Nafarroako konkista

1512ko topikoei aurre egiten

  • “Nafarroa oinarrian espainola da” baina “Konkista justifikatzen jarraitzea arinkeria bat da gaur egun”. Halaxe adierazi zuen María Puy Huici Goñi historialariak bere En torno a la conquista de Navarra (1993) liburuan pentsatzen zuena, konplexurik gabe, kontraesanak eta barne zalantzak biluzirik utzita. Huici Goñiren idazlanak ederki astindu zuen historia ofiziala, eta ederki ordaindu zuen atrebentzia.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza
2012ko martxoaren 11
Huici Goñi:
Huici Goñi: "Nafarren erresistentzia esan izan dena baino handiagoa izan zen". (Irudia: Juan Luis Landa / Erein)

Hainbat topiko elikatu izan dira XIX. mendetik Nafarroako konkistaren inguruan. Topiko horiek zabaltzeko orduan Victor Praderak leundu zuen bidea, bere Fernando el Católico y los falsarios de la historia (1922) liburuarekin, eta frankismoan Opus Deiko unibertsitatearen bidez hegemoniko bihurtu ziren. Segidan batzuk: 1512an ez zen konkistarik izan, anexioa baizik; Fernando Katolikoak eskubide osoz bereganatu zuen Nafarroa Gaztelarentzat, Aita Santuaren baimenarekin; Pirinioetako “erreinu txikia” modernitatera sartu zen; frantsesen kontrako gerra izan zen; nafarrek erraz onartu zuten aldaketa, aeque principaliter (berdinen artekoa) izan zelako… Azken batean, 1512an jazotakoa ona izan zela Nafarroarentzat.

Navarrismoaren inguruan azken urteetan aldaketa batzuk sumatu dira. Esaterako, historialarien eta politikarien artean jadanik ez da zalantzan jartzen konkista bat izan zela. Hala eta guztiz ere, topiko horien mamia defendatzen segitzen du ildo ofizialak. UPNk 500. urteurrenaren harira bere militanteen artean zabaldutako gutuna leitzea besterik ez dago (“konkista ez zen bereziki odoltsua izan”) edo Pregón siglo XXI kultura aldizkarian 2012ko otsailean argitaratu diren hainbat akademikoren artikuluak aztertzea (“Nafarroak ezer gutxi egin zezakeen, salbu eta bere patua itxarotea”). Konkista ukatzetik, konkista justifikatzera igaro dira.

Eta orain, egin ariketa ezinezko bat irakurle: joan 19 urte atzera eta saiatu gaur egungo justifikazioei prisma hartatik erantzuten. Horixe egin zuen María Puy Huici Goñik En torno a la conquista de Navarra liburuarekin, historialariarena eta igarlearena. Egun oraindik bizirik dirauten topikoak banan-banan desegin zituen eta esaldi gogoangarria iltzatu zien ordura arte lubakiaren alde berean izan zituen kideei: “XX. mendean hura justifikatzen jarraitu nahi izatea, nolabait, biolentzia defendatzea da”.

Comptos Ganberan zer aurkitu zuen?

Deierriko Ziritza herrixkan jaioa, María Puy Huici Goñi eskola-irakasle izan zen urte askoan. Berandu heldu zion historia ikertzeari, 46 urte zituela egin zen Filosofia eta Letretan doktore, Zaragozako Unibertsitatean, eta tesi garrantzitsua idatzi zuen Nafarroako Gorteen inguruan. Tesiaren ondorioak liburu batean bildu zituen 1963an: Las Cortes de Navarra durante la Edad Moderna. Hasieran mundu akademikoan onarpen gutxi izan zuen arren, urteen poderioz ikerlana erreferentzia bihurtu zen Nafarroako historiaren zati hura arakatu nahi zuten guztientzat.

Jubilatu zenean, jadanik izen handiko historialari bihurturik, proiektu erabakigarri bati ekin zion: Comptoseko Ganbera ikertzeari. Nafarroako erreinuko kontu-auzitegia 1836an desagerrarazi zuten, zentralismoaren goraldi betean; 1980an Nafarroako Parlamentuak eraikina goitik behera eraberritu eta erakundea berriz martxan jarri zuen. Interes politiko handia zegoen Nafarroaren izaera foralean sakontzeko eta testuinguru horretan proposatu zioten Huici Goñiri Comptos Ganberako funtsak ikertzea, XIV. eta XV. mendeez Europan dagoen artxiborik aberatsenetakoa. Hilabete batzuetako lana izan behar zuena, 20 urteko eta lau liburukitako obra mardula bilakatu zen. Baina tarte horretan, 1512ko konkistaren inguruan zituen ideiak zeharo aldatu zituen. Zer gertatu zen? Zer aurkitu zuen dokumentu zahar haietan?: “Argitasun gehiagoz ikusi ahal izan dut 100 urtez okupazio-gudaroste baten pean egon ginela, eta horrek lehen ulertzen ez nituen gauza asko azaldu dizkit”.

Huici Goñik ez zuen erreparorik izan iraganeko hanka sartzeak korrejitzeko –“orain, askoz dokumentazio gehiago ikusi dudala, Gorteen liburuan esandako gauza batzuk aldatuko nituzke”–. Konkistaren inguruko konklusioekin En torno idatzi zuen ausarki, jakinik bere inguruko politikari eta historialarien kritika jasoko zuela. Nafarroako Gobernuak ez zuen liburua publikatu nahi izan, hortik atera kontuak.

Comptos Ganberaz egindako lan erraldoia eskertzeko, erakunde horren domina jaso zuen 1995ean, eta Karlos III.aren Gurutzea ere eman zion 2001ean Nafarroako Gobernuak, besteak beste Nafarroako ereserkiaz egindako lana aintzat hartuz. Fitsik ere ez En torno liburuaz. María Puy Huici Goñi 2008ko apirilaren 11n hil zen; Diario de Navarrak ohar zabala kaleratu zuen hurrengo egunean, baina ez zioen ezer konkistari buruzko bere ideiez, ezer ez En torno liburuaz, tabua bailitzan.

Beamondarrak konkistaren kontra

Liburuko esaldi bakoitza historiografia foral eta espainiarrak Nafarroako konkistaz sortutako irudikariaren kontrako torpedo bat da: Fernandok denak engainatu zituen eta zalantzak zituen konkistaren zilegitasunaz; gerra ez zen frantsesen kontra egin, Nafarroako Estatuaren kontra baizik; Nafarroa ez zen sekula Frantziarekin anexionatu; esatea Gaztelak Nafarroa eraso zuela Frantziaren aldera lerrokatu zelako, zinismoa da; Bloiseko tratatua Katolikoaren azken aitzakia izan zen konkista hasteko; Nafarroa erreinu txikia zen arren ez zegoen abandonaturik, estrategikoa zen… eta segi.

Bestalde, Huici Goñik Comptoseko Ganberan egindako lanari esker, xehetasunez zuen beamondarrek XV. mendean izandako bilakaeraren berri, eta En torno liburuan tarte handi bat eskaini zion gaiari. Asko idatzi izan da beamondarrek Nafarroako konkistan izan zuten parte hartzeaz. Behin eta berriz gogoratzen da Leringo kondea –beamondarren burua– Iruñean sartu zela Albako Duke gaztelarraren ondoan. Nafarren zati batek konkista onartu eta parte hartu zuela iradokitzen dute testu ofizialek, Fernando Katolikoaren plataforma sendoa izan zela leinu hura. Huici Goñik sekulako garrantzia eman zion hori guztia gezurtatzeari.

Bere ustez Fernando Katolikoak beamondarren eta agramondarren arteko borroka aprobetxatu zuen Nafarroan eskua sartzeko; gerra zibila elikatzeko lagundu zituen beamondarrak: “Hori da egiaz nahi zuena: lehenik erreinua deuseztatu, gero konkistatu ahal izateko”. Eta lortu zuen, bi leinuen arteko ezinikusia handia zelako oso. Beamondarrak 1512ko kanpainan buru-belarri aritu ziren, egia da, baina ondoren gertatutakoa beste upel bateko ardoa izan zen. Huici Goñik dio Leringo kondea eta enparauak konkistarekin harrituta zeudela, areago, iturri klasikoak aipatzen ditu esanez Albako dukea ez zela batere fidatzen beamondarrez, agramondarrak bezainbeste zelatatzen zituela. 1513an Nafarroako Gorteetan beamondarrek Fernando Katolikoari zin egin ziotenean, mehatxupean egin zuten (Crimen de lesa Magestad); Nafarroa Gaztelara eransteko 1515eko akta ofizialean ez dago ordezkari nafarrik, ezta beamondar bat bera ere… “Ez alda arraroa?” galdetzen du bere kolkorako Huici Goñik. “1512an beamondarrak engainaturik sentitzen dira eta gaztelarren kontra egiten dute”, horra liburuko ondorio nagusietako bat.

Okupazioa: “Oraindik ondorioak jasaten ari gara”

Liburuan desmuntatzen duen beste topiko bat da nafarrek ez zutela konkista traumatikotzat jo. Hara zer dion Alfredo Floristan Imizcoz-ek, navarrismoaren ildo ofizialeko egile esanguratsuenetakoak: “Bistakoa da orduko nafarrek ez zutela gaztelarren konkista euren ‘nazioaren’ amaiera tragiko moduan sentitu”. Esaldi horri erantzuten saiatzen da Huici, testuliburutan hainbeste aldiz irakurritako “inkorporazio zoriontsuaren” argudioari, alegia. Beretzako anexioa guztiz traumatikoa izan zen eta beamondarren artean egondako aldaketak erakusten du hori: konkistaren aurretik erreinuko bi leinuetatik batek gorroto zuen Gaztela, konkistaren ondoren, biek. Harrituta zegoen gorroto eta mesfidantza horren ondorioz erreakzio subertsibo handiagorik ez zelako egon: “Zazpiehun urte dituen erreinu bat ez da horrela desagertzen, hotz-hotzean”, dio liburuan.

Okupazioa da gakoa. Nafarroa ehun urtez baino gehiagoz gaztelarren ejertzitoak okupaturik egon zela “deskubritzeak” aldarazi zizkion konkistari buruz ordura arte zituen ideiak historialari nafarrari; kontraesan ugari argitu zituen modu horretan: “Isildu eta disimulatu egin behar zen, amore eman eta onartu, edo bestela hil”. Bere ustez okupazioa 1476an hasi zen, Tuteran agramondarrek eta beamondarrek hitzartutako menian, Gaztelak Nafarroako hainbat hiribildu eta gazteluren gaineko jabetza eskuratu zuenean. Eta 1612an oraindik okupazio-gudaroste batek zapaltzen zuen Nafarroa. Urte horretan Nafarroako Gorteek Madrilgo Gerra Kontseiluari eskatu zioten erregearen tropak ordezka zitzala bertoko aitoren semeek osatutako miliziekin; baina honek ezetz, euskalduntzat jo zitezkeen frantsesak infiltratu zitezkeelako soldaduen artean. “Oraindik ez ziren nafarrez fidatzen”, dio Huici Goñik. 1572an Iruñeko ziudadela egin zenean matxinadaren beldur ziren, “nafarrei usteko” diseinatu baitzuen Antonelli ingeniariak. Berrogei urte geroago ez ziren gauzak gehiegi aldatu.

XVI. mendean Nafarroak halako loraldi ekonomiko eta kultural bat bizi izan zuela azaltzen saiatu izan dira asko eta asko. Huici Goñirentzat horrek ez du logikarik. En torno liburuan esplikatzen du, hain ondo ezagutzen zituen Comptoseko Ganberako zerga-erregistroetan apenas biltzen dela ezer Aro Modernoaren hasieran; herri batzuetan 20 urteko tarteak igarotzen dira kontuak egin gabe. Jadanik ez dago banderizoen gerra zibilik, baina okupazio-gudaroste bat bai, hein handi batean nafarren ekarpenetatik bizi dena: “Gaztelak proiektaturiko inperioa mantentzen Nafarroak hainbeste jarri behar izan zuen, oraindik haren ondorioak jasaten ari dela”.

Huici Goñiren esanetan “Inperioaren boterearen” ondorioz Nafarroako konkista istilu soil bat bailitzan geratu zen herrien bilakabidean: “Gaur abertzaletasunak bueltan datoz; jendeak bere erroak bilatzen ditu. Ez da erraza Robinson izatea bere garaian. Ezin da iraganera itzuli, ezta hura egungo mentalitatez argitu ere, baina ezin da etorkizun seguru eta benetako bat eraiki gaurko egoerara eraman gaituzten gertakizun haiek ezagutu gabe, egiara ahalik eta gehien hurbilduz”.


Nafarroaren Konkista kanaletik interesatuko zaizu...
2017-09-11 | Patxi Larrion
Hor dira geure paperak

Irailaren 10ean Iruñean jokatu zen Joanikot pastoralaren kronika.


2015-08-04 | Garazi Zabaleta
Historia berreskuratzen, Orreagako gudua gogoan

Hainbat ekitaldi antolatu dute abuztuaren 15ean Orreagako guduaren omenez. Iruñea suntsitu ondoren, baskoiek Karlomagnoren tropei egindako erasoa gogoratuko dute ekimenetan.


Nafarroa 1515, bost mende erabaki gabe

Gaztelak Nafarroako erreinua militarki konkistatu ondoren, juridikoki anexionatu zuela 500 urte igaro dira. Urtero egiten den Noaingo martxan oso presente eduki zuten data hori.


Rosa Luxemburg Amaiur postmodernoan: estetika politikoaz gaur

Ludwig Mies van der Rohe arkitekto eta diseinugileak Rosa Luxemburg eta Karl Liebknecht iraultzaile espartakisten omenez adreiluzko oroitarri bat eraiki zuen Berlinen, Fiedrichsfeldeko hilerrian, 1926an.


2014-10-21
Eliza(k) eta Nafarroaren konkista
MULTIMEDIA - solasaldia

Hizkunek antolatutako Roldan Jimenoren hitzaldia Zaldiko Maldiko elkartean, Iruñean 2012ko urriaren 17an.


2014-02-16 | Mikel Asurmendi
"Nafarroako Erresuma gure nahi eta ezinen metafora da"

(Iruñea, 1960) Erresuma eta fedea trilogiari errematea eman dio Gure Jerusalem galdua nobela amaituta. Ez du lan historiko soila idatzi horregatik. Egile nobela ere bada obra itzel hau: “Nire eredua ez da historia nobela klasikoa idaztea, Marguerite Yourcenar edo Alejo Carpentierren eredua da, baina ni ez naiz bata ez bestea. Noski, gustatuko litzaidake pitin bat haien lanei hurbiltzea”, erran digu apal.


2014-02-04
Konkista aitzineko izpirituaren konkista?
MULTIMEDIA - solasaldia

Hizkunek antolatutako Asisko Urmenetaren hitzaldia Zaldiko Maldiko elkartean, Iruñean 2013ko otsailaren 2an.


2013-12-10 | Patxi Larrion
Katalunia 1714-2014

Datorren abenduaren 12an, Bartzelonan, Espanya contra Catalunya: una mirada històrica (1714-2014) sinposioa hasiko da.


Harresiak lurpetik atera eta hizketan hasi dira

Amaiurko gaztelua izan zenaren oinarri osoa identifikatuta dago, eta Erdi Aroan paisaia hark izango zuen itxura irudikatuta, azken zortzi urteetan Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatutako lanari esker. Orain, daukaten informazioarekin historia idatzi beharra dagoela azaldu du Juantxo Agirre Mauleon elkarteko idazkari nagusiak. Arkeologoa bera, Amaiurren egiten ari diren lanen zuzendaritza taldean dabil hasieratik.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude