Paris, 1789ko abuztuaren 26an. Batzorde Nazional Konstituziogileak Gizonezkoen eta Herritarren Eskubideen Adierazpena onartu zuen. Olympe de Gouges idazle eta politikaria bat zetorren Frantziako Iraultzaren printzipioekin eta Adierazpenak zioenarekin, baina zerbaiten falta sumatu zuen testu hartan: emakumezkoak. Hala, handik bi urtera, 1791n, Emakumeen eta Emakumezko Herritarren Eskubideen Adierazpena idatzi zuen.
Edo, hobe esanda, bi urte lehenago Batzordeko gizonek onartutakoa moldatu zuen. Sarrera moduan esaldi hau idatzi zuen: “Gizon, bidezkoa izateko gai al zara? Emakume batek egiten dizu galdera”. Ondoren Adierazpenaren artikuluetan “emakume” hitza ipini zuen “gizon” hitzaren ordez, eta hainbatetan bi generoen arteko desoreka ere nabarmendu zuen. De Gougesen testua ez zuten sekula erakunde publikoek onartu, baina eremu publikoan nahiz pribatuan gizon eta emakumeen arteko berdintasuna ezartzea xede zuen lehen testua izan zen.
Emakumezkoen boto eskubidea, lan publikoak egiteko aukera, politikan sartzeko eskubidea, jabegoak izatekoa eta kontrolatzekoa eta gizonezkoen hezkuntza berbera jasotzea aldarrikatu zuen. Baina ez zituen ideia feministak soilik jorratu. Jendarte erreformak egiteko programa zabala idatzi zuen. Haurren eskubideen babesean aitzindari izan zen, baita dibortzioaren aldarrikapenean ere. Ezkontza sistema aldatzeko proposamena ere egin zuen: urteko kontratu berriztagarria izan behar zuen haren ustez. Langabetuentzako tailerrak eta eskaleentzako etxeak ere bultzatu zituen.
Horrez guztiaz gain, Olympe de Gouges estatu federalaren aldekoa zen, hots, girondinoekin bat egiten zuen puntu horretan. Eta aitzakia hori nahikoa izan zen Robespierre, Marat eta gainerako jakobinoentzat emakumeen eskubideekin tematutako idazle burges gogaikarri hartaz libratzeko.
1793ko abuztuan atxilotu zuten. Giltzapean bi afixa egitea, handik ateratzea eta kalean zabalkunde handia izatea lortu zuen. “Olympe de Gouges auzitegi iraultzailean” zioen batek; “Abertzale bat jazarria” besteak. Bere azken testuak izan ziren. 1793ko azaroaren 2an “epaitu” zuten, abokaturik gabe. Eta biharamunean gillotinatu. Une horretan, beharbada, berak hilabete batzuk lehenago idatzitako esaldia etorriko zitzaion gogora: “Emakumeak urkamendira igotzeko eskubidea du; oholtzara igotzeko eskubidea ere izan behar du”.