Duela hilabete batzuk Langune, Hizkuntzen Industriaren alorreko Euskal Herriko Enpresen Elkartearen egoeraz iritzia eman nuen (ikus Argia, 2281. zbkia.). Orduan nioen: “Egia da Langune egituratze fasean dela, baina kezka sortzen didaten hainbat gauza ikusten dizkiot. (...) Adibidez, administrazioen aurrean dugun ‘kategoria industrialak’ minimoetan segitzen duela”.
Orduz geroztik, arestian aipatu bezala, aldaketak nabari izan ditugu Languneko kideok eta gero eta barneratuagoa dugu elkartea tresna erabilgarria dela hizkuntzaren alorrean aritzen garen enpresontzat, krisi garaian sortutako elkarteak sortzeak dituen zailtasunak menderatzeko bidean jarrita. Jaiotzako une latzak igaro ondoren haztea baino ez zaigu geratzen, eta lerro hauek baliatuko ditut Langune une honetan lortzen ari den zerbait nabarmentzeko: hizkuntza-enpresak enpresa industrialen kategoriara igarotzea geure administrari publikoen buruetan, haietako askorentzat hizkuntzen edota edukien alorrean ari garenok bigarren mailako industria baikara oraindik.