Onartu al zen Euskal Herrian?

  • 1812ko Cadizeko konstituzioak nazio bakarra aldarrikatzen zuen espainiar erresumako lurralde guztientzako. Euskal Herri osoa frantziar inperioren zati zen bitartean, penintsulako beste puntan erabakitzen ari zenak berebiziko garrantzia zuen euskaldunontzat, eta bi jarrera nabarmendu ziren gurean: konstituzioarekin baldintzarik gabe bat egiten zutenak eta euskal lurraldeen izaera foralarekin uztartu nahi zutenak. Izan ere, euskal foruak antzinako askatasunaren inspiraziotzat zituen konstituzioak.

Cadizeko konstituzioaren aldarrikapena. Salvador Viniegraren olio-pintura erabili izan da bigarren mendeurrenerako.
Cadizeko konstituzioaren aldarrikapena. Salvador Viniegraren olio-pintura erabili izan da bigarren mendeurrenerako.

Garai zailak duela 200 urtekoak. 1807tik 1814ra bitartean, eta XIX. mendean barrena, euskal belaunaldi guztiek gerra giro zuzena ezagutu zuten. Eta giro horretan iraultza liberala ernetzen joan zen. Zer ote zen 1808ko gerra, galdetzen dugu, espainolen eta frantsesen aurkakoa? Herritar matxinatuak jauntxoen aurka? Erlijioaren eta erregearenganako leialtasuna nazio ikuspegia baino eraginkorragoa ote zen? Espainian mitologia berri baten hasiera dugu. Gurean, gerra horren zergatiak ulertzeko, euskal hiztunen adierazpenak eta ikuspegiak ere ezagutu beharra dago.

Pedro Jose Astarloak honakoa esan zuen 1818an, gerraren zergatiez: Gordetearren zintzoro / jaunaren fedea /geure lege garbiak / geure euskerea. Bilboko San Fraisku edo San Frantziskoko komentuko buru zen Pedro Jose Astarloa. Euskal idazlea, sermoilaria, euskaltzalea eta euskaldunen historia gerraren esperientzian oinarriturik idatzi zuena 1818an. “Mendi mutil” gerrillari bat jarri zuen buruzagi militarren eredu: Frantzisko Tomas Antxia, Longa izenez ezaguna. Napoleonen kontra borrokan jardun ondoren Fernando VII.a espainiarraren alde aritu zen Longa, eta militar goren bihurtu zen. Pedro Jose Astarloaren kontakizuna Biblian oinarriturik zegoen. Eta nola diren gauzak, gaur egunera etorrita Rick Santorum Amerikako Estatu Batuetako hautagai errepublikarrak Ohion salatu du Obamaren programa ez dagoela Biblian oinarriturik.

Frantsesek liberalismoaren eta mundu berriaren aurrerapenak ezarri nahi izan zituzten ezpaten eta fusilen bidez. Bilbon 1808ko abuztuan Napoleonen eta frantsesen aurka altxatu zirenean, Merlin jeneralak matxinatuak zapaldu eta San Fraiskun hainbat fraide frantziskotar fusilatu zituen. Frantziskotarrek baztertuen eta pobreen alde ziharduten erlijioaren bidez, bada, Napoleonen eta liberalismoaren aurkari sutsu bihurtu ziren hortik aurrera.

Joan Antonio Zamakola euskaltzalea Napoleonen aldeko polizia-buru izan zen Madrilen. Musika “jatorraren” aldekoa, gitarrista bikaina, herri musika espainiarraren ikerle eta bultzatzailea, 1818an “euskal nazioen” historia argitaratu zuen Frantziako Auch hirian atzerriraturik zela. Gaztelaniaz argitaratu zuen, baina euskal izatea, euskararen defentsa eta euskal kontakizun historikoa berrasmatu zituen liburu horrekin. Horra bi eredu bateragarri eta aldi berean kontrajarri: bai Astarloak bai Zamakolak, euskal jendearen kontakizuna egin zuten.

Espainiako Erresuman frantsesen agintaritza onartzen ez zutenek, Napoleonen aurkariek, Junta edo Batza antolatu zuten 1810ean, eta honek Gorteak deitu zituen, agintaritza antolatzeko eta konstituzio politiko berria osatzeko. Lehenago, 1805ean, Espainiako Erresumako legedi osoa bildu eta argitaratu zen; ohiko gorputz politiko eta juridikoaren bilduma zen, lege zaharra alegia, gizarteko talde pribilegiatuen eskubideak babesten zituena. Hortaz, lege zaharraren aurrean, lege berria ageri zen. 1808an Espainiarentzako konstituzioa jarri zen indarrean Baionan Napoleonen aginduz. 1812an berriz, Cadizen konstituzio politikoa onartu zuten, hau ere sustrai berrietan oinarriturik.

Konstituzioa, “foruen perfekzioa”

Ipar Ameriketan, independentzia prozesua 1776ean hasi zen, eta 1787an konstituzio federala idatzi zuten. 1789an, Frantziako iraultzaren ildoan, beste bat idatzi zuten eta gizakien eskubideen manifestua aldarrikatu zen. Horretan datza berritasun nagusia: gizaki guztiek eskubideak dituztela azpimarratzean. Ordura arte, zaldunak eta aitoren semeak baino ez ziren eskubidedunak, hau da, pribilegiatuak. Erresuma Batuan eskubideen aldeko joera jadanik XVII. mendekoa zen, eta Euskal Herriko foruetan XVI. mendean ere eskubide horien aldeko nolabaiteko aldarria ageri da. Baina Erresuma Batuan ez zegoen –eta ez dago oraindik– konstituzio politikorik idatzita. Parlamentuaren soberania eta erabakia da erakunde nagusia. Unean uneko malgutasuna erakusten du horrek.

Espainiako erresumako Ameriketako lurraldeetan europarrek, hots, “penintsularrek” erakundeen agintea bereganatuta zuten. Eta euskaldunak edo euskal jatorrikoak zirenek agintari izateko pribilejioa bermaturik zuten kasik. Askotan, estatus horretara heltzeko, euskaldunak elkarren artean ezkontzen ziren. 1808an agintean zeuden euskal ordezkariek foruak errespetatzea eskatu zioten Napoleoni. Ordainetan, euskaldunek Amerikan zuten sarearen bidez, lurralde haien leialtasuna izango zuen frantziar buruzagiak. Beraz, euskal hariak Euskal Herritik at ere garrantzitsuak ziren. Euskaldunen portaeraz mintzatzerakoan gogoan eduki behar ditugu sare horiek: Ameriketakoa alde batetik, eta Madrilgo Gorteetakoa bestetik. Ahaideenganako leialtasuna garrantzitsua zen berdin Enkarterrietako Galdamesen izan, Madrilen Gorteetan, zein Mexikon. Horra adibidez Yandiolatarrak.

Testuinguru horretan, Cadizen bildu zirenak “patriotak” ziren baina bi joeratakoak: batzuek, lege zaharretik atera gabe erreformak egin nahi zituzten; besteak aldiz, erabateko berrikuntza liberalaren eta konstituzio berriaren aldekoak ziren. Azkeneko horiek aginte garbirik eza aprobetxatu nahi zuten euren helburua lortzeko, legezko erregerik ez baitzegoen momentu horretan.

Baina konstituzio berriaren aldekoek ezin zuten inolaz ere esan Frantziako konstituzioaren antzeko zerbait nahi zutenik. Orduan, kontakizun mitiko berria asmatu zuten eta horretarako euskal foruak laudatu zituzten Cadizeko konstituzio berriaren hitzaurrean. Kontakizun horren arabera, jatorrian Gaztelako eta Espainiako tradizioan herri askeak izan ziren, baina Erregeak bereganatu egin zituen. Toki batean baino ez zuen iraun askatasun horrek absolutismoaren kontra: euskal herrialdeetan. Agustin Argüellesek, Cadizeko konstituzioaren egile nagusietako batek, euskal foruak goratu zituen, eta konstituzioaren hitzaurrean garai bateko monumentu gisa aipatzen dira lege zaharrok, askatasunaren monumentu. Konstituzio berria perfekzioa zen, foruen perfekzioa. Horregatik ezabatu behar ziren askatasun zaharrak, monumentu bihurtu eta konstituzio berria besarkatu. Foruen agintearekin amaitu eta konstituzioarena indarrean jarri behar zen.

Cadizeko konstituzio berrian, gizakien eskubideak, norbanakoen askatasunak, prentsa askatasuna eta botereen arteko banaketa jasotzen ziren; eta Gobernuaren oinarria Batzarrean zegoen. Bestetik, nazioaren mistikaren hasiera dugu. Nazio espainiarra, penintsulako, Ameriketako eta Filipinetako lurraldeetako biztanleek osatzen zuten eta soberania nazioan zegoen, ez erregean, ezta Jainkoan ere, konstituzioak erlijio katolikoa nagusitzat aldarrikatzen zuen arren. Arrazismoa ere ageri da Cadizeko konstituzioan, Bartolome Clavero historialari espainiarrak salatu izan duen bezala, afroamerikarren kontra. Bestalde, indigenak bazterturik zeuden, konstituzio berriak kreolen agintaritza bermatzen baitzuen.

Cadizen erabakitako konstituzioaren arabera nazio politiko berriaren agintea eta administrazioa toki guztietan berdina izango zen. Parlamentu bakarra, soberania bakarraren adierazle. Baina aginteen arteko oreka eta antolaketa administratiboa osatzerakoan eztabaida sortu zen. Bi joera kontrajarri nabarmendu ziren: Florencio Castillo Erdialdeko Ameriketako ordezkariak federalismoaren alde egin zuen, eta askatasuna bermatzeko, tokian tokiko aginte autonomoa defendatzen zuen. Jose María Queipo de Llano Torenoko kondeak, aldiz, hauxe erantzun zion: “Nazio bat eta bakarra baino ez dugu osatu nahi”. Torenoko kondearen ikuspegi hori irabazle atera zen eta liberal espainiarren baitan nazioaren ikuspegi uniformea bihurtu zen nagusi. Hala ere, legez horrela izan arren, errealitatean tokian tokiko aginteak indartsu iraun zuen lurralde eta udalerrietan.

Euskal Herriko ordezkariak Cadizen

Cadizen Euskal Herriak izan zuen ordezkaritza badaezpadakoa izan zen. Euskal Herria Frantziako Inperioaren zati zen garai horietan, militar frantsesen bidez gobernatua. Cadizen errefuxiaturik zeuden euskaldunek edo bertan bizi ziren euskal jatorriko herritarrek bilera egin eta ordezkari bana aukeratu zuten. Gipuzkoarrak ziren ugarien bilera hartan, Soraluzeko eta Eibarko 70 armagile inguru bildu baitziren bertan. Hautatuak hauek izan ziren: Manuel Arostegi Madrilgo Gorteetako burokrata Arabatik; Frantzisko Egia Letona militarra Bizkaitik; Migel Antonio Zumalakarregi legelaria eta epailea –gerora karlisten buruzagi izango zen Tomas anaia bezala, frantsesen aurkako borrokalaria– Gipuzkoatik; eta Frantzisko de Paula Escudero militarra Nafarroatik. Beraz militar bi eta bi burokrata. Frantzisko Egia absolutista zen, besteak liberal joerakoak. Hala ere, Egiak zin egin zuen konstituzioa. Ordezkari horiek izendatzeko lehia estua jazo zen tradizionalista eta liberalen artean, bereziki Araban eta Gipuzkoan.

Cadizen, Baionan bezalaxe, erakundeen izaera forala izan zen eztabaidagai. Ildo tradizionalistakoek foruen jarraipena proposatu zuten, Frantzisko Egiak adibidez. Hortik gutxira Egia kontrairaultza liberalaren buruzagi militar bihurtu zen eta Fernando VII.a Espainiako errege absolutista bihurtzeko pertsona giltzarria izan zen. Zumalakarregirentzat aldiz, konstituzioak foruetan jasotzen ziren eskubideak garbiago babesten zituen, eta beraz, hobe zen legedi zaharra alde batera uztea.

Batzar Nagusiek onartu al zuten Cadizeko konstituzio berria?

Frantziar soldaduak oraindik Durangaldean egon arren, hainbat gerrillari talderen buru zen Gabriel Mendizabal jeneral bergararra Bilbon sartu zenean, Bizkaiko Batzar Nagusiak deitu zituen, eta ehun ordezkari inguru bildu ziren Bilboko San Nikolas elizan 1812ko urriaren 12an. Oraindik ez zen konstituzio berririk indarrean jarri. Mendizabalek Erresuma Batuaren laguntza izan zuen frantziarren kontrako borrokan, eta esker onean britainiar armadako ingeniari taldeko kapitain buru Charles Lefebvre gonbidatu zuen Batzar Nagusi horietara. Hara zer idatzi zuen britainiarrak ikusitakoaz: “Parlamentu moduko bat zen, herriko maila sozial guztietako 130 bat lagunek osatua”. Erresuma Batuko Westminsterreko Parlamentuaren esperientzian hezi zen militar baten deskribapena dugu, eta besteak beste, proposamenak euskaraz eta gaztelaniaz egiten zirela argitzen du Lefebvrek.

Cadizen erabakitako konstituzioa irakurri ondoren, Batzar Nagusietan bi proposamen aurkeztu ziren. Ildefonso Santxorenak egin zuen lehen proposamena, bost ordezkariren izenean. Beste barik konstituzio berria zin egin behar zela eskatzen zuen: “Inolako zuhurtzia eta murrizketarik gabe”. Bizkaiko foruek jasotzen zituzten eskubideak, pertsona indibidualen eskubideak alegia, konstituzioan ohiko foruetan baino hobeto bermatzen zirenez gero, konstituzio berriak ohikoaren perfekziorako bidea zabaltzen zuela aldarrikatzen zuen. Bigarren proposamenak konstituzioa onartu bai, baina Bizkaiko foruen edo “konstituzioaren” alde ere egiten zuen. Biak nahi zituzten, eta uztartzeko aukerarik ote zegoen ezagutu nahi zuten proposamen honen aldekoek: “Konstituzio espainiarra jasotzean bizkaitarrari uko egitea beharrezkoa ote den ez daki batzar honek, ez daki bien abantailak osotasunean edo zati batean bateragarriak ote diren”. Proposamen honetan “nación española” aipatzen da, baina aldi berean “pueblo vizcayno” ere bai.

Bozketa egin zen, eta erabateko nagusitasunez, Bizkaiko eta Espainiako konstituzioen arteko uztartze eta bizikidetzaren aldeko proposamena onartu zen. Baina konstituzio bien arteko egokitzapenerako azterketa lortu arte, Bizkaikoak jarraitzen zuen indarrean; beraz, obeditu bai baina ez erabat bete. Bizkaitik Cadizerantz bi batzorde abiatu ziren: gutxiengoarena eta gehiengoarena. Azken horretako buru ziren Migel Antonio Antuñano apaiza, Bizkaiko foru-batzordeko kidea, eta Santiago Untzeta, 1808an diputatu nagusi izana. Mariano Renovalesek aldiz, Euskal Probintzietarako komandante nagusia zenak, Bizkaia salatu zuen, eta errepublika independente balitz bezala jokatzen zuela esan zuen.

Azkenean, Espainiako erregeordetzak ez zuen onartu Bizkaiko Batzar Nagusietan erabakitakoa, areago, Frantzisko Xabier Castaños buruzagi militarra Bizkaira bidaltzea agindu zuen, inolako salbuespenik gabe konstituzioa bere horretan zin egin zezaten: “Desordena horiek zapaldu eta konstituzioa zinarazi eta publikatu dezala inolako atzerapenik, murrizketarik eta aldaketarik gabe, bere horretan soil-soilik”. Eta horrela, badaezpada, konstituzio berria herriz herri zin egitera behartu, eta 1813ko irailean aduanak kostaldera aldatzea erabaki zen.

Arabako Batzar Nagusiek Cadizeko konstituzioa onartu zuten Artziniegan 1812ko azaroan. Baina 1814ko ekainean, absolutismoaren itzulerarekin, Batzar Nagusi horiek berek konstituzioaren testuak erretzea agindu zuten, eta Nikasio Jose Velasco liberalismoaren aurkari porrokatua bihurtu zen Diputazioko agintari.

Gipuzkoako Diputazioak Zumalakarregiri galdetu zionean foruak berreskuratzeaz zer iritzi zuen, honek erantzun zuen ez zela unerik egokiena horretan jarduteko. Zumalakarregik ikuspegi liberal sutsua zuen eta nazio berrian ez zuen bereizketarik nahi. Geroago, frantsesak erretiratu ondoren, Batzar Nagusietarako deia egin zuten Deban 1813ko uztailean, eta Frantzisko Xabier Castaños kapitain jenerala bertan zela, konstituzioa irakurtzeari ekin zitzaion.

Batzar Nagusiek Cadizeko konstituzio politiko berria onartu eta zin egin zuten, baina aldi berean eskatu zuten negoziazio baten bidez Diputazioak erakunde izaera berezia lor zezala. Hori zela-eta zalantzak sortu ziren, eta Aiako alkateak Aldundiari galdetu zion konstituzioa zin egin behar ote zuen eta nola. Cadizeko erregeordetzak gogor jokatu zuen berriz ere, Bizkaian bezalaxe –“ez da argi eta beharrezko zehaztasunez geratzen Monarkiaren konstituzioari zin egin izana”–, eta berehala konstituzioaren baitako Diputazio probintziala indarrean jarri behar zela agindu zuen. Hala ere, 1813ko irailaren 22an Diputazio foralaren azkeneko bilera egin zenean, Agustin Pascual Iturriaga apaiz liberal euskaltzalea kide zela, bi konstituzioen –Gipuzkoakoa eta Cadizekoa– arteko egokitzapena aldarrikatu zuten isileko akta batean.

Hortik gutxira, 1813ko amaieran, nafar erakundeek konstituzio berriari onetsi zuten. Nafarroako ahaldun nagusi izandako Migel Escudero izendatu zuen erregeordetzak Nafarroako buru 1813ko uztailaren 23an, eta konstituzioari zin egiteko eskatu zion, Horrela egin zuten azaroaren 13an. Dena den, Escuderok Nafarroako Gorteak deitzeko baimena eskatu zuen, Nafarroako legediaren arabera haiek zirelako ebatzi behar luketenak. Baina erregeordetzak debekatu egin zuen Gorteen bilkura. Agian Bizkaiko adibidearen beldur zen.

Beraz, Bizkaian eta Gipuzkoan beren konstituzioaren –foruen– eta Espainiakoaren arteko elkarkidetasuna sortzeko negoziazioa eskatu zuten. Baina ez zen horrelakorik sortu Cadizeko erregeordetzak ez zuelako onartu. 1814an Fernando VII.a itzuli zenean, ez zuen konstituzio berririk nahi izan. Agintea beretzat osorik hartu ondoren, ohiko legediari jarraiki, indarrean ezarri zituen Batzar Nagusiak eta euskal erakundeak. Inkisizioa ere berriz indarrean zen eta eskubide indibidualak absolutismoaren garai berrian hutsaren hurrengo bihurtu ziren. Aldiz, Ameriketako lurraldeetako buruzagi kreoleak beren kabuz gobernuak antolatzen hasi ziren, independentziaren bidean.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Foruen galera
Ez bakerik eta ez forurik Muñagorrirentzat

Eratsun (Nafarroa), 1841eko urriaren 14a. Jose Antonio Muñagorri “Bakea eta Foruak” mugimenduko bultzatzaile nagusia hil zuen Ramon Elorrio Soroeta txapelgorrien tenienteak. Duela 160 urte Euskal Herrian bizi zen giro politikoan barrena bidaiatu dugu.


150 urte Santa Kruz apaiz gerrillaria atxilotu eta... ihes egin zuela

1870eko urriaren 6an guardia zibilak Hernialdera atxilotzera joan zitzaizkionean, sotana kendu eta kaleko arropa jantzi zuen ihes egiteko. Horrekin, gerrillariaren “mitoa” hasi zela diote adituek. Hernialdeko udaletxean erakusketa jarri dute efemeridea probestuz.


Jose Mari Iparragirreren 200. urteurrena
Hamar eszena Iparragirreren 'biopic' bat filmatzeko

200 urte beteko dira abuztuan Jose Mari Iparragirre jaio zenetik eta haren bizitza kontatuko lukeen pelikula biografikorik gabe jarraitzen dugu, biopic baterako materiala soberan dagoen arren: gudari, kantari, seduktorearen historia dago, batetik, heroi nazional bihurtu zen... [+]


Gustave Flaubert Hondarribian
Kostaldeko herri suntsitu baten erretratua, turista berezi baten lumaz

Gustave Flaubertek gaztetan Euskal Herrian egindako bidaia ez da sobera ezaguna euskal irakurleentzat. Idazleak bere obra handiak izkiriatu aurretik, inguru hauetako zenbait herri ezagutu zituen eta hil ondoren publikatutako liburu batean jasota daude haren hainbat inpresio... [+]


'Kontzertismoa', beste behin

140 urte bete dira Kontzertu Ekonomikoa sortu zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarentzat. Euskal erakundeek garrantzi handiz ospatu dute teorian porrot baten emaitza dena, foruen abolizioaren ondoren, gure burujabetzaren azken hondar gisa hartu izan da zerga sistema berezia.


Eguneraketa berriak daude