Requiem bat Musikherriari

  • Zazpi urtean egindako bidea bukatutzat eman dute Musikherria kolektiboko kideek martxoaren hasieran. Euskal Herri osoko talde hasiberrientzat sortu zen plataforma eta 82 lan eman ditu argitara, denak autoekoiztuak eta lizentzia libredunak. Baina egitasmoaren sua itzaltzen joan da urteekin. Zergatik?

Musikherria 2005ean aurkeztu zen Bilboko Kalderapekon.
Musikherria 2005ean aurkeztu zen Bilboko Kalderapekon.

“Nahiko erreta bukatu dugu” dio Unai Bergara Musikherriako kideak eta Oliba Gorriak taldeko bateria-jotzaileak. “Azkenean musikari buruz geneukan paradigma guretzat dogma bilakatu da, askatzailea izan behar zena guztiz kontrakoa bihurtu da nire iritziz. Beste diskoetxeen funtzionamendua errepikatu dugu, azken urteotan bilkurak oso gutxi izan dira… Hasieran eztanda izan zena hor bukatu zen”. Doinu autokritiko bera du kolektiboak agurraren berri emateko atera duen idatziak ere. Amaierak ez daukala zerikusirik kapitalismoaren krisiarekin, kolektiboaren erritmo eta jarraikortasun faltagatik ideiak tiraderan hautsa hartzen geratu direla eta momentu batetik aurrera, Musikherria bera bihurtu dela kontzeptu berriak kalera ateratzeko oztopo.

Bukatu baldin bada, bukatu da, baina ate bat ixteak ez du esan nahi bestaldean ezer geratzen ez denik. 2005. urteko martxoan antolatutako Gaztemugi topaketetan erein zen Musikherriaren hazia, nahiz eta lehenago ere Gaztesarea atarian gaiari buruz franko eztabaidatzen ari ziren. Eta oraindik ere, eztabaidarako puntu gisa balio dezakete orduan plazaratutako gaiek: musika pribatizatzea eta kontsumo-produktu soil bihurtzea, kontzertu txikiak indartzeko premia, musikarien profesionalizazioa, copyleftak eskaintzen dituen aukerak… Panorama asko aldatu da zazpi urtean, baina bistan da marko orokorrak antzekoa izaten jarraitzen duela bai musikarientzat, baita zaletuentzat ere; eta beraz, marko hori auzitan jarri nahi duenak antzeko galderak egin beharko dizkiola bere buruari. Musikherria abian jarri zutenek beren erantzunak bilatu zituzten: diskoetxea martxan zegoen urte bereko urrian, autogestioan eta auzolanean oinarritua, mota guztietako musikak plazaratzeko eta lehen urratsak egiten ari zirenei ekoizpen-baliabideak eskura jartzeko asmoz. Klaserik gabe, artisten artean bereizketarik egin gabe, maketa/disko dikotomia puskatu nahian. 40 talde baino gehiago ageri dira Bilboko Kalderapekon ateratako familia-argazkian.

Bergarak azaldu du nola antolamendua asanblearioa izan zen hasieran, eta nola gero lan-talde zehatzagoak sortu ziren, komunikaziorako, adibidez. Diskoetxe hutsa baino gehiago izan gura du eta bestelako eredu kulturala bultzatzen duten guneetan hasiko dira ozenen entzuten plataforma berriko musikarien kantak. 2005 eta 2006 urteen artean antolatutako Gaztetxe Bira da horren lekuko: nazio osoko 40 zentro sozial autogestionatutara iritsiko dira Musikherriako taldeak.

Banaketa, zailtasun gaindiezina

Dendetan saltzen diren diskoen prezioak, produzitzea kostatzen dena baino askoz garestiago merkaturatzen dira, bitartekariek –batez ere banatzaileek– tartaren puska handi bat eramaten dutelako. Musikherriak buruan hartu zuen diskoak merkeago argitaratzea –3 eta 5 euroan daude salgai katalogoko lan asko–, eta horretarako beharrezkoa zen CDak bestela banatzeko sistema asmatzea. “Bageneukan sare bat antolatzeko ideia, baina ez dago dirurik, ez dago azpiegiturarik eta tabernetan jartzen genituen CDak salgai; baina tabernak ez dira CDak saltzeko tokiak” dio Bergarak.

Denborak ere higatu du proiektua, hasieran parte hartu zuten taldeak desegiten joan diren heinean ez direlako beste batzuk sartu lekukoa hartzera. “Gure lan egiteko modua posta-zerrendan oinarritu da eta oso zaila da hainbeste jende koordinatzea, jakinda talde bakoitza mundu bat dela. Talde gutxi mantendu dira hasieratik, gehienak hasiberriak ginen eta normala da batzuk desagertzen joatea. Baina horrela lan egitea ez da batere erraza. Egon da jendea kristoren gogoekin, eta halako batean taldea pikutara joan da eta bidean geratu dira”. Desegin barik, hazi diren taldeentzat ere, momentu batetik aurrera motz geratu da Musikherria, Bergararen ustez: “Astebururo jotzen aritu den talde batentzat ez da izan, beharbada, plataforma egokiena, hasiberriei aukerak emateko sortu zelako”.

Badago gauzak bestela egiterik

“Ezagutzen ez genuen mundu batean sartu ginen. Egin dugun lana positibotzat jotzen dut, baina erronka oso handia zen. Hasieran geunden pertsona guztiekin jarraitu izan bagenu zer edo zer egingo genuen, baina bukaerarako karga modura hartu dute lanean aritu direnek”. Plataformak esparru zabalegia hartu nahi ez ote zuen galdetu diogu Bergarari, azken finean, Euskal Herri osoko musikariak koordinatu nahi zituen-eta. Beharbada baietz dio, eta maila lokalagoan, Musikherriatik sortu diren plataformek, antzeko ikuspegiarekin lan egiten dutenek, funtzionatzen segitzen dutela aipatu du, Arabako Musikgerrilla kolektiboak, berbarako. Elkartzeko arrazoia geografikoki hurbil egotea bezainbeste izan daiteke musika ulertzeko modua edo taldeen arteko harreman ona. Gakoa, beste edozein elkartetan bezala zera da, kolektiboari eskaintzen zaion denborak eta lanak trukean zerbait ekarri behar diola musikariari. Inertziak janda, Musikherriak azkenerako ardura eskatu bai, baina ez zuela ezer eskaintzen esplikatu du Bergarak. Hobe berandu baino lehen ateak ixtea beraz. Kolektiboak funtzionatzeko zeuzkan sos apurrak Lodosako Ibaialde ikastolari ematea erabaki du.

Aurrera egiteko ezintasuna eta artikulu hau ia osorik hartu duen autokritika gorabehera, Musikherriak gauza interesgarriak ekarri dizkio Euskal Herriko musika panoramari. Lizentzia libreen aldeko postura egin izan ez balute, beharbada gaur egun ez ziren hain zabalduta egongo gure artean; eta ohiko diskoetxeen eredutik harago, esploratzea merezi duten lurraldeak daudela ere argiago dago orain 2005. urtean baino. “Badakit eragin dugula eta gaur egun jendeak hobeto pentsatzen du zein diskotan gastatu dirua eta zeinetan ez; igual izan gara plataforma bat taldeei sinesgarritasuna emateko. Izan gara motore bat, esanez ea zer ostia zen hau, kristoren dirutzak inbertitzen zirela musikan. Erakutsi dugu gauzak egiteko beste modu bat dagoela”.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude