argia.eus
INPRIMATU
Euskaldun zintzoen balada
Miel Anjel Elustondo 0000ko ren 00a

Aldizkariaren 4. zenbakian argitaratu zen Txomin Peillenek aipatu digun testua. Joanes Mirandek sinaturik dator. Mirandek, 1950ean argitaratu zuen poema Elgar Parisko euskaldunen hilabetekarian, esanez: “Hilabetekari delakoak, nahiz ez duen bertze batzuen pretenzione ta balentriarik, bethi lekhu zabal bat utzi deraue ideia berrieri. Arrautzetik jalgi berri diren euskaldun kaseta egile batzuek etsenplu har dezatela”. Alta, Enbata aldizkariaz ari ziren, kritikak jaso baitzituzten handik, eta Igelak erantzun ere bai gogotik…

Miranderen poemak zazpi bertso ditu. Lehen biak aldatu ditugu hona. Izenburuaren azpian, honako oharra dakar parentesi artean: “Aldi berean Ortzi euskal jainkoari zuzendu galde othoitz bat dena, zintzo ez den batek eginik”.

Soin zabal, zalhu, txapeldun,
Euskaldun eta Fededun,
–Handi baita– sudur mintzo,
Zintzo dira, o! hain zintzo
Eta barnez oro zaldun…
… Nahiz arrunt den azala
(Izartetik hek bezala
Ortzi jaunak zaint’nazala)

Ilhunpean zeuden lehen
Bainan JEL argia goihen,
Jautsi baita Euskadi-ra,
Agiturik bizi dira
Ahalikan eta zehen
Demokrat onen gisala.
(Argitzetik hek bezala
Ortzi jaunak zaint’ nazala)