin dituen ondorioak ikusita, batez ere Europan. Jakina da Europar Batasuneko herrialde batzuek kaudimen gabezia dutela –batez ere Greziak–, eta egunero esaten digute, enpresek ez ezik, Europako herrialde batzuek ere hondoa jotzeko arriskua dutela. Horrek, bistan denez, ondorio izugarriak ditu familia eta langileengan, lana eta eskubide sozialak galtzen baitituzte.

Testuinguru horretan, ez da hain arraroa pentsatzea euroak jarraituko ote duen edota desagertu egingo den. Hain zuzen ere, Gaindegia ekonomia eta gizarte garapenerako behategiaren 2011 Txostena (oraindik paperean argitaratu gabea, baina www.gaindegia.org webgunean irakurgai) galdera horri erantzuna ematen saiatu da. Bertan, Joseba Barandiaran ekonomialariak horren inguruko hausnarketa egin du Eta, euroa lehertuko balitz, zer? izeneko artikuluan. Bertatik ateratako ondorioa aurreratzen dizuegu: errazagoa da Europa birmoldatzea euroa baztertzea baino, errazagoa da euroa txertatzea euroa desagerraraztea baino.

Teoriatik praktikara

Europar Batasuneko kide den herrialde batek aukera du, teorian, batasun horretatik irteteko; eta beraz, euroa uzteko. Herrialdeek euroan jarraituko dute, betiere ikusten badute etorkizun hobea izango dutela Euroguneko herrialde gisa, eurotik aterata baino –aldaketak ekarriko lituzkeen kostu guztiak kontuan hartuta, jakina–.

Indarrean dagoen legeriak ez du aurreikusten Euroguneko herrialde batek euroa uzteko modurik. Horrek ez du esan nahi ezinezkoa denik, noski, legeak egin eta aldatu egin daitezkeelako. Baina, edonola ere, oztopo juridiko asko daude horretarako. Bestalde, estatu kolpe bat ere gerta liteke, baina bide berri hori ere zaila izango litzateke. Eurotik ateratzea bideragarriagoa izango litzateke Alemaniarentzat, Grezia, Portugal, Italia edo Espainia bezalako periferiako herrialde batentzat baino, besteak beste moneta berri bat jaulki beharko bailitzateke... eta drakma berria, pezeta berria edo lira berria ezin izango lirateke marko berriarekin lehiatu.

Gainera, eurotik irteteak ekarriko lituzkeen zailtasun logistikoak ere kontuan hartu behar dira. Txanpon eta billete berriak jaulkitzea ez da lan erraza, milaka unitate behar baitira; eta hori nekez egin liteke ezkutuan. Bestalde, moneta sistema berriak ere onarpena izan behar du; eta onarpen hori lortzea ez da hain erraza. Izan ere, herrialde batek txanpon eta billeteak aldatzeko, beharrezkoa da biztanleriari publikoki azaltzea, nahasmendurik eta iruzurrik gerta ez dadin. Horretarako denbora eta publizitatea behar da, eta esan bezala, ez da erraza onarpen hori lortzea. Horretaz guztiaz gain, makina txanponjaleak eta, oro har, diru fisikoa erabiltzen duten makina eta gailuak ere egokitu egin beharko lirateke, hala nola bidesariak, garraio publikoaren ordainlekuak, eta abar. Prozesu hori ez da merkea, ezta laburra ere.

Euroa uzteak oso bide arriskutsuan sartzea dakar berarekin, eta ziurgabetasuna sortuko luke. Barandiaranen ustez, txanpon berri batek nekez izango luke truke baliorik lehen unetik.

Moneta berria jaulkitzeko arrazoiak

Dena den, erraza da herrialde batek moneta berri bat jaulkitzeko izan ditzakeen arrazoiak identifikatzea. Joseba Barandiaranek batzuk deskribatzen ditu bere artikuluan. Behin herrialdeak bere txanpona debaluatzeko ahalmena berreskuratutakoan, lehiakortasuna irabaziko luke, atzera ere banku zentral burujabe bat izango luke eta, akaso, gerora hazkundea eta enplegua sortzeko aukera izango luke. Arazo larri bat dago, ordea: oso litekeena da herrialde hori, izan estatua, enpresak nahiz familiak, eurotan –edo atzerriko beste txanpon batean– zorpetuta egotea. Eta ez euren artean bakarrik, gerta liteke hirugarren hartzekodunekin ere zorpetuta egotea. Hala, “euren zorrak bikoiztu egingo lirateke txanpon berriaren balio galerarekin. Hau da, zor horiek ordainezinak izango lirateke eta nazioarteko merkataritza harremanetan porrot egingo lukete, kaos juridiko eta ekonomiko galanta eragiteaz batera”.

Finantza ikuspuntutik, txanpon berria jaulkiko lukeen herrialdeak eta haren enpresek isolatuta gelditzeko arriskua izango lukete. Egoera horrek oinarrizko nahiz luxuzko ondasunen eskasia ekar lezake, bereziki normalean inportatu litezkeen ondasunak: petrolioa, jakiak, argindarra… Horrez gain, mugak ixteak eta kanbio-kontrolak eraginda, estraperloa berpizteko arriskua legoke.

Errazagoa Europa birmoldatzea euroa baztertzea baino

Joseba Barandiaran ekonomialariaren arabera, errazagoa izango da Europa birmoldatzea euroa baztertzea baino. Berak dioenez, Europaren etsai komertzial nahiz politikoek irabaziko lukete gehien euroa lehertuko balitz. Bestalde, ekonomialari honek euroa jaulki aurretik moneta gune bateratu baten egokitasunerako ezarri ziren lau baldintzak gogorarazten dizkigu. Lehenengoa: batasuna, integrazio-komertzial handia duten ekonomien artekoa izatea, ekonomia irekiak izatea. Bigarrena: shock ekonomikoen eragina simetrikoa izatea oro har, hau da, gutxi izatea estatu bati kalte eta besteari mesede egiten dioten shock edo gertaerak. Horretarako, Barandiaranek dio herrialdeek merkataritza intrasektoriala izan behar dutela batez ere, sektoreen artekoa baino gehiago. Hirugarrena: lanaren mugikortasuna moneta batasuneko lurraldean. Eta azkenik, laugarrena: federalismo fiskala.

Horiek dira moneta batasun eraginkorra lortzeko lau baldintzak. Une honetan betetzen al dira? Gaindegiako artikuluan egileak ez dio galdera horri erantzuten, baina euroa lehertuko ez den esperantza du. Errealitatean, berriz, Euroguneko hainbat herrialdetan pentsa daiteke baldintza horiek ez direla betetzen. Beste kontu bat da Euroguneko herrialde batzuek euroa lehertzeko interesa izatea edo ez.
 


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude