Euskal Harriak

Lotsa guztiak galdurik, oraingoan liburu bat gomendatu nahi dizuet: Euskal Harriak, Joseba Azkarraga Etxagibel-ena (Alberdania, 2011). Ez da liburu asko argitaratzen euskaraz honek duen gaiaz, baina hori, beste merezimendurik gabe, ez litzateke aski arrazoi gomendatzeko. Liburu honek, ordea, zer pentsa asko ematen du; hortaz, buru-nekerik nahi ez duenak ez dezala irakurri, eta segi dezala telebista ikusten (izango ditu ...circenses, eta zenbat eta urriago panem, orduan eta ugariago!). Are gehiago, liburu honek kezka eta egonezina sortzen dizkizu; beraz, egungo egoeran bestela ere nahikoa buruhauste baduela eta “bertan goxo” jarraitu nahi duenak ez dezala irakurri. Izan ere, liburuak esaten digu (era askotara eta modu aberatsean esan ere) krisi ekonomikoaz gain, energia, klima, ekosistemak, gizartea, elikagaiak, kultura, hizkuntzak eta alderdi psikiko-espirituala, dena dugula krisian eta arnasestuka, zibilizazio-krisia delako gurea.

HUHEZIko irakaslearen arabera (eta ez da lehenengoa eta bakarra hau esaten), honela ezin dugu jarraitu; hazkunde mugagabearen paradigma bukatzen ari da, eta hazkunde-osteko garaian sartuta gaude, zibilizazio moderno-industrialaren beheraldian, alegia.

Soziologoaren kezka da nolakoa izango ote den beheraldi hori: ordenatua, emankorra eta oparoa, ala desordenatua, kaotikoa eta hondagarria. Iritzia ematen hasita, iruditzen zait bietatik izan dezakeela etorkizunak, eta dagoeneko gertatzen ari den zerbait areagotuko dela: eskaria gehitu eta lehengaiak gutxitu ahala prezioek gora egingo dute, eta horrek bizimodu iraunkorrak bilatzea ekarriko du, orain baino serioago; bestetik, ordea, kontsumoa gutxitzea ekarriko du ezinbestean, eta hori, ohi bezala, zuzentasun gutxirekin eta ahulenak larrutik nozituz egingo da. Kalkulatzen dute azken urtean Britainia Handian 25.000 lagun hil direla berokuntza eskasagatik, eta hori erregaien prezioak asko igo direlako urteotan eta gobernuak kendu egin dielako pentsiodunei berotzeko ematen zien diru-laguntza (BBC, otsailak 8).

Liburua irakurri ondoren, baliteke abadinoarra profeta apokaliptiko samarra dela pentsatzea norbaitek. Ez dakit, baina profetak, bere neurrian, ez al dira oso beharrezkoak gizartearen osasunerako? Liburu honek oheburuko lagun (ez bakarra!) izan beharko luke bere bizitzan gero eta koherentzia handiagoaren bila dabilenarentzat, eta zer esanik ez res publican eragin nahi duenarentzat: sindikalista, politikari, gizarte-eragile eta abarrentzat. Eta bakoitzak irakurri ondoren, besteekin iritzi-trukerako materiala izan beharko luke. Makina bat eztabaida zozoago entzuten da bazterretan!

Susmoa dut, oraingoz, gu gehienok (eta pedagogia gehien egin beharko luketen herri-agintariak barne) etorkizuna atzera begira eraiki nahian ote gabiltzan, egungo beheraldi zorigaiztoko hau lehenbailehen gainditu eta galdutako oparoaldia bere hartan berreskuratzeko itxaropenez, alegia. Horren adibide, Petronorrek, gasolinaren eskaria jaitsi dela-eta, ekoizpen-murrizketak iragartzean batzuek egindako adierazpenak; edo zabor-bilketaren inguruan egunotan ikusitako jarrera batzuk; edo kontsumoa (auto-salmenta eta abar) jaistean entzun diren intziri eta aieneak...

Ez dakit nola aterako garen bizi dugun kinka honetatik, baina baliteke iraganean tematzea alferrikakoa eta azkenean etsigarria izatea. Dorre tzarrek lilura elektrikoa sortzen diguten garaiotan (c’est drôle!), ez ote genuke hobe herri txikiaren konplexuek-edo eragindako handikeriak ahaztu eta beste apaltasun batez bizitzeko asmoa hartzea?


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude