Bilboko dendariak bezeroari begira

  • Bilboko lau merkatarirekin aritu gara berbetan. Euskara ikasten ari dira, bezeroarekin hizkuntza hori erabili nahi dutelako. Lotsa ematen die lehen hitza euskaraz egiteak, baina haiei hala eginez gero ikasitako guztia mihira dakarte.

Ezkerretik eskumara Jabi Carrillo, Fernando Garcia, Arantza Alvarez irakaslea, Amaia Chorro eta Izaskun Bilbao.
Ezkerretik eskumara Jabi Carrillo, Fernando Garcia, Arantza Alvarez irakaslea, Amaia Chorro eta Izaskun Bilbao.

“Normalean hemen Bilbon oso arraroa da bezeroek euskaraz egitea”. “Nire dendan gero eta gehiagok egiten du”. “Ba nik egunean birritan-edo edukitzen dut dendan euskaraz hitz egiteko aukera”. “Erakusleihoko kartelak hizkuntza bietan dauzkat eta horrela jendeak susmatzen du barruan euskaraz egin daitekeela”. Bilboko zentroan lan egiten duten merkatarien berbak dira horiek. Astean bi eguerdi ostetan euskara ikastera joaten dira Indautxuko AEKra. Badabiltza ikasten, eta ausardia pixka bat batuta, bezeroekin euskaraz egiten saiatzen dira. Horretarako lehen baldintza bezeroek eurek lehen hitza euskaraz esatea izaten da.

“Duela asko hasi nintzen euskaltegian, baina lan ordutegiarengatik klaseak utzi behar izan nituen”. Merkatari ugariri gertatu zaio Jabi Carrillori gertatu zaionaren antzeko zerbait. Burdindegi baten egiten du lan eta eguerdian euskara ikasten hasi da aurten. Duela hiru urte, Bilboko Udala dendarientzako ikastaro bereziak diruz laguntzen hasi zen, Biribilko izeneko egitasmoaren baitan. Klase gehienak eguerditan izaten dira HABE eta AEK-ko euskaltegietan. Indautxuko AEKn egon gara gu, euskara ikasten dabiltzan merkatariekin solasean.

Euskaltegira eguerdi ostean gerturatu gara, izan ere, ordu biak eta laurdenetan hasten du merkatari talde batek euskara ikastaroa. Gaurkoan lau lagun batu dira. Amaia Chorro botikaria da eta duela hiru urte hasi zen Biribilkon parte hartzen. Fernando Garcia ere bai; telefono mugikorren denda batean egiten du lan. Izaskun Bilbaok bigarren urtea du hau eta kirol dendan egiten du behar. Laugarren ikaslea Jabi Carrillo da. Arantza Alvarez arduratzen da ikastaroa zuzentzeaz.

Gustura dabiltza euskara ikasten. Astean bi egun gutxi dela diote, baina dendetako ordutegia kontuan hartuta eurentzako ordutegi egokiena hori da.

Bezeroek lehenengo hitza

Azalpenak ederto ematen dituzte euskaraz lau merkatariek, baina bezeroei “zerbait gura duzu?” galdetzen... ez, oraindik ez dira ausartzen bezeroengana euskaraz zuzentzen. Gainera, azaldu dutenez, bezeroek eurek edukitzen dute lehenengo hitza, eta Carrilloren arabera, “nahiz eta jakin, oso arraroa da bezeroek euskaraz berba egitea”. Chorrok ere gauza bera uste du: “Ulertzen dugula badakite, egingo dute, baina normalean ez dira ahalegintzen”.

Bilbaori, aldiz, kirol arropa dendan, gero eta bezero gehiagok egiten dio euskaraz. Erakusleihoan kartel guztiak euskaraz jartzen saiatzen dela azaldu du: “Gabonetan ordutegi berezia iragartzeko kartela idatzi nuen”. Gero Alvarez irakasleari ekarri zion zuzentzeko. Kartelekin jendeak barruan euskaraz hitz egiteko aukera ikusiko duela uste du: “Horregatik gero eta jende gehiagok hitz egiten dit euskaraz!”. Lotsa apur batekin erantzuten diela aitortu du, “eta bezeroek oso pozik hartzen dute”. Carrillok ere igartzen du bezeroen harrera ona: “Bikote bat sartzen bada eta euren artean euskaraz badabiltza, pista ematen dute; eta gero ‘poltsa bat ipiniko dizut?’ galdetuta poztu egiten dira”. Bilbaok nabarmendu duenez, “nahiz eta txarto egin, jendeari gustatu egiten zaio, eta animatu egiten gaitu euskaraz berba egitera. Moldatzen gara, euskara eta erdara konbinatzen ditugu eta bezeroek asko eskertzen dute”.

Hala eta guztiz ere, euskaraz beharrean berba egiteko aukera gutxi izaten dutela nabarmendu dute merkatariek. Fernando Garciak azaldu duenez bere inguruan lankideetako inork ez du euskara erabiltzen, eta Carrillok kalkuluak egin ditu: “Egunean bi aldiz-edo edukitzen dut euskaraz hitz egiteko aukera burdindegian”. Badauka, hala ere, bezero fidel bat beti euskaraz egiten diona: “Giltzak egitera etortzen da, nigana beti, eta euskaraz egiten du. Gustura egongo da zerbitzuagaz, baina nik euskaraz jakiteak ere eragina daukala uste dut”. Garciak, telefonoen alorrean lanean ibilita, bezeroak kexaka badatoz ez duela sekula euskaraz egiten azaldu du, gai korapilatsuetan euskaraz ez baita eroso sentitzen: “Atseginak badira agian bai”, dio erdi barrez.

Seme-alabekin euskaraz

Carrillok egunerokoan normalean ez du euskara praktikatzen, baina bere umeekin beti: “Jaio zirenetik egiten diet euskaraz, baina maila batera heltzen zebiltzala ikusi nuen, eta horregatik erabaki nuen euskara hobetu behar nuela euskaltegian”. Garciak ere bi seme-alaba ditu. Eskolako lanetan laguntzen saiatzen dela aipatu du, eta ez dela batere erraza: “Normalean euskaraz hitz egiten den herriak bisitatu gura izaten ditut umeek ikusteko beste pertsona batzuek erabiltzen dutela eta ez dela eskola barruko gauza bakarrik. Harritu egiten dira”. Carrillok nabarmendu duenez, “badakit euskara eskolagaz erlazionatzen dutela, eta horregatik egiten diet beti euskaraz”.

Kontuak kontu, euskararen etorkizunaz baikor dira merkatariak. Garciaren iritziz, gaur egun asko erabili ez arren, “gero beharrezkoa izango da”. Bilbaok ere gauza bera uste du: “Gurasoek ez dakite, baina umeek bai, eta eurek nagusitzean euskaraz hitz egingo dute”.

Biribilko egitasmoaren jarraipena

Klase amaieran ikasleek ardura bat azaldu dute; ez dakite datorren urtean euskara ikasteko diru-laguntzak jarraituko ote duen: “Talde txikia gara eta orain krisia dela-eta gaitza izango da agian”. Jarraitzeko gogoz daude, eta horretarako merkatariei egitasmoaren berri ematea behar dela nabarmendu dute: “Askok ez dakite eguerdian aukera hau dagoenik, udalak publizitate gehiago egin beharko luke”.

Bilbo, gero eta euskaldunago

Biribilko egitasmoa martxan ipini aurretik Bilboko Udalak merkataritzaren azterketa soziolinguistikoa agindu zion Siadeco aholkularitza enpresari. Ondorioztatu zenez, Bilboko merkatarien %22,9 euskara ulertzeko gai da. Inkesta pasatutako merkatarien %30,5ak euskarazko ikastaroekiko interesa agertu zuen.

Hiru ikasturteotan 469 merkatari hurreratu dira Bilboko euskaltegietara Biribilkon parte hartzera; aurten 112 dabiltza euskara ikasten. Proiektuaren arduradunek nabarmendu dute euskara ikasteko arrazoi nagusi bi dituztela merkatariek. Batetik, interesa dute euskara euren herriko hizkuntza delako, eta bestetik, gero eta gehiagok euskara merkataritza zerbitzua hobetzeko tresna moduan ikusten duelako. Azken finean, gero eta bezero euskaldun gehiago dute Bilboko merkatariek. Euskararen ezagutza asko hazi da azken urteotan: 1996an 50.000 euskaldun bizi ziren eta 2006an 83.000 bilbotarrek aitortu zuten euskaraz ondo berba egiteko gai zirela. Horrez gainera, egunero-egunero Bilboz kanpoko hainbat euskaldunek egiten du bizimodua Bizkaiko hiriburuan.


ASTEKARIA
2012ko martxoaren 25a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara lan munduan
227 lanpostu kolokan Bizkaian euskara eskakizunengatik

Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.

 


Ez dute euskara jakin beharko Donostiako Udaleko bi sailetako zuzendarik

Salbuespenezko prozedurak abiatu dituzte bi zuzendari izendatzeko, eta ondorioz ez dute euskara mailarik egiaztatu beharko. LAB sindikatuak salatu du egoera, eta azaldu du azken hiru hamarkadetan udal langileak euskalduntzeko egindako “ahaleginak zapuztuko” direla.


Eguneraketa berriak daude