argia.eus
INPRIMATU
Joxe Rojas
"Gero eta zailagoa dugu deskonektatzea"
  • Barakaldokoa naiz eta daukat HTC Hero Android bat.

Aritz Galarraga 2012ko martxoaren 06a
Joxe Rojas
Joxe RojasIñigo Azkona

Aizu...

Meeek! Aspalditxo saldu nuen eBayn Samsung Galaxy S bat erosteko, hori ere Androidekin. Hurrengorako hobeto dokumentatu, e?

Tira, berdin dio; seguru elkarrizketa hau ateratzerako beste maxina bat izango duzula.

Bizio garestia da eta aurrekontuak ez du ematen... Eta hain azkar ateratzen dituzte maxina berriak non sarritan pista galtzen dudan. Komeni da arnasa apur bat hartzea batetik bestera.

Izan ere, oinarri-oinarrizko beharrizanak asetzeko baitira teknologia berriak.

Zaila da oreka non den jakitea. Telefono aurreratu batek uneoro konektatuta egoteko aukera ematea handia da gauza batzuetarako; baina morrontzak ere badakartza.

Bota, bota...

Gero eta zailagoa dugu guztiz deskonektatzea, bereiztea noiz zauden lanean eta noiz ez; gero eta menpekotasun handiagoa dugu telefonia hornitzaileekiko...

Guk erosi baino, saltzen ez ote dizkiguten...

Zalantzarik gabe! Horrelako gailuek oso marketin makinaria indartsua dute, eta kontuz ibili ezean sinetsarazi dizute ez zarela inor halako edo halako trastea erosten ez baduzu.

Erostea da gauza bat; beste bat erabiltzea.

Bai. Marketin makinariok modak sortu dituzte. Sarritan amorratzen naiz ikustean zenbat jendek erosi duen sekulako trastea –eta sekulako datu-tarifa–, funtzioen erdiak sekula ulertuko ez baditu ere.

Baina teknologia berriak oso ondo daude, ondo dauden bitartean, noski.

Gutako zenbat sentitu da guztiz ezdeusa argindarrik gabe geratzean? Eta alderantziz, zenbatek pasatu dugu sekulako tartea ez dakit zer okurrentzia Twitter bidez jarraitzen?

Ados: izateko, sare sozial birtualetan behar dugula egon.

Ez da derrigorra. Duela oso gutxira arte primeran bizi izan gara horiek gabe. Baina sare birtual horietan oso aukera politak sortzen dira.

Internauta euskaldunik sexyena hautatzekoa, esaterako.

Adibide tonto, baina argia: batek harrikada izan, beste bati gustatu, hirugarrenak erronka bota eta, konturatzerako, 50 lagun gala moduko batean. Eta adibide praktikoagoak ere badira: greba orokorren jarraipena, adibidez.

Hara zer dakarren teknopatiak; batzuk gutxiagogatik daude eroetxean.

Bakoitza bere frikiak bizi du. Inguruan baditut zortzi orduko lanaldia Gozategiren disko berbera entzuten pasa dezaketenak edota euskal hiztun tipologiez mintzo emozionatzen direnak. Zoroetxe erraldoi batean bizi gara!