Sarkozy kanpainan sartu da. Inkestetan zenbaki oso kaxkarrak ateratzen zituen joan diren asteetan, kazetari askok ia-ia galtzailetzat joz. Hollande nahiko goiz sartu zen kanpainan, goizegi ere beharbada, eta prentsa Hollanden aukerak handiagoak zirela errepikatzen aritu da etengabe. Prentsak baina, Sarkozy maite du, prentsa gehiena eskuetan du, kontrolpean, oso sare eraginkorrak eraiki ditu.
Aldi honetan ere kanpainako bozeramailea emaztea da, Nathalie Kosciusko-Morizet, ekologiako ministroa. Aitzineko kanpainan irekiduraren alde jokatu zuen, Rachida Dati-ri bozeramaile postua emanez, hura etorkin alaba baitzen. Aldi honetan, jarrera klasikoagoa hautatu du Front National-ari heldulekurik ez uzteko. Eskuin muturreko hautesleen bila joanen baita Sarkozy. Eskuin muturra beharrezkoa du lehen itzulian aitzinean egoteko, gogor joko du Marine Le Penen aurka haren hautesleak erakartzeko. Prentsak, badirudi, kanpaina honetan Front Nationalarekiko jarrera kritikoagoa izanen duela. Le Penek hedatu nahi lituzkeen adierazpenak kontrolatzen ditu eta medioetan zuzenketak egiten dizkiote, alegia, gezurrak direnak, gezurrak direla plazaratzen dituzte. Prentsak Le Pen bigarren itzulian egoteko aukera ez duela lagunduko erran daiteke.
Sarkozyren lehen mitina, Marseillan, erraldoia izan da, 15.000 ikusle, mediatikoki ongi eramana, beraz, lehen bultzada bikain atera zaio. Orain ikusiko dugu ea herritarrek orain arte egindakoa ahazten duten, bereziki erretretekin egindakoa. Hollanden programak ez du interes handirik, ezta kemenik ere. Kanpaina oraintxe hasia da, baina ematen du irabazlea ezaguna dela.
Horra sei astez aktualitatea, lehentasuna izanen dena frantses munduan, hori baita frantses egutegia, Paristik manatzen dena. Paris baita zentroa, zilborra. Martinika, Mayotte, Kaledonia Berria edo Euskal Herrian beste egutegirik badagoen ez zaie interesatzen, denek Parisko egutegi horri jarraitu behar diogu. Sarkozyk azken mitinetan zioen berari esker Frantziak, krisi denboran, katastrofea saihestu zuela, hain politikari ona baita! Ez da ohartzen botere horren egozentrismo bera katastrofea dela, gutxiengo bati kasu egiten diola soilik, gaur egun aurrera joateko aniztasuna, tokiko errealitatea kontuan hartu behar dela? Frantses politikak esperantza gutxi piztuko du kanpainan. Aldiz, segur izan gaitezen, espektakulu asko izanen da!
Hemen bake prozesua dugu, erantzuna atxiloketak izan dira. Intza Oxandabaratz preso izanik erditu beharko da haurraz? Hau da gure egutegia.