argia.eus
INPRIMATU
Maite Aristegi
"Errazagoa da parlamentaria izatea nekazaria izatea baino"
  • “Agur Ben-Hur eta gora Amaiur!“

Sustrai Colina 2012ko otsailaren 28a

Beti frentean eta beti gerrarako prest!

Ez badut ahal dudana ematen gaizki sentitzen naiz, eta azkenerako, gehiago da jasotakoa emandakoa baino. Denok jarri behar genuke gure aletxoa. Ur tanta askok osatzen dute itsasoa.

Kazetarientzat Itsaso Beltza izango zara zu. “Baserritar bat Madrilgo legebiltzarrean!” diote aztoratuta.

Noiz arte izango du “baserritar” hitzak kutsu zakar, klasiko, ez-jakin eta atzerakoia? Noiz emango diogu nekazaritzari dagokion onarpena? Errazagoa da parlamentaria izatea nekazaria izatea baino.

Legebiltzarrak errealitatetik legoetara daudelako, agian?

Herritar xeheok ere izan gaitezke parlamentari, ez abokatuak eta ekonomialariak bakarrik. Politika euren esku utziz gero, Legebiltzarra elefante baten moldakortasuna duen kristalezko etxea izango da berriz.

Niri ez dit piperrik ardura Madrilgo Legebiltzarra kristalezkoa, lastozkoa edo elurrezkoa den!

Lapurtu ziguten altxorra berreskuratzera goaz, hemen egiten den lanari han bultzada emanez. Horrek ez du esan nahi Madrilen atzerrian sentitzen ez naizenik.

Eskerrak Madrilen euskalduna izatea eta gehiengo oso baten oposizioan egotea antzekoak diren.

Diskurtsorik onena ere estoldatik behera doan ura da. Okerrena da gure antipodetan daudenek ere guk erabiliko genituzkeen hitz eta kontzeptuak erabiltzen dituztela hain zuzen kontrakoa esateko. Hizkuntza ustelduta dago eta botereak hitzak lapurtu egiten dizkigu.

Lasai Maite, aro berriak salbatuko gaitu!

Elkarlanean eta indarrak batuta iritsiko gara tunelaren osteko argira. Ur geldia usteldu egiten da, eta guk ere errekastoaren mugimenduan egin behar dugu aurrera, gelditu gabe, paretak bota eta zubiak eraikiz.

Erne ibili, ze erregeari ez zaio ura gustatzen, eta botoa eman dizueten askori zuek erregearekin ikustea ere ez.

Zubiak bi alde lotzen ditu, eta gu bietara begira gaude, biak lotzen jarraitu nahi dugu. Kanpainan agindutakoak betetzen ahaleginduko gara, baina ez dugu agintzen beti asmatuko dugunik. Ezinezkoa da. Badakizu, ezer ez egitea da hankarik ez sartzeko aukera bakarra.

Politikariak nola baloratuta zaudeten ikusita...

Denak gaude politika hauen kontra, politikariekin haserre, baina gero beti berdintsuek irabazten dute. Non gelditzen da kritika? Non daude botoa ematen dutenak?