"Gurea zen Kristoren hizkuntza"

  • Herri zanpatua bezain ezezaguna da mandeoena. Mesopotamian hogei mendez bizi arren, gure mendea izango da ziurrenik euren azkena. Buruzagi mandeoarekin hitz egin du Argiak. Honako hau desagertzear dagoen kulturaren azken testigantzetako bat izan liteke.

Mazin Naif Rahim buruzagi mandeoa, eskuetan liburu sakratua 
eta atzean Drabsa izeneko gurutzea dituela. Haien gurutzeak olibondo adarra eta San Joan Bataiatzailearen oihala dauzka.
Mazin Naif Rahim buruzagi mandeoa, eskuetan liburu sakratua eta atzean Drabsa izeneko gurutzea dituela. Haien gurutzeak olibondo adarra eta San Joan Bataiatzailearen oihala dauzka.

Zaila, oso zaila da antzinako herri honetako kideak aurkitzea egungo Iraken. 2003ko okupazioaz geroztik, hamar mandeotik bederatzik ihes egin du herrialdetik; muturrekoek hil ez dituztenek, jakina. Herri horren berri izan dugu desagertzear dagoenean; nekez gerta dakiguke gauza etsigarriagorik.

“Euskal Herria? Ez neukan herri horren berririk”, diosku Mazin Naif Rahim buruzagi mandeoak. Ezta guk ere haienik. Jakingurak jota bertaratu gara Irak hegoaldeko Basorako egoitzara.

Zuen liburu sakratua al da esku artean duzun hori?

Bai. Jainkoaren Altxorra deitzen diogu edo Adamen Testigantza. Bi aldeetatik zabal daiteke: bata Jainkoari dedikatua dago, eta gizonari bestea.

Zein hizkuntzatan dago idatzita?

Arameo-mandeoz, hau da, arameoaren gure dialektoan. Alfabetoa ere gurea da, guk baino ez dugu erabiltzen. Tamalez, liturgian baino ez da gorde hizkuntza gurean. Apaiza naizenez, liburua irakurri eta ulertu dezaket, baina ez ordea, gure komunitateko beste kideek. XX mende erdiko “arabiartze” kanpaina bortitzak daude hizkuntz hondamendiaren atzean. Gure gurasoak azkeneko mandeo hiztunak izan ziren.

Arabieraz mintzo zarete, beraz?

Bai. Dena den, liburuaren arabierazko ale bat argitaratu genuen. Gure bizilagun musulmanen artean zera zabaldu zen, apostasia bultzatzen genuela. Liburua irakurri duena berehala jabetuko da guk ere jainko bakarrarengan sinesten dugula, otoi egiten diogula eta zakat-a ohikoa dela gurean.

Zakat-a?

Limosna, karitatea; txiroari laguntzea.

Iraken baino ez al zaudete?

Ez, Iran hegoaldeko Khuzestan eskualdean badira mandeoak. Liturgian ez ezik, eguneroko bizitzan ere mantendu dituzte sustraiak.

Arameoa aipatu duzu. Ez al zen Kristoren hizkuntza?

Gurea zen Kristoren hizkuntza, baita San Joan Bataiatzailearena ere. Hamaika aldiz entzun behar izaten dugu kristauak garela, baina hori ez da egia. Adam dugu lehen profeta eta azkena San Joan Bataiatzailea. Egia da Joanek Kristo bataiatu zuela, baina hark bere bidea hartu zuen gero. Funtsean, benetako erlijiotik desbideratu zen.

Ez al da atzean duzun gurutzea zuen ikur nagusia?

Gure gurutzeak olibondo adarra eta Bataiatzailearen oihala ditu zintzilik beti. Drabsa izena du. Esan bezala, Kristo aldendu zen gugandik, eta ez alderantziz.

Traidoretzat omen duzue Jesus, ez da hala?

Oso hitz gogorra da hori, ez genituzke gure bizilagun kristauak iraindu nahi.

Arameoa hilda zegoelakoan nengoen.

Gauza jakina da hizkuntza oro aldatu egiten dela denboraren poderioz. Joanek hitz egiten zuena ez da, zehatz-mehatz, gaur egun hitz egiten dena. Edonola, adibide oso adierazgarria jarriko dizut. Ikusita daukazu The passion of Christ (Kristoren pasioa) filma?

Mel Gibsonek egindakoa?

Bai. Latinez eta arameoz egin zuen. Bada, guk eta gure kristau bizilagunek ia dena ulertzen genuen, arameoz zeuden elkarrizketak, jakina.

Zertan bereizten zarete, beraz, kristauengandik?

Bataioa sakramentu bilakatu zuten kristauek, baina guk erritu guztietan mantendu dugu egundaino. Horrela ospatzen ditugu jaiotzak, ezkontzak, hiletak… eta eguneroko otoi arruntak. Ibaian sartzeak garbitu egiten ditu bai gorputza baita espiritua ere. Tigris eta Eufratesen ibaiertzetan ospatu dugu gure erritua 2.000 urtez. Tamalez, segurtasun eza eta kutsadura direla-eta, Basoran etxean gordeta egin behar ditugu gure zeremoniak. Putzu txikietan sartzen gara.

Bestelako alderik?

Ez dugu uste Jainkoak Adam eta Eba paradisutik bota zituenik, sagarraren kontua eta hori guztia. Bestalde, Jainkoak ez, aingeruek osatu zuten lehen gizakia. Jainkoak nola egin besterik ez zien erakutsi. Bi mundutan ere sinesten dugu: gurea eta “ilargiena”. Bost egunetan osatu zen azkena. Funtsean, Bataiatzailea da gure figura nagusia, bataioa erritu nagusia dugula.

Musulmanek eta kristauek ahalegin handia egin ohi dute euren sinesmena munduan zabaltzeko. Proselitismoa egiten duzue zuek ere?

Horretan ere desberdinak gara: mandeo jaio beharra dago, ez dago fede-aldaketarik gurean.

“Uretako” herria ito beharrean

Mandeoak talde etniko eta erlijiosoa dira eta hogei mende daramatzate Irak eta Irango hegoaldeko lurretan. Lehen Mundu Gerraren ostean, besteak beste, Basora eta Bagdad hirietara jo zuten haietako askok. Gaur egun zenbat diren nekez jakin daiteke, munduan zehar sakabanatu baitira. Hainbat ikerketak 60.000 inguru direla diote; 5.000 inguru baino ez daude Iraken.

Saddam Husseinen garaian ere gorriak ikusi zituzten mandeoek, Irakeko buruzagi ohiak musulman sunia ez zen oro susmagarritzat jotzen baitzuen.

2003az geroztik, apostasia “delituak” leporatuta, muturreko islamiarrek, suniek eta xiiek, mandeoak hil edo fedez aldarazi dituzte. Aldi berean, mandeoak bitxigile trebeak izan ohi dira eta delinkuentzia arruntaren atzaparretan erraz erortzen dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Asia
2024-04-28 | Axier Lopez
Droneen aita sionista

1950eko hamarkadan, AEBetako armada droneak erabiltzen hasi zen gatazka guneetan zaintza eta errekonozimendu misioetarako. 1994ko uztailaren 3an izan zen Predator dronearen lehen hegaldia, armatuta egon gabe. 1995eko uztailean, Predatorrek Balkanen gainetik egin zuen hegan... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Turkiaren droneak, Kurdistanetik Tigray, Sahara eta Ukrainaraino

Droneen ekoizpena gorantza doan industria da, eta Turkia gerrarako droneen fabrikatzaile eta esportatzaile handienetakoa bihurtu da. Haien produktu izarra Bayraktar TB2 da. Modu autonomoan aireratu, lurreratu eta nabigatu dezakeen drone bat, baina giza operadore baten mende... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Zazana, zerutik dena dakusan begi itsua

Hainbestekoa da Gazan droneek eguneroko bizitzan eta iruditegi kolektiboan daukaten eragina ezen hitz propio bat asmatu dutela droneentzat: Zazana. Hitz onomatopeikoa da, gazako dialektoan.

The Drone Eats With Me: A Gaza Diary  liburuan (Droneak nirekin jaten du: Gazako... [+]


2024-04-24 | ARGIA
Hobi komunak aurkitu dituzte suntsituriko Gazako bi ospitaleetan

34.000 palestinar baino gehiago hil ditu Israelek urriaren 7az geroztik Palestinan, eta beste milaka dira desagerturik edota larri kolpaturik. Jarraipena egiten ari gara.


Eguneraketa berriak daude