I
Eskubideak berdinak izan
behar badute jaiotzez,
elkar lagundu behar badugu
borondatetsu, bihotzez.
Parean bizi behar badugu
nagusitzeko asmoz ez;
gauzak banatu behar badira
nire, zure, haren sosez.
Zergatik hiltzen dira urtero
hamar milioi ume gosez?
|
IV
Hitzak badira jakinduria
gabe gutxi ginateke.
Beraz hitz asko jakinez gero
osatuago geundeke.
Hitzak badira kultura bizi
lurralde baten aterpe;
kultura bada aberastasun
urre-gorri, urre-bete.
Hizkuntza bat hil nahi izatea
nola ulertu daiteke?
|
II
Zu ez bazaitut, ezin ninteke
zorionera iritsi.
Ni ez banauzu, ezin dituzu
gauean begiak itxi.
Nik izugarri maite zaitut zu
zu lora, zu harribitxi;
zuk izugarri maite nauzu ni
ni gehien, ni lehenbizi.
Eta orduan zergatik ezin
gara elkarrekin bizi?
|
V
Ikasi duzu nola moldatu
ordenagailu parean.
Zer den Facebook-a, zer den
iPad-a hacker izaten sarean.
Baina apustu egingo nuke
duzun abilidadean;
zaudela ardi batek zenbat hortz
dituen jakin gabean.
Eta bai, noski! Ahoan dauzka!
Baina goian ala behean?
|
III
Langabezia gora badoa
honi zizta, hari zizta.
Soldatak behera baldin badoaz
lehen gutxi, orain pixka.
Uzten badira osasungintza
kultura, hezkuntza erdizka;
dagoen zorrak beldurra ere
ematen badu aldizka.
Zergatik ez da zalantzan jartzen
sistema kapitalista?
|
VI
Inozentzian bizi direnak
nahiz kontentu diruditen.
Bat herdoiltzen da lepo gainari
ez badio eragiten.
Asko dakiten horiek ere
nola dena ez dakiten;
kezkarik izan ezean nola
zaila den gauzak jakiten.
Erantzunik ez aurkitu arren
segi galderak egiten.
|