"Pentsatu ere ez 40 urtean pailazoarena eginez ibiliko ginenik"

  • Pailazoa. Definizioa. Gainontzeko kideentzat umore iturri agorrezina. Definizioak errealitate harrapagaitza harrapatu nahiko luke. Ezin 40 urteko jarduna definizioan bildu.

Dani Blanco

1972an hasi zineten pailazokerian.

Ez dugu zertan kexatu. Asmatu genuen, hasita. Mugimendu handiko garaia zen. Ez Dok Amairuren sasoirik onena, Txotxongilo taldea, antzerkia, zinemagintza… Euskara batuaren auzia gori-gori… Gainera, gerra galdutako jendea, guztiz txikituta zegoena, eta, bestalde, gazteak, aurreko belaunaldiarekin hautsi zutenak. Horretan nahiko esker txarreko izan ginen, gure kulturaren izen handiak ziren, baina baztertuta geratu ziren. Nemesio Etxaniz bat eta! Guk harekin izan genuen harremana. Amaiera tristea izan zuten. Manuel Lekuona eta! Pena, hainbeste merezimendu egindako jendea horrela baztertzea. Gaur egundik ari gara, jakina. Orduan bestela ikusten ziren gauzak.

Kresala Elkartea.

Kresalako bazkide ginen, eta gara. Eta, neurri batean, sortzaile ere bai, elkartearen lehenengo bazkideetakoak gara-eta. Euskal kultura irakiten zegoen, eta Kresala tartean zen, bertan egosten zen hainbat ideia, eta ekinaldi. Kresala ez balitz, beharbada gu ere ez ginen sortuko. Batek jakin. Kresalak biltzen gintuen lanera: Haerrikada izeneko kultur asteak eta. Axularren esaldi hartatik hartu genuen izena: “Dabilen harriari ez zaika goroldiorik lotzen”. Kultur asteak, hamabostaldi eta hiru astekoak izan ohi ziren. Sekulako gorabeherak izaten genituen. [Lluis Maria] Xirinachs apaiz famatua ere ekarri genuen. Poliziarekin, berriz, beti istiluak. Elkartea ez zen politikoa, berez, baina egurra galanki ematen ziguten. Gu gazte ginen, kezka genuen, konpromisoa… Baina independente ginen, alderdi politikoekiko loturarik ez genuen. Ez ginen politikoak, baina apolitikoak ere ez!

Pako Etxebeste.

Apaiz egiteko zorian zegoen. Kresalako bazkide zen hura ere, eta saltsero hutsa. Eta lagunen lagun. Kresalaren baitan, haurrentzako ekitaldiren bat nahi genuen egin, ez baitzegoen halakorik, ez euskaraz, ez gaztelaniaz. Zer egingo, eta pailazoak asmatzea bururatu zitzaigun. Pako Etxebeste seminarioan pailazoarena eginda zegoen, nonbait, eta laguntza eskatu genion. Eta gidoiak ekarri zizkigun, janzteko batzuk ere utzi zizkigun… Artista hutsa zen Pako, izugarria. Gure artean inor gaixotzen zenean, hari deitu besterik ez genuen. Zoragarri egiten zuen pailazoarena. Kixki, Mixki eta Kaxkamelon ginen sasoi hartan, eta Pakok batarena zein bestearena egingo zuen, zailtasunik gabe.

Gidoiak.

Bagenituen esketx batzuk, Pako Etxebestek emanak. Beste batzuk, Tito y Canutorenak; Txema Zubia eta Jaime Zurbano ziren. Gaztelaniaz zeudenez, guk euskaratu eta gure erara egokitu genituen. Eta oraindik, haietakoren bat edo beste egiten dugu. Esketx klasikoenak ditugu. Guretik ere egiten genuen, jakina: txisteak eta abar. Eta, hala ere, %50 inprobisatua zen. Horregatik izan zen mutu Kaxkamelon, horregatik da mutu Txiribiton: hiru lagun inprobisatzen jardutea baino errazagoa da bik inprobisatzea.

Herri batetik bestera hasi zineten.

Kresalaren kultur aste hura martxoan izan ohi zen. Hartan, haurrentzako ekitaldiaz arduratu ginen gu. Eta pailazoak egin genituen, antzerki emanaldi laburren bat, txokolate-jana… Haurrentzako jai osoa. Jende asko bildu zen haurrentzako festa hartara. Lehenbiziko saio hura ikusi zutenen artean, Aieteko ikastolako senar-emazte batzuk ziren. Kresalan egindako saio bera Aieteko ikastolan egiteko eskatu ziguten. Gu prest. Txokolate-jana eratu ez beste guztia egingo genuela esan genien. Hurrena, Joxemiel Barandiaranen omenaldian egin genuen saioa, Ataunen. Pako Etxebeste etorri zitzaigun, han saioa egiteko geure buruak eskaintzeko esanez. Barandiaran berak ere bazuen pailazo abildadea. Gasteizko apaiztegian zirela, igande arratsaldeetan, film mutuak jarri eta berak jartzen omen zien ahotsa, efektuak egiten zituen… Izugarri ona omen zen, jendeak algarak egiten omen zituen. Jende mordoa bildu zen Ataunen, zazpi euskal herrietakoak. Tartean, Ondarroatik joandakoak. Ea urte hartan bertan herriko jaietan saioa egin genezakeen. Guk, baietz. Eta joan ginen. Antzerki emanaldia eta pailazoen saioa, biak egin genituen. Hantxe ezagutu genituen Manolo eta Enkarni Genua, txotxongiloan. Saio betea izan zen. Ordu arte, euskal jai eta antzekoetan haurrentzako egunak antolatzen ziren, baina haietan dena zen “haur txistulariak”, “haur dantzariak”… Haurrek egindako emanaldiak ziren, gurasoentzakoak, eta ez, aldiz, haurrek gozatzekoak. Ondarroan egin ondoren, Xabier Gereñok kasu egin zigun, Santiago Apostol antzokian saioa egiteko. Kantariak, dantzariak eta gu. Hantxe egin ziguten, lehenbizikoz, afixa, euskaraz eta gaztelaniaz: “Lehenengo aldiz Bilbon, pailazoak euskaraz”, eta gure marrazkia, baten batek argazki batetik egina. Horrela, batetik bestera hasi ginen eta, ez dakigu ez ote den ordukoa azal bat, gurea, Zeruko Argia aldizkarian. Hortik ezagutuko gintuen jende askok. Guk, geure artean, uste genuen baten batek gu ikusi eta haiek ere pailazoarena egiten hasiko zirela. Ez genuen geure burua pailazo ikusten. 1972tik 1985era, hirurehun bat emanaldi egin genituen han eta hemen. Hogeita hamar bat saio urtean. Ez zegoen antzerki talderik guk hainbeste saio egingo zuenik. Txotxongilo taldea, eta gu, Kixki, Mixki eta Kaxkamelon, ginen.

Pailazo baimena atera behar izan zenuten.

Agustin Zapiain ‘Pello Kirten’-ek komeni zela esan zigun. Bera ere herri batetik bestera ibili ohi zen, eta baimena aterata zuen, sindikatu bertikalean. Gainera, baimena emateko epaimahaian zegoen, Los Pomposhos fanfarrearen sortzaile ‘Gilito’, Migel Miralles. Poliziak kontroletan geratzen gintuen, emanaldiak kontrolatzera etortzen zitzaizkigun noiznahi. Carrero Blanco hil zutenean, saioa genuen Bergaran. Saioa egin eta bueltan, Deskarga gainean, guardia zibilen kontrola. Gerarazi gintuzten, trasteen kutxa irekiarazi, jostailuzko karabina bat ikusi… “Eta hau?”, “pailazo funtzioa egitetik gatoz”, “usteko duzu gaur pailazoarena egiteko eguna dugula? Azkeneko aldia!”. Bizkaian, berriz, baimena eskatzen ziguten, eta gidoia. Horretan Xabier Gereñok lagundu gintuen: guk nola-halako gidoiak prestatu genituen, Xabierrek nola-halako itxura eman, gobernu zibilean euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztu, eskaria egin, eta ontzat eman zioten, zigilua jota. Horrela, saioan zer egin behar genuen galdezka etortzen zitzaizkigunean handik edo hemendik, gidoi haiek genituen, ontzat emanak, nahiz eta saioan zer egingo genuen batere ez jakin. Sindikatu bertikalaren txartela ere bagenuenez, uztaia eta geziak ageri, libre ginen poliziaren aurrean. Pasaporte eta bisatua genuen.

1983an, Txema Vitoria bildu zen taldera.

Azken boladan Kaxkamelonek saiora etorri ezin izan zuen batzuetan, Txemari deitzen genion, ordezkotza egin zezan. Eskolan ere, Donostiako Larramendi ikastetxean, lankide ziren Txema eta Piter. Zalantza handiak izan genituen, nola eduki Txema mutu! Garai hartan, Don don kikilikon saioa egiteko proposamena izan genuen ETBn, eta hasi ginen. Kaxkamelonen lana egiten zuenarekin gorabeherak genituen, eta Txemari eskaini genion. Baita onartu ere.

Funtzioa egiten hasi zinetenean, helduentzako saioa, umore klabea aldatu zenuten?

Umore klabea baino, gaia aldatzen da –egunerokotasunak indarra hartzen du–, eta pertsonaiak ere ezberdinak dira. Pailazo izatetik showman izatera aldatu ginen. Umorea egitea da beti, baina egunak ematen zuenari lotutakoa.

Nola egiten da umorea?

Ez da egiten, sortu egiten da. Charles Chaplini galdetu behar hori. Dena dela, gu behin ere ez gara oso teorikoak izan. Guk, jardun egin dugu, militante izan, egin… Bideak erakutsi digu. Astelehenero, mahai baten inguruan bildu eta ergelkeriak esaten hasten ginen, barre egiten, eta oharrak hartzen, pasadizo libertigarrienak biltzen. Braim storming-a zen. Telebistarekin batera hasi ginen Txirri, Mirri eta Txiribiton. Hasieran geu arduratzen ginen denaz: gidoiak, zuzendaritza... Baina ikusi genuen horrela ezin genuela jarraitu eta laguntza biltzen hasi ginen. Hala Don don kikilikonen bigarren urtetik aurrera, nola Funtzioan bertan, ez geunden bakarrik, asteroko saioa egiteko gidoilariak izan genituen. Zein eta zein, eta, lehenena, Andoni Egaña. Bada zer edo zer! Gero, Karlos Zabala eta Eneko Olasagasti. Horiek ere badira! Erredakzio lanetan laguntzeko norbait behar genuela, eta Jaime Otamendi aukeratu genuen, beste bat, ibilbide handia egin duena… Gazte-gazteak ziren, sasoi betean zeuden, eta guk haiei ezer erakutsi genien ez dakigu, baina haiek guri, asko! Funtzioan, musikan ere, jende ona: Jose Mari Oiartzabal, Jose Antonio Mercero, Karlos Giménez, Joserra Senperena, Mikel Artieda, Paco Díaz, Mixel Ducau.... Asko laguntzen du horrek.

Telebistak berak laguntzen du inor ezagun egiten. Garai hartako ETBn, batik bat.

Askoz ere fama handiagoa bildu genuen telebistan hasi eta ondoko bizpahiru hilabetean, aurreko hamahiru urtean baino. Funtzioaren garai hartan, 200.000 lagunek ikusten gintuzten, batez beste. Egun, Euskal Herrian ez dago hainbeste lagun biltzen duen ohiko saiorik. Orduan lau ziren telebista kateak, orain ez bezala. Gainera, prime time-n zen Funtzioa, adibidez. Eta pailazoen programak larunbat arratsaldeetan.

Pailazo lana, batetik, eta zeuen lanbidea, bestetik, uztartu behar izan dituzue.

Ezinbestean. Txiribiton, adibidez, irakasle zen. Ikasketa arduraduna zen, gainera. Ikastetxean ematen zuen goiza, lanean buru-belarri, pailazo kontuak ahaztuta. Arratsaldean, pailazo zen buru-belarri, irakasle kontuak zeharo ahaztuta. Oso gimnasia ona zen buruarentzat. Pailazo lana eta lanbidea uztartzea, bestalde, gure jatorriari lotuta dago. Behin ere ez genuen pentsatu pailazo izatea. Ondoren, bai, etorri zen belaunaldi bat meritu handikoa, aktore izan nahi izan zutenak: Karlos Zabala, Eneko Olasagasti, Elena Irureta, Jose Ramon Soroiz, Aizpea Goenaga, Mikel Garmendia, Kontxu Odriozola… Horiek denek gure eskutik zapaldu zuten lehenbizikoz telebista platoa. Zaharrago ginen, lehenagotik gentozen, eta burutik pasa ere ez zitzaigun egin profesionalak izatea, erabat horri emanak bizitzea. Burutik pasa ere ez zitzaigun egin 40 urtean pailazoarena eginez ibiliko ginenik, pentsatu ere ez! “Egin dezagun!” esanda egin genuen lehen saioa Kresalan, eta bide horretatik aurrera egin dugu.

Nola egiten da emanaldi ona?

Badakigu nolakoa den haurra. Kontzentrazioari luze eustea kostatzen zaio. Haurra ezin da ordubetez lotuta eduki. Tarteka lehertzeko aukera eman behar zaio. Ondoren, baretzea dator. Gu ez gara didaktiko, ez dugu izan nahi, baina ekitaldi ona, berez da didaktikoa. Eta alderantziz, axalean didaktikoa izan arren, saioa izan liteke txarra. Publikoaren arreta geureganatzea izan da beti gure erronka. Gaur egun, talde asko ikusten ditugu sekulako bolumenean, haurrak ezker eta eskuin, gurasoak ere berriketan… Guk, isiltasuna behar izaten dugu, ebakitzeko moduko isiltasuna, haurren eta gure arteko enpatia… Haurra gure hatzaren puntaren puntari begira eduki nahi dugu. Publikoa algararik handienetik xamurtasun sakonenera eramatea lortzen dugunean, “gaur bai, komunikazioa!”, hor dago txaloa! Haurraren txaloa laburra da, ordea, eta txalo jo ondotik, gehiago nahi du, berriz txalo jotzeko. Horixe da arrakasta, haurraren txaloa. Urteak dira Gasteizen bi funtzio egin genituela, goiz eta arratsaldez, Mendizorrotza pabilioian. 8.000 haur inguru bildu genituen denera. Eta denak isilik, i-si-lik! Horrek balio du.

Bukatu da, akabo. “¡A fastidiarse!”.

Emanaldia genuen Gasteizen. Euskadi Irratiak antolatutako festa. Horretan, bi egun lehenago konturatu dira propagandarik egin ez dutela. Hasi dira, irrati emisore guztietan publizitate egiten, euskaraz eta gaztelaniaz. Emanaldi egunean, Mendizorrotza beterik, 3.000 lagun. Euskaraz hasi ginen, beti bezala. Eta han, barrabasen batek, agure bat, txapela buruan: “¡En castellano, que no entendemos!”, hots egin zuen. Eta orduan Mirrik: “¡A fastidiarse!”. Egundoko grazia eragin zuen, algara, eta handik atzera, Mirrik maiz darabil.

Nortasun agiria

Sagarra mantzana / ikatza carbon / mujer andria / ta hombre gizon. / Xanti, xanti, xanti, / txibiri-txibiritero, / xanti, xanti, xanti, / txibiri-txibiriton, / Kixki ta Mixki ta / Kaxkamelon. Edo Txirri (Xabier Otaegi), Mirri (Jose Ignazio Ansorena) eta Txiribiton (Txema Vitoria). 40 urtez irri eginarazle zazpi euskal herrietan. Jolasean hasi ziren, bizi osoko ibilbidea egin dute euskaraz eta barrez. Don don kikilikon, Funtzioa, Barrebusa, Altzaporru, Trikitraka Trikitron, Sagarra da apple… Ehunka kantu gure belarrietan, Euskal Herriaren historiaren atal bat hiru pailazoen ibili ederrean.

Progresioa

“Gogoan dugu, lehenengo emanaldiak ordubete inguru iraungo zuen. Haren ondokoek, gidoi bera izanagatik ere, ordu eta erdi. Ireki egiten genuen gidoia, harrotu egiten zen saioa, bizkotxoa labean bezala. Bestalde, hor zen musika, hor ziren kantuak, eta garrantzi handia eman diogu horri. Ahalik eta lanik onena egiten saiatu gara. Horra Kixki, Mixki eta Kaxkamelonen lehen disko hura. Maitasun handia diogu. Hantxe diren Pintto, Pintto, Paristik natorren eta beste mordoxka zabaltzen lagundu genuen. Progresio bat izan da: kasik ustekabean ekindako bide bati jarraipen eman diogu, honaino iritsi arte”.

Kalamidade huts

“Zirkukoa da pailazo tradizionala. Han esketxa egiten du pailazoak, oso landua. Zortzi egunean, bizpahiru emanaldi egiten ditu, eta esketx berbera egingo du. Hitzak ere bakan ibiliko ditu, batean malabarismoa, bestean bestelakoa. Guk bestela egin dugu: gurea antzerkiari lotuago ageri da, euskarari estu lotua. Euskaraz hitz egin nahi genuen, euskaraz hitz eginarazi, espresiobidea landu, esamoldeak aberastu… Era horretako pailazoak izan gara, ez ginelako gauza esketx bat bera perfektu egiteko. Alegia, kalamidade hutsak garelako!”.

Galde Shorta
Badok hamahiru

Nor gogoratzen da Kixki, Mixki eta Kaxkamelon pailazoez?

Jende asko, gure amak eta, batez ere, gu geu.

Nork ezagutzen ditu Jose Ignazio Ansorena, Xabier Otaegi eta Txema Vitoria?

Etxekoek, emazteek, koadrilakoek.

Zer duzue pailazo izatea?

Matxino izatea, arrakastaren kontzeptuaren kontra dabilena.

Non da pailazoaren tristura?

Pailazoaren bihotzean. Osagarri beharrezkoa du hori pailazoak.

Non da euskararen tristura?

Euskara erabiltzearren hasi ginen, euskara batuaren alde egin genuen, euskara esanguratsua, hika ere bai. Bide horretan jarraitu dugu.
Nahitaezkoa da gaztelania euskarazko pailazokerian? Ez, baliabide bat da, ez besterik. Gure erdarakadak ez dira dozena erdi baino gehiago.

Zertan aldatu dira haurrak joan deneko 40 urte honetan?

Orduan belaunean urratua, mukiak zintzilik zituzten. Orain askoz ere moñoñoago dira.

Haurrak beti haur?

Bai, baina orain lehen baino askoz lehenago uzten diote haur izateari. 13 urtekoak ere gure emanaldira biltzen ziren orduan.

Zertan aldatu zarete zuok, pailazook?

Zahartu egin gara! Gaztetasuna falta zaigu, freskotasuna. Aldiz, esperientzia izugarria dugu.

Beldur eszenikoa.

Aspaldi galdu genuen. Hasieran ere lotsagabe xamarrak ginen, eta orain berriz, batere beldurrik ez digu ematen agertokiak. Ofizioa.

Pailazoak, gure pailazoak.

Pailazo asko dabil batean eta bestean, baina batzuk animatzaile baino ez dira.

Txiribitonek hitz egingo balu…

Inguruko guztiak isilaraziko lituzke, ez luke etenik. Isilik hobeto dago.

40 urte!

Iritsi gara! Kresalan hasi ginen, eta Kresalan bertan ospatuko dugu martxoaren 25ean. Ondoren, hiribururik hiriburu ibiliko gara.
 

Gozamen huts

“Bi une dira berezi. Bata, sarrerakoan, haurraren orroa jasotzen dugunean, eta orroan, txaloa. ‘Txirri, Mirri eta Txiribiton!’, aurkezpena egin, agertokian azaldu, eta haurraren txalo zaparrada eta miresmena zoragarria da. Bestea, berriz, isiltasun osoko unea. Antzerkia egiten dugu guk, oroz gain, eta antzokian jarduten dugu, non kontzentrazioa eta isiltasuna errazagoak diren, aretoen ezaugarriengatik. Baina kiroldegietan ere egin izan ditugu saioak, eszenatokia muntatuta. Eta han ere haurra isil-isilik ikustea, ahoa zabal-zabalik, begiak borobil-borobil… gozamen hutsa da”.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude