Europako Banku Zentrala (EBZ) bankuen laguntzan atera da beste behin ere eta bilioi erdi euro eman dizkie joan den astean. Espainiako bankuek 150.000 milioi euro eskatu dituzte. Abenduan beste bilioi erdi ziztatu zuen EBZk, prezio barregarrian –%1eko interesarekin– eta hiru urtean ordaintzeko. Beraz, bi hilabetetan EBZk bilioi bat euro ziztatu die bankuei. Estatuek, banku zentralek eta EBZk egindako likideziarako ziztada guztiak gehituz gero, kopuru hori hainbat bilioi eurokoa litzateke. Ekonomia errealak, aldiz, ez du hortik onurarik ateratzen, krediturik ez dabilelako, ez enpresentzat, ezta familientzat ere. Zer ari da gertatzen? EBZk bankuei milaka milioi euro ziztatzen badizkie hauek kreditua azkartu dezaten, baina hau ez bada enpresa eta familietara iristen, esan nahi du norbait ari dela likidezia horrekin loditzen. Zalantzarik gabe, bankuak ari dira loditzen, diru publikoarekin negozioa egiten ari dira euren balantzeak garbituz. EBZk loditzen ditu, eta badaki.
Jakina eta nabarmena da bankuak, batez ere etxegintzan azken urteetan egindako apustuarengatik “zulo” ugari dituzten Espainiako bankuak, diru publiko hori aprobetxatzen ari direla euren burua finantzatzeko. Hala, EBZren %1eko maileguak erabiltzen ditu zor espainiarra, italiarra eta greziarra %5 eta %9 arteko interesarekin erosteko. Bankuek Balore-Burtsan espekulatzen dute EBZk ekonomia azkartzeko uzten dien diruarekin. Azkenean Estatua da –zergadunak alegia– bankuen “zuloak” estaltzen dituena. Logikoa da, beraz, krediturik ez ibiltzea enpresa eta familietan. Logikoa da, beraz, murrizketa sozial gehiago inposatzen joatea. Kapitalismoaren logika da bankuak loditzen dituena eta milioika pertsona gosera eta langabeziara jaurtitzen dituena.