Kritika eta autokritika

Ezker eraldatzailea –are iraultzailea bada– oinarri-oinarritik da sistemarekiko kritikoa. Eta zeregin horretan nahiko sendo ikusten du bere burua. Alabaina, deserosoa egiten zaio –zaigu–, bere –gure– buruarekiko edo taldearekiko jarduerarekin –auto– kritikoa izatea, batez ere jarduera hori berria denean.

Adibidez, Berriako zutabegile bati honako hauxe harrigarria egin zaio: “lehen [ezker abertzaleak] politika egiteko modu bat oldarkorregia-edo zelako kritikatzen zutenek, orain politika bigunegiak kritikatzea”. Nire ustez, esaldi horrek ez luke inor harritu behar. Izan ere, egoera, berria izateaz gain, hain da konplexua eta zaila (batez ere krisi sistemikoari nola aurre egin eztabaidatzerakoan), ezen harrigarria hausnarketa eta irakurketa kontraesankorrak ez izatea litzatekeen. Kontua da zer eta zer-nolako helbururekin kritikatzen den.

Esate baterako, nik txalotu egin dut –eta aldeko botoa eman ere bai– ezker abertzaleak hartu duen bide berria –eta horrek dakarren iraganeko estrategiari buruzko nolabaiteko autokritika–, nire uste apalean aurrekoa baino askoz zuzenagoa delako. Urteak eman ditut esplikatzen, ETAren existentzia –alferrikako sufrimendua sortzeaz gain– gainditu ezinezko oztopoa zela indarrak metatzeko eta ezker abertzaleak –eta honen aukera alternatiboek– “estrategia konpartituak” lantzeko. Baina antzeko iritzia izan dut instituzioetan lan egitea lehenetsi eta sistema kudeatzera lotu eta mugatu den ezkerrarekiko: EA, EB, ERC, BNG (PSOE jadanik niretzako ez da ezkerra). Izan ere, bi estrategia horiek, bakoitzak bere berezitasunekin eta arazoekin, funtsean, herria eta ekimen herrikoiaren ikuspegi ordezkatzailea konpartitzen dute, eta bigarrenak gainera, sisteman integratzera garamatza.

Egun borroka armatuaren auzia iraganaren gauza da. Instituzioarekiko mendekotasun arazoak berriz –eta boterea konpartitu gabe eraginkorra izatea ezinezkoa dela pentsatzeak dakarren morrontza– gaurkotasun osoa dauka. Iraganarekiko autokritika ondo dago, baina, garrantzi handiagoa du gaur egun praktikatzen dena aztertzeak, eta kritikatu behar bada hala egiteak. Batez ere, oposizio izatetik instituzio esanguratsuak (Gipuzkoako Aldundia eta hiriburua) gobernatzera iritsi denean.

Ezin ahaztu benetako nagusiak edo botere faktikoak kapitalaren jabeak direla eta izugarrizko presioa egiten dietela instituzioei. Eta beharrezkoa izanez gero, Grezian eta Italian bezala, beren esanetara egongo diren gobernuak ezartzen saiatzen dira. Izan ere, Europako estatuak, naziotasunaren aldetik desberdinak izan arren, klase izaeraren aldetik denak dira burgesak, “ezkerra”k gobernatzen dituenak barne.

Horregatik, ezkerrak –nazionalki “independenteak” diren estatuetan ere– guda zelaitzat eta etsaiaren lurraldetzat hartu behar du instituzio burgesen eremua, nahiz eta hor lan egitera behartua izan, eta batzuetan baita gobernatu ere. Bestela, lehenago edo geroago irentsiak izango dira.

Ezkerrak inoiz ezin du goxo egon instituzioetan, aitzitik, dagoena ondo eta modu ondratuan kudeatzen saiatu behar du –batez ere krisi garaietan–. Gobernuan edo oposizioan sistemaren aurka aritu behar du, eta kanpoan, esplotatu eta zapalduen eta ingurumenaren defendatzaileen mugimendu sozialak eta borrokak sustatu (ikuspuntu antikapitalista batetik) eta lan horri lehentasuna eman.

Ez dago “instituzioetan aritzeak sisteman integratzera kondenatzen gaitu” dioen maldizio biblikorik, baldin eta zertarako gauden argi eta garbi badugu. Hortik dator eztabaidaren beharra.

Gaizki esanak barkatu, ondo esanak onartu!


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude