argia.eus
INPRIMATU
Diziplina eta espontaneotasuna, bi teoria kontrajarri
Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2012ko martxoaren 25

Duérmete niño liburuaren jarraitzailea ala Dormir sin lágrimas izenburudunarena. Guraso berriek teoria polarizatuekin egiten dute topo, ikasi egin nahi dutelako, baina bonbardatu egiten dituzte, formula itxiak baleude bezala. “Eta ez dago halakorik, umeak ez direlako hezten produkzio-kate moduko fabriketan”, gogoratu du Iñigo Ochoa de Aldak.

Psikoterapeutaren ustez, garrantzitsua da umeen jarduna nolabait egituratzea, egiturak laguntzen dielako datorrena aurreikusten, baina ez da eredu zurrun bat, ezin da obsesio bihurtu. Guraso batzuek pentsatzen dute egiturarekin haustea txarra dela eta zehatz-mehatz betetzearekin itsutzen dira, baina ez da ezer gertatzen jolas-denbora luzatzen bada egunen batean edo aitona-amonek umeari txokolatea ematen badiote jatorduetatik kanpo. “Lehiakortasunaren presioa dago atzean, nor izango den lehena ibiltzen eta lo bakarrik egiten, pixoihalak erabiltzen ez dituen haurra eskolako errege-erregina bailitzan; zer axola du ordea, lehenago edo beranduago denek egingo badute? Gehiegizko ardura hartzeak, gehiegi babesteak, ez dio umeari utziko baliabideak bere kabuz garatzen”. Kontrakoa, haurraren heziketa espontaneotasunaren esku uztea, arriskutsua dela gaineratu du Ochoa de Aldak. “Garrantzitsua da naturaltasuna, haurrak eskatzen duenean ematea bularra adibidez, baina muturrera eramanda, eskaera horren esklabo bihurtzen da ama, eta esnea emateko gaitasuna galdu lezake, haurrak gutxiegitan eskatzen badu”.

Malgutasunik gabeko diziplina eta jarraibiderik gabeko lotura emozional hutsa, bata zein bestea herren geratzen direla iritzi dio psikoterapeutak. Umearen arabera bi ildoak uztartzen asmatzea aholkatzen du, egitura eta lotura emozionala. Azken finean, sen onaren aldeko apustua egiten du, mendez mende iraun duen herriaren jakinduria baliatzea, ezagutza berriekin bat eginez.