argia.eus
INPRIMATU
Iban Rusiñol: "Plazer ia sexuala bihurtu da niretzat koroak lantzea!"
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko ekainaren 30a

1960ko hamarkadan bezala, singlea indarrean jarri da berriro.

Hori “hit” kontzeptuari lotuta dago. Hau da, indar guztiak produktu bakar batean kontzentratzea horren inguruan dagokion marketina guztiz zainduz. Guk negozio eta marketin horren estetika imitatzea bilatzen dugu, hau da, garaiko jarrera ekonomiko horrek duen balore estetikoa lantzea.

Zuengatik ez balitz, twist, ye-ye, boogie-boogie eta beste estilo batzuk ahaztuta izango genituzke. Zer dute estilo horiek?

Guretzat txantxa estetiko bat baino ez zen hasieran. Baina estilo honekin konposatzeko era zeharo desberdina ezagutu dugu. Hau da, halako estiloak lantzean ez dituzu soinuaren intentzioak lantzen, baizik eta konponketa aberatsak bilatzen. Kanta baten indarra ez dago bateriaren edo gitarraren soinu potentean, konponketen maisutasunean baizik. Musikalki funtzionatzen du, ez soinu aldetik.

Euskal Rock Erradikalaren garaiko kanten bertsioekin egin zineten ezagun. Zergatik aukeratu zenituzten? Garai oso gris batekoak izanik, ukitu alaiagoa emateko?

Hasieran irudikatu genuen kontzeptua izan zen ahalik eta kanta bortitzenak aurkitu eta ahalik eta bertsio ñoñoenak egitea, sekulako kontrastea lortzeko. Noski, gure adina kontuan hartuta, logikoa izan zen RRVko hainbat kanta aukeratzea. Oharkabean gure nerabetasun eta gaztetasuneko soinu banda bortitzena bilatzen genuen. Bortizkeria hori ez dago beti hitzetan eta musikan, hainbat kasutan irudikatzen duten testuinguru politiko gris eta gogorrean dago.

Txalogarria da ahotsen trataeren alde egiten duzuen lana.

Maribel abeslaria koroen fanatikoa da. Berak abiarazitako proiektu guztietan hamar mila ahotsen pistak gehitu ditu, gehiegi. Baina The Sparteensen kasuan guztiz justifikatuta dago. Eta gaur egun ni neu ere zeharo kontagiatu nau. Dagoeneko plazer ia sexuala da niretzat koroak lantzea!